Joan eduki nagusira

zoom Ikasle batzuk NUPen

Ikasle batzuk NUPen

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) gradu berri batzuk eskainiko ditu 2018-2019 ikasturtetik aurrera. Batetik, hiru gradu bikoitz hauek: Datuen Zientziako eta Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitza (10 ikaspostu), Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Biomedikoko Gradu Bikoitza (15 ikaspostu) eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako eta Haur Hezkuntzako Irakasletzako Gradu Bikoitza (30 ikaspostu). Bestetik, hiru gradu hauek: Historiako eta Ondareko Gradua (50 ikaspostu), Psikologiako Gradua (60 ikaspostu) eta Medikuntzako Gradua. Azken hori Unibertsitateen Kontseiluak onespena emateko zain dago. NUPeko Gobernu Kontseiluak gradu berrietako ikaspostu kopuruak onetsi zituen azken bileran.

Hurrengo ikasturteko beste nobedade bat Zibersegurtasuneko eta Hacking Etikoko Espezializazio Diploma da. Telekomunikazio Ingeniaritzako Unibertsitate Masterreko eta Ingeniaritza Informatikoko Unibertsitate Masterreko ikasleei zuzendua dago, bai eta unibertsitatetik kanpoko profesionalei ere.

Gradu berriez gainera, aurreko ikasturtekoak ere eskainiko dira. Guztira, beraz, 25 gradu eta 6 gradu bikoitz ikasten ahalko dira 2018-2019 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan. NUPen webgunean dago eskaintza akademikoari buruzko informazio guztia.

Hizkuntzak, nazioarteko programak eta titulu berekiak

Orain arte bezala, nazioartekotzearen eta atzerriko hizkuntzak irakastearen aldeko apustua eginen du NUPek hurrengo ikasturtean ere. Zehatz-mehatz, nazioarteko bederatzi programa eskaintzen ditu, baita atzerriko hizkuntzetako tituluekin ikasketak osatzeko aukera ere: ingelesekoa (English Learning Programme), frantsesekoa (Programme d'Apprentissage du Français) eta alemanekoa (Program Für DaF).

Bestalde, gradu gehiagotan ezarriko da titulu berekiak ikasteko aukera. Hau da, Sexu Hezkuntzako Espezializazio Diploma ikasteko modua izanen dute Erizaintzako, Gizarte Laneko, Haur Hezkuntzako Irakasletzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako ikasleek eta Lehen eta Haur Hezkuntzako Irakasletzako Gradu Bikoitz berrikoek.

Gauzen Interneteko (IoT) eta 4.0 Industriako Espezializazio Diploma, berriz, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko ia gradu guztietako ikasleek egiten ahalko dute (TIIGMET). Hirugarrenik, Marketina Industriaren Ikuspegitik Espezializazio Diploma ikasten ahalko dute Industria Teknologietako Ingeniaritzako, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako eta Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako graduetako ikasleek. Azkenik, Bideo-jokoen eta Errealitate Birtualeko Aplikazioen Garapeneko Espezializazio Diploma, Informatikako Graduko ikasleek.