“Escape room” bat egingo dute aste honetan Nafarroako Unibertsitate Publikoko Arrosadiko campuseko ikasgelategiko 09 ikasgelan (astelehenetik ostiralera, otsailaren 18tik 22ra). “Escape room” edo ihes gela hori hondakinei buruzko abentura-jolas bat da, eta Unibertsitateko komunitateko kideei kontzientzia harrarazi nahi die hondakinak birziklatu beharrari buruz. Ikasleek, irakasleek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek dute parte hartzeko aukera. Hartara, konturatuko dira hondakin gutxiago sortuz gero eta behar bezala bereiziz gero ate asko zabalduko dituztela, eta, ingurumenaren aldeko konpromiso sozial bat izateaz gainera, legezko betebehar bat dela.
Aste honetan egingo da ihes jolasa ikasgelategiko gela itxi batean (09 ikasgelan), eta talde bakoitzak denbora tarte bat izango du enigma argitu eta gelatik ihes egiteko (30 minutu gehienez). Jolasaren helburuarekin bat etorriz, erabilitako materialez eginak daude erronka, lekua eta materiala. Bost laguneko taldeak osatzen dira ihes jolasean aritzeko, eta 11:00etatik 17:00etara har dezakete parte. “Bereizi eta birziklatu, aterak irekiko dizkizu-eta” izeneko kanpainaren parte da ihes jolasa, eta azpimarratzen du oso garrantzitsua dela hondakinak arlo guztietan bereiztea. 50eko hamarkada bukaerako suspenseko filmetan inspiratutako estetika du kanpainak.
Hondakinak hobeki kudeatzeko NUPen ekimenaren adibide bat da. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoarekin elkarlanean ari da NUP, GAN-NIK Nafarroako Ingurumen Kudeaketako enpresa publikoaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen bidez. Horiez gainera, hondakinak kudeatzeko sistema integratu hauek ere laguntzen dute kanpainan: Ecoembes, Ecovidrio, Ambilamp, Ecoasimelec, Ecofimática, Ecolec, Ecolum, Ecotic eta Europako Birziklatze Plataforma (ERP) eta Emauseko Trapuketariak.
Hondakinak ongi bereizi behar ditugu NUPen birziklatzeko
NUPek dagoeneko jarri ditu eraikinen kanpoaldean ontziak eta hondar organikoak botatzeko zakarrontziak. Arrosadiko campuseko eraikin gehienen barnealdean ere gaikako zakarrontziak daude: hondakin organikoak, ontziak, papera eta kartoia, eta errefusa bereiz biltzeko. Kafetegian eta jantokietan ere banandu egiten dituzte materia organikoa eta beira.
Beste zenbait edukiontzi ere badaude Unibertsitatean, batzuk pilak eta tonerrak biltzeko, beste batzuk, berriz, fluoreszenteak eta gailu elektrikoak eta elektronikoak jasotzeko.
Azaroan, prestakuntza-ikastaro bat eman zitzaien kafetegiko, jantokietako eta garbiketa-zerbitzuetako arduradunei, gero zerbitzu horietako langileei edukiaren berri eman diezaieten.
Hondakinak gaika biltzeko ekimenean, eraikin guztietan jarriko ditu NUPek birziklatzeko zakarrontziak.
Kanpoko zakarrontziei dagokienez, Iruñeko eta Tuterako campusetako eraikin guztien kanpoaldean jarriko dira, eta hondakin mota gehiago bereizteko aukera emango dute: hiru hondakin mota orain arteko bien ordez, hau da, ontziak, hondar organikoak eta errefusa.
Sortzen diren hondakinak zakarrontzi egokietara botatzeko, informazio kartelak jarriko dira eraikinen barnealdean hondakin bakoitza non utzi adierazteko, eta zenbait programa antolatuko dira jendeak informazio eta kontzientzia handiagoa har dezan gai honi buruz.
Hondakin gutxiago sortzea eraikinetan
Jasangarritasunaren aldeko apustuaren beste adibide bat da NUPek iturri baten altuera igoko duela eraikinetako komun guztietan, jendeak ur botilak bete ditzan. Hartara, hondakin gutxiago sortuko dira, eta Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko 17/2018 Foru Legearen 24. artikulua beteko da. Uraren erabileraren inguruko beste neurri bat da Unibertsitateko kafetegi guztietan ur basoak eta pitxerrak daudela dohainik hartzeko.
Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko 17/2018 Foru Legearen helburuak dira, batetik, 2027rako % 12 hondakin gutxiago sortzea eta, bestetik, hondakinak bereiztea gehiago eta hobeki birziklatzeko, batez ere materia organikoa; izan ere, 2022tik aurrera nahitaezkoa izango da materia organikoa beste hondakinetatik aparte biltzea. Bestalde, 2027rako, etxeetako eta saltokietako hondakinen pisuaren % 75 berrerabili eta birziklatu beharko da, birziklatzeko modukoak badira (papera, metalak, beira, plastikoa, biohondakinak eta abar).
Entitate publikoentzat beste neurri batzuk ezarriko ditu lege horrek, besteak beste, edateko uraren iturriak instalatzea edo behin baino gehiagotan erabiltzeko ur ontziak ematea. Izan ere, behin bakarrik erabiltzeko ur botilak erosteko aukera kenduz gero, plastikozko hondakin gutxiago sortuko da, eta hondakinak kudeatzeko planak diseinatuko dira plastikozko botila gutxiago bota daitezen eta gaika bil daitezen.
Jarduera horiek guztiak bat datoz Ekonomia Zirkularraren Nafarroako Agentziaren printzipioekin eta helburuekin, zeinak jendaurrean jarrita baitaude orain. Ekonomia zirkularra jasangarritasunaren aldeko eredu ekonomiko berri bat da, eta helburutzat ditu baliabideak ahal bezainbat aprobetxatzea, ahalik eta hondakin gutxien sortzea, eta ahalik eta denbora luzeenean erabiltzea produktu, osagai eta baliabideak. Ekonomia zirkularrak, ingurumenari mesede egiteaz gainera, aukera asko ematen ditu aurrezteko, garapen ekonomiko eta sozialerako eta, batik bat, enplegua sortzeko.