Zuntz optikozko sentsoreak fabrikatzeko metodoak aztertzen ditu Joaquín Ascorbe Muruzábal industria-ingeniariaren tesiak. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu du eta izenburu hau du: “Design and development of optical structures towards optical fiber sensors fabrication” (Egitura optikoen diseinua eta garapena zuntz optikozko sentsoreak fabrikatzeko). José María Corres Sanz Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasleak zuzendu du ikerketa lana. Kalifikaziorik onena lortu du tesiak: bikain “cum laude”.
Tesiaren egileak azaltzen duenez, zuntz optikoak zenbait abantaila ditu sentsore elektrikoekin alderatuta. Interferentzia elektromagnetikoekiko immunitatea da aipagarrienetako bat, baina badaude beste batzuk. Esaterako, bere tamaina, arintasuna eta biobateragarria izatea. “Alabaina, kanpoko inguruneko aldaketei immune izateko diseinatuta dago zuntz optikoa. Hori dela-eta zenbait prozesu egin behar dira, argiak eta neurtu beharreko aldagaiak elkarri eragiteko. Horretaz gainera, prozesu horiek atenuazio banda bat edo gehiago sortzen ahalegintzea da joera, eta banda horien uhin-luzera kanpoko ingurunearen baldintzen araberakoa izango da”, esan du Ascorbek. “Zuntza parametro zehatz batekiko sentikorra izateko, optikaren ikuspegitik parametro horrekiko sentikorra izango den material baten nanoestaldura bat gehitu behar da, eta kanpoko ingurunearen transduktorea da, eta, horrenbestez, neurtu nahi dugun aldagaiaren balioa adierazten digu”, zehaztu du.
Tesia egitean, material sentikorrak baliatu ditu egitura optikoak sortzeko, sentsore bat definitzen duten parametro nagusietako bi hobetzeko asmoarekin: sentsibilitate eta bereizmena. “Hala, interesa duen aldagaiak materialaren propietate optikoak eta/edo fisikoak aldatzen baditu, uhin-luzera sortzen duen egitura optikoa aldatzen du materialak, eta gailu eratorrien sentsibilitatea handiagotzen du”, azaldu du.
Tesian egindako egiturak
Zenbait egituraren artean, hauek egin dira tesian: interferometroak, erresonantzia elektromagnetikoak, aldi luzeko difrakzio sareak (LPGak) estalduraren ablazio laserraren bidez eta Braggen difrakzio sareak material beraren propietate optikoen aldaketaren bidez. “Lan honetan egindako sentsoreen aplikazio-eremu nagusia ingurune-faktoreen neurketa da. Esaterako: hezetasun erlatiboa edo osasunerako gas kaltegarrien detekzioa, hala nola amoniakoa edo oxido nitrikoa, baina zenbait gaixotasun detektatzeko bidea emango luketen biomarkagailuen detekziorako esperimentuak ere egin dira”, azaldu du egileak.
Azkenik, aipatzekoa da tesia egitean lortutako emaitzetako batzuk eragin-faktore handiko nazioarteko aldizkarietan argitaratu direla. Esaterako: “Optics Express”, “Journal of Ligthwave Technology”, “Sensors and Actuators B: Chemical” edo “Sensors”.
Tesiaren egilearen curriculum laburra
Joaquín Ascorbe Muruzábal NUPeko industria-ingeniaria da (2012), non ikerketa-lana egiten ari baita doktoretza ondoko beka baten bidez.
NUP Sensors taldean egin zuen ikasketen amaierako proiektua, eta zuntz optikoaren gainean eraikitako modulagailu elektro-optikoak fabrikatzeko ikerketa proiektu bat egin zuen. Patente bat sortu zen ikerketaren emaitzei esker. Gero, nanoestaldurak sortzeko makinen eta zuntz optikozko sentsoreen fabrikazioarekin lotutako zenbait ikerketa-proiektutan kontratatuta egon zen.
Horretaz gainera, Fuentes Dutor Fundazioaren Bekarako XVI. Deialdiaren irabazlea da Joaquín Ascorbe proiektu honen bidez: “Diseño y desarrollo de dispositivos ópticos para la mejora de la calidad en la red eléctrica”.