Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera: María Victoria Lumbreras, Iruñeko Dominicas ikastetxeko orientatzailea, María Teresa Sanz de Acedo, NUPeko ikertzailea, eta Olga Sanz, Iruñeko Dominicas ikastetxeko zuzendaria.

Ezkerretik eskuinera: María Victoria Lumbreras, Iruñeko Dominicas ikastetxeko orientatzailea, María Teresa Sanz de Acedo, NUPeko ikertzailea, eta Olga Sanz, Iruñeko Dominicas ikastetxeko zuzendaria.

Goi mailako gaitasunak dituzten ikasleentzat Sormena Pizteko Programa bat prestatzen eta ezartzen aritu dira 2015-2016ko ikasturtetik hona María Teresa Sanz de Acedo Baquedano Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Osasun Zientzien Saileko Psikologia Hezigarriaren eta Hezkuntzaren Psikologiaren arloko irakasle eta ikertzailea eta María Victoria Lumbreras Bea Iruñeko Dominicas ikastetxeko orientatzailea. “la Caixa” Gizarte Obrak, Nafarroa Kutxa Fundazioak eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren Tuterako ordezkaritzak (UHUN) finantzatu dute programa.

Programa abian jarri baino lehen, ezaugarri hauek dituzten ikasleak identifikatu behar dituzte: goi mailako gaitasunak dituzten ikasleak, “talentu konplexu” deritzenak (bi arlotan edo gehiagotan nabarmentzen diren ikasleak), “talentu sinple” deritzenak (arlo batean nabarmendu arren beste batzuetan beste ikasleen azpitik daudenak) eta errendimendu edo sormen handiko ikasleak. Halako ikasleak identifikatzeko, proba psikometriko batzuk egiten dizkiete –inteligentzia, sormena eta nortasuna aztertzeko probak–, eta irakasleek eta ikasgelako beste ikasleek emandako informazioa baliatzen dute proben emaitzak osatzeko. Gero, ikasle horiek Sormena Pizteko Programan sartzen dira, gurasoek baimena ematen badute.

Orain, Lehen Hezkuntzako 74 ikaslek eta Bigarren Hezkuntzako 77k hartzen dute parte programan. Iruñeko Dominicas ikastetxean ari dira, Dibertsitateari Arreta emateko Planaren barruan. Arlo horretan diharduten irakasleei ere ematen zaie formakuntza. “Programaren emaitzek erakusten dute ikasleek sormen narratiboa eta grafikoa garatzen dutela, eta ideiak sortzeko eta ebaluatzeko teknikak ikasten dituztela, hezkuntzako edozein edukiri aplikatzeko modukoak. Gure ustez, Nafarroa osora hedatzeko moduko programa da. Garrantzitsua da hezkuntzako agintariek halako ikasleak detektatzeko ekimenen alde egitea, eta halako ikasleen beharrei sormenean oinarritutako erantzun egokia ematea”, dio María Teresa Sanz de Acedok. “Kontua ez da ikasteko eduki gehiago ematea, haien gaitasun bereziak estimulatzea baizik. Hori, gainera, ona da ikasleen autoestimuarentzat eta garapen pertsonalarentzat”.

Sormenezko irtenbideak talde txikian

Sei hilabete irauten du programak, eta eskola-orduetan lantzen dute, astean ordubetez, talde txiki heterogeneoetan. Saioetan, ikasleek produktu bat egin behar izaten dute sormenaz baliatuz, esaterako, kirol berri baterako baloi argidun bat, edo erronka bati irtenbidea bilatu, adibidez, irakasleak eta ikasleak ikastetxera garaiz ailegatzeko moduak. Programan erabiltzen den metodologia “Sormenezko inguruneetan aktiboki pentsatzea” izenekoa da. Wallance-ren eta Adams-en metodoa da, María Teresa Sanz de Acedok berak egokitua. Zortzi etapa ditu: informazioa biltzea eta ordenatzea, zer lan egin behar den identifikatzea, ideiak sortzea, ideia onenei lehentasuna nola emango zaien erabakitzea, jarduerak egitea, ikasitakoa ebaluatzea, zer lan egin den esatea eta esperientzia horretatik ikastea.

Horretaz gainera, pentsamendu kritikoa garatzen eta erabakiak hartzen ikasten dute parte-hartzaileek elkarlanean ikasteko funtsezko alderdiez baliatuz, eta tableta elektronikoak erabiltzen dituzte euskarri teknologiko gisa.  “Ikasleek oso iritzi ona adierazi dute programaz, haren edukien zenbait alderdiri buruzko galdetegian”. “Gainera, gurasoek esan digute programak lagundu egin diela seme-alaben ezaugarriak behar bezala kudeatzen”, dio María Victoria Lumbrerasek. “Ikastetxeak hasieratik egin zuen ekimenaren alde. Unibertsitateak egindako ikerketaren emaitzak ikasleen garapen kognitiboa, emozionala eta soziala bultzatzeko aplikatzen dira”, nabarmendu du María Teresa Sanz de Acedok.