Joan eduki nagusira

zoom María José Andrade, NUPeko doktore berria.

María José Andrade, NUPeko doktore berria.

Estatuen mugen barnean bizi diren eta kulturalki diferenteak diren kolektibo batzuekin estatuek berek duten harremana ikertu du María José Andrade historialariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian. “Protección internacional de grupos étnicos: derechos de minorías nacionales y de pueblos indígenas. Comparación entre los gitanos en España y los mapuche en Chile” du izenburua tesiak, eta Alejandro Torres Gutiérrez eta Jorge Urdánoz Ganuza NUPeko irakasleek zuzendu dute. Andradek ijitoen eta maputxeen arteko diferentziak eta antzekotasunak aztertu ditu, ikuspegi juridikotik batez ere, baina baita ikuspegi soziologikotik eta historikotik ere. Kalifikaziorik onena lortu du tesiak: bikain “cum laude”.

Historialariaren lanak gizarteen eta nazioarteko zuzenbidearen egiturazko elementuak azaltzen ditu, “alderdi horiek baldintzatu egiten baitute neurri handi batean estatuek beren lurraldeko talde etnikoekin duten erlazioa”. Tesiak faktore horiek aldatu beharra aldarrikatzen du, Espainiako ijitoen eta Txileko maputxeen babesa hobetzeko.

Ikerlanak erakusten du nazioarteko zuzenbideak eskubide gehiago aitortzen dizkiela herri indigenei gutxiengo nazionalei baino, “Horren arrazoi nagusia da aspalditik dutela harremana bizi diren edo ziren lurraldearekin: lurralde horietan lehen-lehenik bizi ziren talde etnikoak dira, eta lotura material eta espiritual estua dute harekin”, dio historialariak. Nolanahi ere, “Praktikan, gutxiengo nazionalen egoera sozioekonomikoa, kulturala eta politikoa dezente hobea da herri indigenena baino”. Andraderen esanean, horrek erakusten du kolektibo horien eskubideak aitortze hutsak ez duela haien babesa ziurtatzen, nazioarteko zuzenbideak zailtasunak baititu bere arauak betearazteko. Tesiaren arabera, gizartearen egiturazko alderdiengatik gertatzen da hori, “izan ere, estatuak dira gizartearen antolamendu juridikoaren erdigune, eta estatuek ez dute inola ere galdu nahi beren subirotasunaren izpirik ere, kosta egiten zaie gaur egungo munduak eskatzen dituen aldaketak egitea, eta oraindik ere borroka egiten dute boterea lortzeko lehiatzen zaizkien indarrekin”.

Talde ahulen babesa, gaur egungo kezka soziala

María José Andraderen ustez, “talde ahulen giza eskubideen babesa asko inporta zaigun gaia da gaur egun”. “Europan, gutxiengo nazionalek eztabaida handia pizten dute oraindik ere; Latinoamerikan, berriz, herri indigenak gero eta indar handiagoa ari dira hartzen agertoki politikoetan eta sozialetan; horren adibide garbia da Txileko maputxeen kasua”. “2018ko azaroaz geroztik, egunkarien azalen eta iritzi publikoaren gai nagusi bilakatu da, Karabineroen indar berezien komando batek komunero maputxe bat hil baitzuen orduan La Araucanían. Herritarren manifestazioen bolada bat ekarri du horrek, eta gobernua neurri drastikoak hartzera behartu”, esan du NUPeko doktore berriak.

Ikerlanak lau atal nagusi ditu: lehenbizikoa, gutxiengo nazionalen eskubideen nazioarteko babesari buruzkoa da, eta kontuan hartzen du gutxiengo nazionalek zer-nolako garapena izan duten historian eta zer ezaugarri eta tresna dituzten; bigarren atalean, Europako ijitoen gutxiengoen kasua aztertzen du, eta, bereziki, ijitoak nolako egoeran dauden Espainian; hirugarrenean, herri indigenen eskubideen nazioarteko babesa da gai nagusia, eta gutxiengo nazionalak ikertzeko kontuan hartutako alderdi berberak lantzen dira; laugarren kapituluan, berriz, herri maputxeak Txilen duen egoera.

Tesiaren egilearen curriculum laburra

María José Andrade Martínezek Historia ikasi zuen Valparaísoko Pontifize Unibertsitate Katolikoan. Gradu amaierako lanean, XIX. mendeko Txile ikertu zuen; zehazki, Txileko estatua eta nazioa sortzen emakumeek izandako rola. Txileko Unibertsitatean egin zuen Nazioarteko Ikerketen Masterreko tesian, sakon aztertu zuen bi kontzeptu horien funtsezko bi printzipioren arteko erlazioa nazioarteko zuzenbidearen testuinguruan: estatuaren lurralde-osotasuna eta herrien autodeterminazioa, Kosovoren kasuari aplikatuta. Gero, Erakundeen Gobernua eta Kultura izeneko masterra egin zuen Nafarroako Unibertsitatean, eta aurreko ildoari segitu zion: nazioaren eta nazionalismoaren kontzeptuetan barrendu zen.

Interes horrek bultzatuta, María José Andradek tesia NUPen egitea erabaki zuen, “Europako estatuek kolektibo jakin batzuei ematen dieten babesaren aplikazio praktikoa aztertzeko; izan ere, kolektibo batzuek aurre egiten diete estatuen XIX. mendeko printzipioei; talde etnikoek, alegia”. “Aurreko lanetan nazionalismoaren gaia landu nuenez, gutxiengo nazionalak ikertu nituen lehenbizi, eta ijitoen komunitatea aukeratu nuen kasu gisa”, adierazi du Andradek. Historialaria txiletarra denez eta interes pertsonala duenez herri indigenen inguruan, bi talde horiek aukeratu zituen konparatzeko –horren inguruko eztabaida pil-pilean dago, gainera, nazioarteko zuzenbidean eta Akademian–, eta herri maputxea hautatu zuen kasu berezi gisa.