Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta i2tec Teknologia Elektronikoa Bultzatzeko Ingeniaritzako Ikasleen Elkarteak Ingeniaritza Elektronikoaren Astea antolatu dute beste hamahiru elkarterekin eta enpresarekin batera. Arrosadiko campusean egingo da (Iruñean), 2019ko otsailaren 4tik 6ra (astelehenetik asteazkenera).
Ingeniaritza Elektronikoaren Astean, hamabost bat jarduera egingo dira ingeniaritza elektronikoko aplikazioak ezagutzera emateko, besteak beste, lantegiak 3D-ko inprimaketaren inguruan eta lebitagailu akustikoak eta norabidezko bozgorailuak muntatzen ikasteko, drone-lehiaketa bat, ikastaro laburrak Arduino plataformari eta Androiderako aplikazioei buruz, bai eta hitzaldiak ere ekimenean parte hartzen duten enpresen eskutik. Jende guztiak har dezake parte, doan, baina izena eman behar da aldez aurretik “online” (2019ko urtarrilaren 30era arte, asteazkena). Ingeniaritza Elektronikoaren Astearen programa osoa Interneten dago kontsultatzeko.
NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailak eta i2tec Teknologia Elektronikoa Bultzatzeko Ingeniaritzako Ikasleen Elkarteak sustatu dute ekimena, NUPen beste hiru entitate hauekin batera: Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa (TIIGMET), Smart Cities Institutua (ISC) eta Enpresa Berritzaileak Sortzeko Unibertsitate Laborategia (LUCE). Bestalde, arlo elektronikoarekin lotutako Espainiako eta nazioarteko zenbait enpresak eta elkartek ere eman dute laguntza: BeePlanet Factory, CAS, Nafarroako Berrikuntzaren eta Enpresen Europar Zentroak (CEIN), Industrial Shields, Tasiva, Kunak, Electrónica Falcón, STEM Planeta (Nafarroako Gobernua), RS Components, Visiona, Welle eta Iruñeko Planetarioa.
Lan-aukera gehiago
“Bigarren urtez antolatu ditugu jarduerak, eta gero eta ikasle eta enpresa gehiagok hartzen dute parte. Horrek erakusten du, modu objektiboan, halako jarduerek jendea erakartzen dutela, eta gero eta gehiago eskatzen direla jakintza ezagutarazteko ez ezik ikasteko ere balio duten jardunaldi ludikoak”. “Elektronikaren arloko enpresa sortuberri gehiago ditugu aurten; izan ere, elektronikako tituludunek dituzten ohiko lan-aukerez gainera, sektore elektronikoak ekintzailetzaren arloan zer aukera dituen erakutsi nahi dugu, bide hori gero eta erakargarriagoa baita”, dio antolatzaileetako batek, hots, Carlos Ruiz Zamarreño Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasle eta ISC institutuko ikertzaileak.
Ekimenean parte hartzen duten enpresek hitzaldiak emango dituzte zenbait gairi buruz: elektronika, ikusmen artifiziala, “smart cities” direlakoak, proiektu elektronikoak, I+Gko sailen zeregina, lana aurkitzeko aukerak, ekintzailetza eta enpresetako prestakuntza. Astelehen goizean eta asteazken arratsaldean izango dira hitzaldiak.
Bestalde, hiru orduko ikastaroak emango dituzte hiru egunetan, bai goizez bai arratsaldez, gai hauen inguruan: Arduino plataforma, zirkuitu inprimatuko txartelen prototipoak egiteko prozesua (ingelesez, PCB) eta Android programazioa. Horretaz gainera, arcade jokoen, drone-hegaldien eta Arduinoren erronken lehiaketak egingo dituzte, bai eta bi lantegi ere. Lehenbiziko lantegia hilaren 5ean izango da, asteartean, goizez: lebitagailu akustikoak eta supernorabidezko bozgorailuak muntatuko dituzte parte-hartzaileek, Asier Marzo Pérez Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakaslearen laguntzaz. Bigarren lantegian, berriz, zirkuitu inprimatuak soldatuko dituzte Weller® enpresako langileen laguntzaz, hilaren 5ean, asteartean, arratsaldez.