Joan eduki nagusira

zoom Eztabaidan parte hartuko duten NUPeko ikasleak. Ezkerretik eskuinera, Iñigo de Carlos eta David Garciandía.

Eztabaidan parte hartuko duten NUPeko ikasleak. Ezkerretik eskuinera, Iñigo de Carlos eta David Garciandía.

Iñigo de Carlos Artajo eta David Garciandía Igal Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek (biak Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Ekonomiako Gradu Bikoitzekoak) “World Universities Debating Championship (WUDC) 2019” txapelketan hartuko dute parte, hots, unibertsitateko eztabaidaren arloko nazioarteko lehiaketarik handienean. Lurmutur Hirian izanen da (Hegoafrika), bihar hasi (abenduak 27) eta urtarrilaren 4ra arte. Lurmutur Hiriko Unibertsitatea (UCT) da erakunde gonbidatzailea.

Ingeles hutsean egiten den txapelketa horretan, NUPek lehen aldiz hartuko du parte; guztira, 90 herrialdetako 250 unibertsitate eta goi-mailako hezkuntzako ikastegitako ia 800 ikasle izanen dira. Nazioartean prestigioa duten unibertsitate batzuek osatutako lehiaketa-batzordeak hartu zuen NUPeko ikasleak aukeratzeko ardura. Iñigo de Carlosek eta David Garciandíak, Lurmutur Hirira joateko, nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko laguntza bat jaso dute, NUPeko Nazioartekotze Errektoreordetzak emana, baita laguntza osagarri bat ere, erakunde bereko Unibertsitate Proiekziorako eta Nazioarteko Harremanetarako Errektoreordetzarena.

Eztabaidan parte hartzeaz gainera, ikasleek José Pablo Alzina de Aguilar Lurmutur Hiriko espainiar kontsul nagusiaren harrera jasoko dute urtarril hasieran, eta, bestalde, Merakibay GKEa bisitatuko dute, eta bertan gazteei azaldu nolako garrantzia duten hezkuntzak eta ahaleginak etorkizun oparoa eraikitzeko.

Eztabaida jardueretako ohiko partaide eta irabazleak

Aukeratutako ikasleek askotan hartu dute parte NUPeko Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak antolatzen dituen eztabaida jardueretan. Iñigo de Carlos, konparaziora, G-9 Eztabaida Ligaren Espainiako txapelduna da (Zaragoza, 2016), Interpoli izeneko IV. Eztabaida Lehiaketaren Espainiako txapeldunordea (Valentzia, 2016), NUPeko Eztabaida Ligaren irabazlea (Iruñea, 2015, 2016 eta 2017), NUPeko I. Monologo Ligaren txapeldunordea (Iruñea, 2016) eta hizlari hoberena eta txapeldunordea Nafarroako Eztabaida Lehiaketaren zenbait urtetan. 

David Garciandíaren lorpenak, aldiz, hauek dira: Espainiako txapelduna G-9 Eztabaida Ligan eta NUPeko Hitzaldien I. Lehiaketan (biak ala biak 2018an), NUPeko Eztabaida Ligaren irabazlea (2017an eta 2018an), Interpoli izeneko IV. Eztabaida Lehiaketaren Espainiako txapeldunordea (Valentzia, 2016) eta NUPeko Eztabaida Ligaren txapeldunordea (2015ean eta 2016an). 

Bi ikasleak poz-pozik daude lehiaketan parte hartzeko aukera izateagatik. Iñigo de Carlosek honela dio: “Ohorea da, eta aukera handia, munduko unibertsitate hoberenen kontra lehiatzea eta maila honetan NUPen ordezkaria izatea”. David Garciandíak, berriz, hau nabarmendu du: “Unibertsitateak garbi erakutsi digu: ahalegina, ilusioa eta grina behar dira edozer egiteko. Horrela baizik ez dira gauzak aurrera ateratzen. Eta aukerez baliatu behar dugu”.

World Universities Debating Championship

“World Universities Debating Championship” urtero antolatzen da, 1981az geroztik, eta “Parlamentu Britainiarreko estiloa” deiturikoa da eztabaidaren formatua. Formatu honetan bi laguneko lau talde daude (bi “gobernu” dira, eta beste biak “oposizioa”), eta elkarren kontra aritzen dira eztabaidan hasi baino 15 minutu lehenago esaten dieten gai bati buruz (aldeko eta kontrako jarrerak zozketa bidez erabakitzen dira).

Zazpi txanda egiten dira, “sistema suitzarra” erabiliz, hots, maila berdintsuko taldeak lehiatuz elkarren kontra, harik eta 48 parte-hartzaile hoberenak zuzenean finalera doazen arte. Kategoria nagusiko sariaz gainera, beste bi ere ematen dira: “ingelesa bigarren hizkuntza” duten talde irabazleentzat (lehenbiziko hizkuntza ingelesa duen herrialde batean 6 hilabetetik behera egin duten ikasleentzat) eta “ingelesa atzerriko hizkuntza” duten talde irabazleentzat (kategoria honetan hartuko dute parte NUPeko ikasleek).