![zoom](http://www.unavarra.es/img/bt.zoom.png)
![Deborah García Bello zientzia-dibulgatzailea izango da hizlarietako bat NUPek Nafarroako Museorako antolatu duen “Artea, Zientzia eta Teknologia” zikloan.](http://www2.unavarra.es/filestore/8/7/7/1/2/87712_239712_100000conferencias-arte-y-ciencia1.jpg)
Deborah García Bello zientzia-dibulgatzailea izango da hizlarietako bat NUPek Nafarroako Museorako antolatu duen “Artea, Zientzia eta Teknologia” zikloan.
Zientzia eta teknologiaren eta arte plastikoen arteko lotura dute ardatz "Artea, Zientzia eta Teknologia: errealitate berbera, begirada ezberdinak” zikloko hiru hitzaldiek. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatu du zikloa abendurako, Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT) - Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioaren laguntzarekin. Ekimenaren bidez, zientziak eta teknologiak, batetik, eta giza zientziek eta arteek, bestetik, elkarren artean duten harremana estutu nahi da. Aurtengo edizioan, artelanen sekretuak ezagutzeko teknikak izango dituzte hizpide, bai eta arte garaikideari begiratzeko zientzia eta margolan unibertsaletako protagonisten eritasunak ere. Zehazki, 2018ko abenduaren 11n, 12an eta 13an izango dira, 19:30ean, Nafarroako Museoan (San Domingo 47, Iruñea), eta sarrera librea izango da aretoa bete arte. Hizlariak Deborah García Bello, Oskar González Mendia eta Florencio Monje Gil zientzia-dibulgatzaileak izango dira. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu NUPen webgunea.
Oskar González Mendiak emango dio hasiera zikloari abenduaren 11n (asteartea). Kimika Analitikoko doktorea da, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea, eta zientzia eta artea binomioari buruzko dibulgatzailea ere bai, KimikArte blogaren eta @Oskar_KimikArte Twitter kontuaren bidez. Oskar González Mendiaren hitzaldiak “Arteari begirada zientifikoa emanez” du izenburua. Artelanak aztertzeko zein teknika zientifiko erabil daitezkeen azalduko du adituak (X izpiak, argi infragorria eta ultramorea eta abar), eta zenbait pintore ezagunen margolanetan aurkitu diren sekretu interesgarrienetako batzuk emango ditu ezagutzera, hala nola Picassoren, Van Goghen edo Vermeerren lanetan aurkitutakoak.
Biharamunean, abenduaren 12an (asteazkena), Deborah García Bellok emango du hitzaldia. Kimikan lizentziatua da, eta zientzia dibulgatzen du zenbait hedabidetan, besteak beste, dimetilsulfuro.es blogean, Youtubeko bere kanalean (Deborahciencia) eta “Todo es cuestión de química” eta “¡Que se le van las vitaminas!” liburuetan. Deborah García Bellok hitzez hitz esan duenez, “zientzia eta artea konektatzen dituzten istorio liluragarriak kontatuko ditut, hots, bi arlo horien arteko muga lausotzen duten istorioak”, izenburu gisa “Arte garaikideari begiratzearen zientzia” duen hitzaldian. Artelan ezagunek eta mugimendu artistiko modernoek zientziarekin duten harreman estua erakutsiko digu, adibidez, grafitiak edo pop arteak zientziarekin duten lotura.
Eritasunak artelanetako protagonisten aurpegian
Zikloa bukatzeko, Florencio Monje Gilek hitz egingo du abenduaren 13an (osteguna). Medikuntzako doktorea da, eta aurpegi-masailetako kirurgialaria. Bi liburu idatzi ditu, eta haietan pintura eta bere espezialitate medikoa uztartzen ditu: “El rostro enfermo. Cincuenta pinturas universales para comprender las enfermedades de cara y cuello” eta “La pintura de Goya y las deformidades dentofaciales”. Florencio Monjeren hitzaldiaren izenburua “Gaixo-aurpegia. Pintura unibertsalean barrena egindako bidaia aurpegiko eritasunak ulertzeko” izango da. Artista ezagunen pintura unibertsaleko maisulan batetik bestera ibiliko da, hala nola Rembrandten, Van der Weydenen, Ghirlandaioren, Velázquezen edo Van Goghen lanak aztertuz; izan ere, pintura horietako protagonistek patologiaren bat dute aurpegian eta/edo lepoan.
"Artea, Zientzia eta Teknologia: errealitate berbera, begirada ezberdinak” hitzaldi-zikloak sormen artistikoa eta ikerketa zientifikoa integratzen dituen ikuspegia eman nahi du. NUPeko Ikerketako Errektoreordetzak eta Kultura Zientifikoaren Unitateak antolatu dute zikloa, Nafarroako Museoarekin lankidetzan, eta Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) – Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du. Hitzaldiak dibulgaziozkoak dira, eta, beraz, jende guztiak ulertzeko modukoak, eta entzute handiko ikertzaileek emango dituzte.