

Ikasleak, epaileak eta agintariak, Euskarazko VI. Eztabaida Liga amaitu ondoren, Nafarroako Parlamentuan.
Mondragon Unibertsitateak irabazi du Euskarazko VI. Eztabaida Liga, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatua. Finala gaur izan da, azaroak 16, ostiralarekin, eta Nafarroako Parlamentuan egin da, Iruñean. Deustuko Unibertsitatea izan da finalista, eta Paue eta Aturriko Unibertsitateko (Frantzia) Andrea Ibarra ikasleari eman diote hizlari hoberenaren saria.
Lehenbiziko eta bigarren sailkatu diren horiez bestalde, gainerako parte-hartzaileak NUP, EHU eta Paue eta Aturriko Unibertsitatea izan dira, eta guztira hogeita bi ikaslek hartu dute parte.
Agintariak sarien banaketan
Sarien banaketan zenbait agintari izan dira, hala nola Inés Olaizola NUPeko idazkari nagusia, Ainhoa Aznárez Nafarroako Parlamentuko lehendakaria eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria.
Lehiaketaren edizio honetan landutako gaia hauxe izan da: “Malgutu beharko lituzkete Europar Batasuneko estatuek beren immigrazio politikak?”. Bestalde, epaileek saria emateko orduan irizpide jakin batzuk izan dituzte kontuan, hain zuzen argudioen kalitatea, eztabaidagaiaren inguruko ikerketa, aurka egiteko gaitasuna, denboraren eta espazioaren erabilera, talde lana, hizkera egokia eta balorazio orokorra.