Joan eduki nagusira

zoom Doluminen liburua Rafael Santamaríaren alargunari eman dioten unea. Ezkerretik eskuinera: Alfonso Carlosena, errektorea, Pilar Cebollero, alarguna, eta Emilio J. Domínguez, dekanoa.

Doluminen liburua Rafael Santamaríaren alargunari eman dioten unea. Ezkerretik eskuinera: Alfonso Carlosena, errektorea, Pilar Cebollero, alarguna, eta Emilio J. Domínguez, dekanoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hilondoko omenaldia egin dio Rafael Santamaría Aquiluéri, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen eta Enpresen Kudeaketa Sailaren bitartez. Izan ere, 2018ko ekainaren 28an zendu zen Rafael Santamaría, Finantza Ekonomiako eta Kontabilitateko katedraduna eta INARBE institutuko ikertzailea (Institute for Advanced Research in Business and Economics). Unibertsitateko komunitateko ehun bat lagun izan dira ekitaldian, eta Alfonso Carlosena errektoreak eta Emilio J. Domínguez Irastorza Ekonomiako Fakultateko dekanoak doluminen liburu bat eman diote, lankideek sinatua, haren alargun Pilar Cebollero Rivasi.

Omenaldia Gurbitzak eraikineko Nicolás Oresme aretoan egin da, eta katedradun zenduaren ibilbide profesionala eta pertsonala ekarri dute gogora irakasle hauek: Natividad Blasco de Las Heras (Zaragozako Unibertsitatea), Manuel Espitia Escuer (Zaragozako Unibertsitatea), Luis Muga Caperos (NUPeko Enpresen Kudeaketa Saileko zuzendariordea eta INARBE institutuko ikertzailea), Gonzalo Rubio Irigoyen (Valentziako CEU Cardenal Herrera Unibertsitatea) eta Francisco Javier Ruiz Cabestre (Errioxako Unibertsitatea). Ekitaldian izan da, bestalde, Cristina Madorrán García Enpresen Kudeaketa Saileko zuzendaria, sail horri atxikita baitzegoen Rafael Santamaría. Lankide batzuek ere hartu zuten hitza katedraduna gogora ekartzeko.

zoom Pilar Cebollerori (eskuinetik hasita bigarrena), Rafael Santamaríaren alargunari, atsekabean lagundu dio publikoak

Pilar Cebollerori (eskuinetik hasita bigarrena), Rafael Santamaríaren alargunari, atsekabean lagundu dio publikoak

“Rafael akademikoa zen batez ere, baina ez nolanahikoa —esan du Luis Mugak, Santamaríaren ardurapean zegoen Finantza Merkatuak ikerketa-taldeko lankideak—. Akademiko bikaina zen, langilea, leiala, eskuzabala, zintzoa, kartsua eta zorrotza; hitz batez, eredugarria, alderdi guztietan. Besoak zabalik hartzen gintuen beti. Eta ezin aipatu gabe utzi irakasle gisa egin zuen lana. Hainbeste maite zuen irakastea, ezen azkenera arte aritu baitzen lanbidean. Ikerketetan ikasten zuen guztia irakasten zuen, gainera”.

Biografia laburra

Rafael Santamaría Aquiluék (Huesca, 1961 - Iruñea, 2018) Ekonomia eta Enpresa Zientzietan egin zuen lizentzia eta doktoretza Zaragozako Unibertsitatean. 1991n, unibertsitateko irakasle titularraren plaza lortu zuen unibertsitate horretan bertan. Bi urte geroago, 1993an, NUPera ailegatu, eta Finantza Ekonomiako eta Kontabilitateko katedra eskuratu zuen. NUPen, Enpresen Kudeaketa Saileko zuzendaria, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa eta Plangintza eta Gai Ekonomikoetako errektoreordea izan zen.

zoom Rafael Santamaría, 2014-2015 ikasturteko hasierako ikasgaia irakurri ondoren, 2014ko irailean.

Rafael Santamaría, 2014-2015 ikasturteko hasierako ikasgaia irakurri ondoren, 2014ko irailean.

Ikertzaile gisa, ehun bat artikulu zientifiko idatzi zituen, bai eta hamar bat liburu-kapitulu eta hogei bat ikerketa-proiektu ere. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, inbertsio funtsei eta pentsio planei buruz egin zituen lanak, jokabide finantzak direlakoen inguruan idatzi zituen artikuluak (ingelesez, “Behavioral Finance”), aitzindariak izan baitziren Espainian, eta merkatuen arteko informazio transmisioari buruzko ikerketak.

AEFIN fundazioaren presidente ere izan zen bi aldiz (Finantzen Espainiako Elkartea), Finantza Foroak bultzatu zituen, hau da, finantzen arloan Espainian egiten diren topaketa akademiko garrantzitsuenak, eta “Revista de Economía Financiera” eta “Revista de Economía Aplicada” aldizkarien editore izan zen, baita lehenbizikoaren sortzaile ere.

Zenbait sari irabazi zituen egindako lanagatik: Unibertsitatea-BBVAren Ikertzaile Gazte Onenaren Saria, eta, geroago, Giza eta Gizarte Zientzien, Zientzia Juridikoen eta Ekonomia Zientzien arloko Ikerketa Ibilbide Onenaren Saria. BME Saria ere jaso zuten katedradunaren bi lanek (BME, Bolsas y Mercados Españoles), errenta aldakorrei buruz Finantza Foroetan egindako ekarpen onenen saria, hain zuzen.