Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, María López Belloso iazko irabazlea, Alfonso Carlosena NUPeko errektorea eta Ainara Erice master amaierako lanentzako Unibertsitateko Jaime Brunet Sariaren irabazlea.

Ezkerretik eskuinera, María López Belloso iazko irabazlea, Alfonso Carlosena NUPeko errektorea eta Ainara Erice master amaierako lanentzako Unibertsitateko Jaime Brunet Sariaren irabazlea.

Giza Eskubideen Sustapenari buruzko Doktoretza Tesi Onenaren III. Jaime Brunet Sarian izena emateko epea urriaren 31n bukatuko da, asteazkenarekin. Sariaren antolatzailea Jaime Brunet Fundazioa da, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) helbideratuta dagoena, eta 2.000 euroko saria emango dio irabazleari, bere lana argitaratzeaz gainera.

Espainiako edozein unibertsitatetan 2017ko irailaren 1etik 2018ko abuztuaren 30era bitartean irakurritako doktoretza tesiek parte har dezakete, baldin eta bikain edo bikain “cum laude” kalifikazioa lortu badute eta beren edukiak lotura zuzena badauka giza eskubideekin eta haiek defendatu eta sustatzearekin. Deialdiaren oinarriak Unibertsitatearen webgunean kontsultatu daitezke.

Sariaren lehen eta bigarren deialdietan Maria Chiara Marullo eta María López Belloso izan ziren irabazle, hurrenez hurren. Lehenbizikoak ikertu zuen gaia hau izan zen: torturen eta gerrako krimenen biktimek justiziara jotzeko eta ordaina eskuratzeko dauzkaten eskubideak; bigarrenaren aztergaia, bestalde, bere lanaren izenburuan adierazitakoa izan zen: “Egia, justizia eta eragindako kaltea ordaintzeko prozesuak Mendebaldeko Saharako gatazkan indarrez desagerrarazitako biktimentzat”.

Jaime Brunet Fundazioa eta Saria

Jaime Brunet Fundazioa kultura-fundazio pribatua da, eta bere giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea du helburu, bai eta gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik kentzea ere. Hainbat jardueraren artean, Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Sarirako deialdia egiten du, giza baliabideen sustapenean nabarmendu den lan zientifiko, literario edo ikus-entzunezko bat edota gizabanako edo erakunde baten ibilbidea saritzeko. 1998. urteaz geroztik, fundazioak hemezortzi Jaime Brunet Nazioarteko Sari eman ditu; azkena, 2017an, Vicente Ferrer Fundazioari.

Sariak Jaime Brunet Romero filantropoari zor dio bere izena (Baiona, Frantzia, 1926 - Donostia, Gipuzkoa, 1992), zeinak bere ondarea oinordetzan utzi baitzuen hiltzean bere izena izango zuen fundazio bat sortzeko eta giza eskubideen alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Hala, bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.