Joan eduki nagusira

zoom Ikerketan parte hartu duten ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Paloma Fernández-Rasines, Gonzalo Vicente, Lola Ugarte eta Tomás Goicoa.

Ikerketan parte hartu duten ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Paloma Fernández-Rasines, Gonzalo Vicente, Lola Ugarte eta Tomás Goicoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaile talde batek Uttar Pradesheko barrutietan emakumeek "doteagatik hiltzeko" duten arriskua aztertu du. India osatzen duten 29 estatuen artean populazio handiena duen estatua da, eta ia 200 milioi biztanle ditu. Emaztegaia senargaiaren familiarekin bizitzera doanean emaztegaiaren familiak eman behar dituen dirua eta bitxiak dira dotea. Familia patrilokalen arteko ezkontza hitzarmen mota bat da, eta, betetzen ez bada, emaztearen hilketa edo suizidioa eragin dezake. Populazio-ikerketa bat da, eta aztergai du 15 urtetik 49 urtera bitarteko adina duten eta estatu horretan bizi diren emakumeen heriotza doteagatik.

Lola Ugarte katedraduna da ikerketaren buru, baina pertsona hauek ere ikerketa taldeko kideak dira: Tomás Goicoa irakaslea, Gonzalo Vicente prestakuntzan dagoen ikertzailea (Estatistika, Informatika eta Matematika Sailekoak dira guztiak) eta Paloma Fernández-Rasines antropologoa (Soziologiako eta Gizarte Laneko Saila). Proiektu hau Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministeriok finantzatzen du (FEDER europar funtsekin batera finantzatua) eta Iruñeko UHUNeko Zentro Elkartuko Nafarroako Kutxa-La Caixa Gizarte Obraren laguntza bat du.

Emakumeen aurkako indarkeria neurri epidemikoa duen osasun publikoko problema gisa sailkatu du Osasunaren Mundu Erakundeak. Nazioartean lehenengo aldiz, ikerketak aztergai ditu Uttar Pradesh estatuko 70 barruti administratiboetan 2001-2014 aldian erregistratutako datuak, "heriotza doteagatik" deiturikoarekin lotutakoak. "Heriotza doteagatik" gertatzen da senargaiaren familiak dote handiagoa eskatzen duenean negoziatu gabe, eta emaztegaiak haien jazarpena pairatzen du, ustiatzeko baliabide ekonomikoen iturritzat baitute.   Ikerketa hori aitzindaria da, ez baitago indarkeria mota horren espazio-denborako azterketarik barruti mailan Indiako ezein estatutan.  “Datu horiek ezagutzeak aukera ematen du aztertzeko zer arrisku duen emakume batek barruti jakin batean indarkeria hori pairatzeko, eta horrek aukera ematen du aztertzeko zer gertatzen den arrisku handieneko barrutietan, politika publiko espezifikoak, eta, horrenbestez, eraginkorragoak diseinatzeko”, esan du Lola Ugartek. “Horretarako estatistika-metodologia sofistikatua erabili behar da, arriskuak modu fidagarrian aztertzeko aukera emango duena, toki txikietako problema bat baita”, aipatu du.

Doteagatik gertatzen diren heriotzak Indian eta Uttar Pradeshen

Emakumeen aurkako mota guztietako indarkerien 337.922 kasu izan ziren 2014an, eta horietatik 38.467 kasu Uttar Pradeshen (% 11,38) Indian National Crime Records Bureau erakundeak emandako datuen arabera (Indiako Kriminalitateari buruzko Estatistiken Bulegoa). Bestalde, urte horretan Indian emakumeen aurka egindako delituen kopuru osoaren % 2,5, hots, 8.455 kasu, "doteagatik gertatutako heriotza" dira. Uttar Pradeshen, berriz, kopuru hori % 6,42koa da (2.469 kasu). Indian doteagatik gertatzen diren hilketen edo suizidioen % 29,20 Uttar Pradeshen gertatzen da. Gizonekin alderatuz emakumeen ehunekoa batezbesteko nazionala baino txikiagoa duten Indiako estatuetako bat da Uttar Pradesh. 

Praktika hori Indian 1991z geroztik debekatuta badago ere, oraindik ere krimen horiek gertatzen dira batez ere hiru metodo hauek erabiliz: itota, erreta edo pozoituta, horrela heriotzak erraz disimula baitaitezke istripu modura. Bestalde, senarrak edo haren ahaideek egindako presio psikologikoagatik ere egiten dute beren buruaz beste emakumeek, eta suizidio mota horri "doteagatik gertatutako heriotza" esaten zaio. “Indiako Kode Penalean tipifikatutako delitu bat izateak esan nahi du errazagoa dela doteagatik gertatutako heriotzen kopuruari buruzko datu fidagarriagoak lortzea emakumeen aurkako beste indarkeria mota bati buruzkoak lortzea baino.”, esan du Lola Ugartek.

Ikerketaren helburuak eta ondorio nagusiak

Ikerketaren egileek azaltzen dutenez, ikerketak bi helburu ditu. Batetik, Uttar Pradesheko barrutietan doteagatik hiltzeko arriskuaren eredu geografikoa eta denboran izan duen bilakaera aztertzea; eta, bestetik, gertakariak izan ditzakeen zergatikoei buruzko hipotesiak ezartzea.

Arriskuarekin harreman izan dezaketen aldagaiei dagokienez, zenbait eredu aztertzen dira. Esaterako: populazioaren dentsitatea, gizon-emakumeen analfabetismo tasak edo emakumeen kopurua 1.000 biztanleko. Mila gizoneko emakume kopurua txikia duten barrutietan, doteagatik hiltzeko arriskua handiagoa da.  “Litekeena da doteagatik hiltzeko arrisku handiagoa duten barruti horietan emakumeen abortu selektiboak eta haur hilketak gertatzea, eta horrek txikiagotu egiten du emakumeen ehunekoa gizonekiko ”, esan du Lola Ugartek.

Doteagatik hiltzeko arriskua denboran eta espazioan banatzeari dagokionez, lehen aipatu den lehen alderdiarekin lotuta, ikusten da  2003. urtean heriotza kopuru hori jaitsi egiten dela eta gero berriz handitu eta kopuru horri eusten diola jarraitutasunez 2008tik. “Horren arrazoia izan liteke Indiako Gobernuan eta haren politiketan aldaketak izan direla”, esan du Lola Ugartek, “eta litekeena dela aldaketa horiek datu bilketan aldaketak eragin izana”. Azkenik, “espazioaren banaketari erreparatuz, badirudi emakumeek estatuaren ekialdean eta erdialde-iparraldean barruti multzo batean indarkeria hori pairatzeko duten arriskua beste barruti batzuetan duten arriskuaren halako bi dela”, ondorioztatu du.