Joan eduki nagusira

zoom Antonio Gil Bravo NUPeko katedradun eta InaMat institutuko ikertzailea, bere liburuarekin.

Antonio Gil Bravo NUPeko katedradun eta InaMat institutuko ikertzailea, bere liburuarekin.

Antonio Gil Bravo Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzien Saileko katedradun eta erakunde horretako Material Aurreratuen Institutuko (InaMat) ikertzaileak liburu bat kaleratu du, beste argitaratzaile batzuekin elkarlanean. Hamalau herrialdetako adituek idatzi dute liburua, eta oxidazio aurreratuko prozesuen bidez (OAP) edateko ura tratatzearen inguruko azken aurrerapenak bildu ditu. Prozesu fisiko-kimiko horiek gai dira kutsatzaileen egitura kimikoan aldaketa sakonak eragiteko, eta beharrezkoak dira kasu jakin batzuetan, uren konplexutasunaren ondorioz edo kutsatzaile jakin batzuen presentziaren ondorioz, ohiko tratamenduak ez baitira egokiak horiei aurre egiteko, pestizidei, kasu.

“Lan honen bidez erreferentzia erabilgarri bat eman nahi diegu ikertzaile eta ikasleei uraren teknologien arloan jarduteko, hots, ingeniaritza kimikoan eta ingurumen ingeniaritzan, toxikologian, bioteknologian eta gisa horretako eremuetan —adierazi du Antonio Gilek—. Lanaren helburua zientzialariei eta industriako eta osasun publikoko erabakiak hartu behar dituztenei adorea ematea da OAPak aplika ditzaten, edateko ura tratatzeko instalazioak hobetzeko alternatiba teknologiko moduan, eremu horietan oinarrizkoa baita lehentasuneko kutsatzaileak eta gorantz doazenak tratatzea”.

Lehentasunezko kutsatzaileek, hala nola hidrokarburo poliaromatikoek, biozidek eta disolbatzaile kloratuek, “uraren kalitateari eta isurketen kontrolari buruzko kalitate arau batzuk bete behar dituzte”; gorantz doazenak, aldiz, “erregulatu gabeko askotariko kutsatzaileak dira, konposatu farmazeutikoak, norberaren zainketarako produktuak eta gehigarri kimikoak, adibidez”. “Konposatu horiek arriskutsutzat jotzen dira, bereziki ura berrerabiltzeko aukera planteatzen denean; izan ere, haietako asko disruptore endokrino ezagunak dira, eta, ingurunean askatzean, nekez kontrolatu daitezke, eguneroko bizitzan horien kantitate handiak erabiltzen direlako”, erantsi du InaMateko ikertzaileak.

Hamalau herrialdetako adituak

Applications of Advanced Oxidation Processes (AOPs) in Drinking Water Treatment” liburua (“Oxidazio aurreratuko prozesuen aplikazioak edateko uraren tratamenduan”) Springer argitaletxeak kaleratu du, “The Handbook of Environmental Chemistry” bildumaren barruan (“Ingurumen Kimikako eskuliburuak”), eta Antonio Gilek editatu du, Luis Alejandro Galeano Nariñoko Unibertsitateko irakaslearekin (Kolonbia) eta Miguel Ángel Vicente Salamancako Unibertsitateko Kimika Ez-organikoko katedradunarekin batera. Lanak hamabost kapitulu dauzka, hamalau herrialde hauetako adituek idatzitakoak: Brasil, Kolonbia, Eslovenia, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Grezia, Iran, Israel, Italia, Herbehereak, Portugal, Erresuma Batua eta Turkia. Hitzaurrearen egilea Mika Sillanpää da, Lappeenrantako Unibertsitate Politeknikoko irakasle (Finlandia) eta mundu osoan ezaguna den aditua. 500 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu, eta horiek 15.000 aipu inguru izan dituzte.

Kloroak baino oxidazio-potentzial handiagoa

“Oxidazio aurreratuko prozesuetan —azaldu du Antonio Gil katedradunak, lanaren bi kapituluren egileetako batek—, oxigeno mota oso erreaktiboak sortzen dira, hain zuzen ingurune urtsuetako kutsatzaile organikoak oxidatzen dituztenak eta ohiko beste oxidatzaile batzuek (ozonoak, kloroak edo hidrogeno peroxidoak) baino oxidazio-potentzial askoz handiagoa daukatenak. Tratamendu horien abantailen artean, nabarmentzekoa da ez dutela sortzen tratamendua behar duen lohirik; halaber, oso baliagarriak dira beste tratamendu batzuen bidez ezin deusezta daitezkeen kutsatzaileei aurre egiteko; eta kutsatzaileak kontzentrazio oso baxuan tratatzeko balio dute”.

Lanaren lehen kapituluetan hornidura-iturriak aztertzen dira, baita zer muga izaten dituzten ere ohiko teknologiek, hala nola koagulazio-flokulazioak eta ikatz aktiboaren bidezko xurgapenak; izan ere, “materia disolbatu eta eseki gisa makroparametroetan eragina daukaten kutsatzaileen tratamenduari ematen diote arreta”. “Tratamendu horiek, oro har, ez dute eraginik lehentasunezko kutsatzaileen eta gorantz doazenen edukian”, adierazi du Antonio Gilek.

Era berean, materia organiko naturala ezaugarritzeko eta deuseztatzeko teknikak kritikoki berrikusten dira, eta arreta berezia ematen zaie oxidazio aurreratuko prozesuei. Horrez gain, aztergaietako bat da nola erabil daitezkeen OAP horiek zenbait mikroorganismo mota aldi berean desaktibatu eta desinfektatzeko, erresistentzia handiko ‘Cryptosporidium’ protozooak barne, baita tratamendu horietan toxikotasunaren jarraipena nola egin ere.