Guztira, 34 herrialdetako 172 ikaslek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egingo dute 2018-2019 ikasturteko udazkeneko seihilekoa Unibertsitateak eskaintzen dituen nazioarteko mugikortasuneko bost programen bidez. Gazte atzerritarrak ongi egokitu daitezen Nafarroan, beste ehun bat ikaslek hartzen dute parte Nafarroako unibertsitateko boluntario gisa Buddy Programan, hots, Nazioartekotze Errektoreordetzak sustatutako harrera-ekimen batean.
Programa horretan, NUPeko ikasleen egitekoa da atzerritarrei laguntzea Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzen eta beste zenbait kontutan, hala nola bizilekua bilatzen eta zenbait tramite egiten.
Kanpo Harremanetarako Atalak eta Unibertsitate Arretarako Unitateak kudeatzen dute ekimen hori, eta Unibertsitateak ikasle atzerritarrei seihileko bakoitzean egiten dien ongietorria osatzen du. Ongietorria egiteko beste zerbitzu bat da espainierako doako ikastaro trinko bat astebetez Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian. Horretaz gainera, bisita gidatua eskaini zaie Unibertsitatean eta Iruñean barrena, bai eta NUPen egin daitezkeen ikasketei eta kultura eta kirol jarduerei buruzko informazio hitzaldiak ere.
Nondik etorri dira ikasleak?
Ikasleak (118 emakumezko eta 54 gizonezko) 34 herrialdetatik etorri dira, gehienak Europako herrialdeetatik, baina baita Afrikako, Amerikako eta Asiakoetatik ere.
Europarrak hamalau herrialde hauetakoak dira: Frantziakoak (22), Italiakoak (11), Turkiakoak (6), Alemaniakoak (15), Poloniakoak (4), Herbehereetakoak (3), Austriakoak (2), Danimarkakoak (2), Letoniakoak (2), Portugalgoak (2), Txekiar Errepublikakoak (2), Irlandakoak (1) eta Belgikakoak (1).
Amerikatik datozenak Mexikokoak dira gehienak (15), eta, gero, Txilekoak (10), Estatu Batuetakoak (9), Kolonbiakoak (5), Kubakoak (5) eta Nikaraguakoak (5), Perukoak (4), Boliviakoak (2), Kanadakoak (2), Uruguaikoak (2) eta Venezuelakoak (2), Argentinakoak (1), Brasilgoak (1) eta El Salvadorrekoak (1).
Ikasle gehien bidali dituen Asiako herrialdea Txina da, 14 ikaslerekin; atzetik datoz Taiwan (4), Hego Korea (4) eta Japonia (1). Azkenik, 5 ikasle etorri dira Palestinatik eta beste 5 Egiptotik; Marokotik, berriz, bat.
Palestinako ikasleak ikasturte honetan hartuko ditu lehenbizikoz NUPek. An-Najah Unibertsitate Nazionaleko lau ikasle dira (Nablus, Zisjordania), eta graduko ikasketa hauek ari dira egiten: Zuzenbidea, Industria Teknologien Ingeniaritza, Informatika Ingeniaritza eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Ekonomiako Gradu Bikoitza.
Nazioarteko eta Espainiako truke-programak
Erasmus+ programako 87 ikasle daude (Europako Batasuneko eta beste herrialde batzuetako ikasleekin trukea egiteko). Gainerakoak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren bi programa berekikoak dira: Palafox Latinoamerikako herrialdeekin trukatzeko programakoak 31 ikasle; Martín de Rada Asia eta Ozeano Bareko herrialdeekin trukatzeko programakoak, berriz, 21. Bestalde, ISEP programaren bidez (Estatu Batuekin eta munduko gainerako herrialdeekin trukeak egitekoa) eta aldebiko hitzarmenen bidez ere etorri dira beste zenbait.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak 50 herrialdetako goi-mailako hezkuntzako 300 erakunderekin hitzarmenak egin dituelako daude martxan truke-programak. Bestalde, gogoan izatekoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Espainia osoko emaitza kualitatiborik onenak lortu dituela berriki Europar Batasuneko kide ez diren herrialdeekiko mugikortasun deialdian, 2018-2020 aldirako Erasmus+ programaren esparruan.
Atzerriko 58 ikasle Nafarroako Unibertsitate Publikoan geldituko dira udaberriko seihilekoan ere, zeina 2019ko otsailaren 24an hasiko baita.