Joan eduki nagusira

zoom Ismael Álvarez Álvarez, NUPeko doktore berria.

Ismael Álvarez Álvarez, NUPeko doktore berria.

Arnastutako airea igarotzen denean sortzen diren sibilantziak edo “txistuak” arnasbideen buxadurak eragiten dituen soinu altuak dira. Gaitz hori ohikoa izaten da bizitzako lehen hilabeteetan, eta haurrei asma eta bestelako gaixotasunak eragiteko modukoa da. Ismael Álvarez Álvarez biologoak (Oviedo, 1987) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egin duen doktoretza tesiaren arabera, bai haurdunaldian eta haurdunaldia eta gero tabakoaren eraginpean jartzea, bai haurtzaindegira joatea eta bai etxean animaliak edukitzea ingurumen faktore arriskutsuak dira, eta horiei heldu beharko litzaieke gaixotasunaren prebalentzia eta larritasuna murrizteko. Ingurumen faktoreez gain, beste arrisku faktore batzuk identifikatu dira, hala nola gizonezkoa izatea, bizitzako lehen urtean pneumoniaz gaixotzea, hotzeri asko edukitzea edo familia historian asma edo alergia agertzea. Ikerketak Iruñerrian jarri du arreta, eta erakutsi du hiru jaioberritatik batek pairatzen duela gaitza. Halaber, lortutako emaitzek ondorioztatu dutenez, badirudi bularra denbora luzeagoz ematea (sei hilabetez, gutxienez) sibilantzietatik babesteko faktore bat izan litekeela.

Doktoretza tesi horren helburua Nafarroako hiriburuko eta inguruetako bularreko haurrengan sibilantzien, sibilantzia errepikatuen (hiru gertakari edo gehiago izaten direnean) eta sibilantzia larrien (ospitaleratzea eragiten dutenean) prebalentzia eta arrisku eta babes faktoreak ikertzea izan da. Bularreko Haurren Sibilantzien inguruko Nazioarteko Ikerketan (EISL) kokatzen da ikerlana. Iruñerrian, guztira 1.065 familiak parte hartu zuten ikerketan, galdetegi bat osatuz datu antropometrikoen, bularreko haurrek izandako gaixotasunen, familiako eta inguruneko datuen eta haurdunaldiari buruzko informazioaren berri emateko.

Kaltetuen ehunekoa

Estatistikak aztertu ondoren, Iruñerriko bularreko haurren kasuan sibilantzien prebalentzia % 32,5ekoa dela egiaztatu zuen ikerketak; sibilantzia errepikatuen eta larrien prebalentzia, berriz, % 10 ingurukoa. “Ehuneko horiek hurbil daude Bularreko Haurren Sibilantzien inguruko Nazioarteko Ikerketan parte hartu zuten Europako beste zentro batzuetan lortutako horietatik. Espainian, Iruñeaz bestalde, Cartagena, Salamanca, Kantabria, Madril eta Valentzia ere gehitu dira ikerketara, eta gure emaitzak gainerako erakundeetan izandakoen ildo berean daude”, azaldu du.

Ikertzailearen iritziz, “nabarmendu behar da aukera dagoela identifikatutako ingurumen faktore arriskutsuei aurrea hartzeko, kontzientzia hartzeko kanpainen bidez”. “Adibidez, tabakoaren eraginpean jartzeari dagokionez, emakumeak sentsibilizatzeko kanpainak egin litezke, haurdunaldian eta jaioberriaren lehen hilabeteetan ez erretzearen garrantziaz kontura daitezen”, adierazi du Álvarezek, zeinaren tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu baitu. Francisco Guillén Grima eta Inés Aguinaga Ontoso Osasun Zientzien Saileko irakasleak izan ziren tesi zuzendariak.

Doktore berriaren iritziz, identifikatu diren ingurumen faktore arriskutsuak aztertu eta tratatu beharko lirateke, sibilantzien prebalentzia eta larritasuna murrizteko, “bularreko haurren eta beren familien bizi kalitateari eragiten dion gaitz bat delako eta haurrei asma eta bestelako gaixotasunak eragiteko modukoa delako”.

Curriculum laburra

Ismael Álvarez Álvarez Biologian lizentziaduna da Oviedoko Unibertsitatean. Osasun Publikoko Unibertsitate Masterra eta Osasun Zientzietako doktoretza, aldiz, NUPen egin zituen.

Bere ikerketa jardueraren ondorioz, zortzi artikulu argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan, eta nazioko eta nazioarteko kongresuetan hartu du parte. Gainera, doktoretza aurreko bi egonaldi egin ditu: bata, Bordeleko (Frantzia) Osasun Publikoko, Epidemiologiako eta Garapeneko Institutuan (ISPED), ELFE (Haurren Luzetarako Frantziar Ikerketa) izeneko proiektuan parte hartuz, bizitzako lehen hilabeteetan asma eta bronkitisa eragin ditzaketen faktoreak aztertzen; bestea, Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko Sailean, non aztergai izan baitzuen dieta mediterraneoa edukitzeak eta jarduera fisikoa egiteak heriotza tasan duen eragina, SUN proiektuan (Nafarroako Unibertsitatea Jarraipena) parte hartzeaz gainera.