Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak, aurreko ikasturteko Ongietorri Jardunaldian

Ikasleak, aurreko ikasturteko Ongietorri Jardunaldian

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Graduko 25 titulaziotako 7.000 bat ikasle (22 gradu eta 3 gradu bikoitzetakoak) hurrengo astean itzuliko dira geletara Iruñeko eta Tuterako campusetan. Ikasle guztiek irailaren 4an, asteartean, hasiko dituzte 2018-2019 ikasturteko klaseak, baina lehen ikasmailan matrikulatutako ikasleek (guztira 1.794) hitzordua dute aurreko egunean, astelehenean, irailaren 3an, ohiko ongietorri jardunaldia egingo den egunean.  Egun horretan, lehen ikasmailako ikasleek informazio saio batean parte hartuko dute. Alfonso Carlosena errektorea izango da buru bilera horretan, eta NUPek ikasleek eskura jartzen dituen ikasketen eta zerbitzuen aurkezpenak egingo dira.

Zehazki, Unibertsitatearen webgunean azaltzen denez, Arrosadiko campuseko ongietorri jardunaldian aurkezpen orokor bat egingo da ikastegi eta fakultateen arabera antolatuta (hiru ordu desberdinetan), Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan, eta gero hitzaldi espezifikoak titulazioen arabera Unibertsitateko beste toki batzuetan: ikasgelategian, Sario eraikinean eta Osasun Zientzien Fakultatean. Tuterako campusari dagokionez, saio guztiak NUPeko ekitaldi-aretoan egingo dira.

Biharamunean, irailaren 4an, asteartean, hasiko dituzte eskolak graduko ikasle guztiek. Talde, ordu eta ikasgelei buruzko informazioa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

NUPeko zerbitzuei buruzko informazio guneak

Fakultateetako eta ikastegietako zuzendaritza-taldeetako kideek eta irakasleek informazio hitzaldiak emango dituzte. Horietaz gainera, Sario eraikineko Fernando Remacha aretoaren ingurumarietan zenbait informazio gune jarriko dituzte Unibertsitateko, Ikasleen Kontseiluko eta ikasleen elkarteetako zerbitzu nagusiak azaltzeko. Zerbitzuei dagokienez, zerbitzu nagusiei buruzko informazioa emango zaie ikasleei: zerbitzuen ataria eta NireIkasgelategia, biak "online" zerbitzuak, eta Mentoretza Programa. Horretaz gainera, NUPeko Antzerki Taldeak mikroantzerkiko antzezlanak antzeztuko ditu aurkezpen orokorren atsedenaldietan.

Zerbitzuen atariaren bidez, Unibertsitatean matrikulatutako ikasleek sarbidea daukate, esaterako, web postara, ikasketa-espedientera, Liburutegiko zerbitzu jakin batzuetara edo jarduera eta ekitaldien agendara, bai eta NireIkasgelategira ere. NireIkasgelategia irakasteko, ikasteko eta lankidetzan aritzeko plataforma birtual bat da, ikasleek Unibertsitatean dauden bitartean beharrezkoa dutena. Plataformak zenbait zerbitzu eskaintzen dizkie ikasleei, esaterako,  sarbidea beren matrikulako irakasgai guztietara.

Bestalde, Mentoretza Programaren bidez Unibertsitateko ikasleek irakaskuntza eta administrazio gaietan informazioa eta orientazioa ematen diete beren titulazio bereko lehen ikasmailako zazpi ikasleri gehienez ere.