

Liburuaren egilea, Unai Belintxon (ezk.), argazkia ateratzeko jarrita José Luis Iriarte katedradunarekin. Lanaren hitzaurrea egin du katedradunak.
Unai Belintxon Martin Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbide Saileko irakasle eta ikertzailea da, eta duela gutxi argitaratutako liburu batean modu kritikoan aztertzen ditu bidaiarien errepideko garraioaren arloan aplikatzekoa den euskal legedia eta haren auzi eztabaidagarrienak, eta mugaz haraindiko errealitatera egokitu behar dela proposatzen du. “ Garraioari buruzko europar zuzenbideak eta merkataritzako jarduera garrantzitsu hori arautzera erabakita dauden europar erkidegoko erakundeek baldintzatuta dago egun bidaiaren errepideko garraioren euskal zuzenbidearen garapena”, esan du egileak. Lanaren hitzaurrea José Luis Iriarte Ángel NUPeko Zuzenbide Pribatuko katedradunak idatzi du. Katedraduna Europar Batasuneko Jean Monnet Katedraren titularra da.
Monografiaren izenburua “La necesaria adecuación de la legislación vasca del transporte a la dimensión transfronteriza” da, eta Thomson Reuters Aranzadik argitaratu du NUPekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Globernance-rekin (Gobernantza Demokratikoko Institutua) lankidetzan. Monografia Euskal Autonomia Erkidegoko errepideko garraioaren arloari buruzkoa da. Arlo hori “herrialdearen garapen ekonomikoaren bizkarrezurra da, eta herrialdearen gizarte kohesioa gauzatzea ahalbidetzen du”, “pertsonen, enpresen eta salgaien mugikortasuna indartu, eta eredu produktiboaren garapena, merkatu berriak irekitzea eta lurralde egituren egonkortzea bermatzen baitu”.
Unai Belintxonek nabarmendu du errepideko garraioa arautzeko (eta, bereziki, bidaiariena), euskal agintariek “bermatu behar dutela, alde batetik, interes orokorra, diskriminaziorik eza, gardentasuna eta tratu berdintasuna eskaintzaileen artean, enplegua eta zirkulazio askea eta zerbitzuak ematea, eta, bestetik, lehiaren aurkakoak diren jarduerak, garraiolarien arteko lehia desleiala eta bidaiarien segurtasunaren murrizketa”.
Auzi eztabaidagarriak
Euskal Autonomia Erkidegoan etan Europar Batasunean azpiarloari aplikatzekoa zaion lege esparrua aztertzen du liburuak. Azpi arlo horretan, nazioarteko, Europako, Espainiako eta Euskal Autonomia Erkidegoko araudiek elkarri eragiten diote etengabe. Horretaz gainera, jardueran horretan eragina duten auzi eztabaidagarrienetariko eta ikuspuntu juridikotik garrantzitsuenetariko batzuk identifikatzen eta aztertzen ditu diziplina anitzeko ikuspegi batetik. Jarduerak pertsonen eta ikasleen garraio bereziak eta erabilera orotariko eta bereziko ohiko garraioak hartzen ditu barruan. Hala, egileak zenbait auzi aztertzen ditu: gidaririk gabeko ibilgailuen alokairua, etengabeko aldaketak ibilgailuen jabetzan, tarifikazioa azpiegiturak erabiltzeagatik, zergak kobratzea, segurtasunaren gutxiagotzea ikasleen errepideko garraioan edo garraiolariak ohorea galtzea.
“Problema horien azterketak arau sistema indarduna hobetzen du, eta, horrekin, segurtasun juridikoa eta arlo ekonomiko garrantzitsu horren etorkizuneko bideragarritasuna bermatzen du”, idatzi du hitzaurrean José Luis Iriartek.
Lan hori ikerketa proiektu honetan dago txertatuta: “Implicaciones jurídicas del trabajo en el extranjero en materia de prevención de riesgos laborales”. Ikerketaren ikertzaile nagusi-arduradunak José Luis Goñi Sein eta José Luis Iriarte Ángel dira.
Egilearen biografia laburra
Unai Belintxon Zuzenbidean lizentziaduna eta doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Deustuko Unibertsitateko Enpresa Zuzenbideko Masterra dauka. Ikergai izan ditu Europako eta nazioarteko errepideko garraioaren zuzenbidea salgaien eta bidaiarien modalitateetan, nazioarteko zuzenbide pribatua, nazioarteko itsas garraioaren zuzenbidea, nazioarteko merkataritzaren zuzenbidea, nazioarteko zuzenbide prozesal zibila, lehiaren zuzenbidea, eta giza eskubideak eta nazioarteko negozioak.
Ikerketa egonaldiak egin ditu erakunde hauetan: Lausanako (Suitza) ISDCn (Zuzenbide Konparatuko Suitzar Institutua, siglak frantsesez), eta UNIDROITen (Zuzenbide Pribatua Bateratzeko Nazioarteko Institutuan), Erroman (Italia) egoitza duen gobernuarteko erakunde independente batean. Horretaz gainera, “Revista de Derecho del Transporte Terrestre, Marítimo, Aéreo y Multimodal” aldizkariaren kolaboratzailea eta ebaluatzailea da, bai eta “Anuario Español de Derecho Internacional Privado” (AEDIPr) aldizkariarena ere.