Ricardo Cierbide Martinena nafar filologo eta euskal onomastikan aditua zenak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) emandako hitzaldi batean oinarritu eta hil ondoren kaleratu den artikulu batek ematen dio hasiera “Huarte de San Juan. Filología y Didáctica de la Lengua” aldizkariaren azken zenbakiari. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak argitaratua, aldizkaria doan irakur daiteke Unibertsitatearen Academica-e biltegi instituzionalean. Haren bidez, omenaldia egin nahi izan zaio Cierbideri, filologiaren eta didaktikaren arloko askotariko gaien inguruko beste bederatzi artikulu jasotzeaz gainera.
Bildumaren 17. zenbaki horren bidez, aro berri bati hasiera eman zaio aldizkarian; izan ere, hemendik aurrera María Camino Bueno Alastuey, Orreaga Ibarra Murillo eta Magdalena Romera Ciria NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasleak izango ditu zuzendari.
Cierbideren “La onomástica histórica de Navarra” artikuluaren abiapuntua hilobietako hilarri, botozko aldare eta hainbat inskripziotatik jasotako prerromatar eta erromatar onomastikaren errepaso historikoa da. Ondoren, Nafarroako Erdi Aroko gizartearen parte izan ziren okzitaniar, hebrear eta mudejar gutxiengoekin lotutako antroponimia biltzen eta aztertzen du. “Modu horretan, nafar onomastikaren heterogenotasunaren irudi orokorra eskaintzen da bere historiaren bitartez”, adierazi zuen egileak. Artikuluak, halaber, aztergai ditu Nafarroa Beherean eta Nafarroa Garaian lanbideekin lotuta dauden izen-deiturak, familia jatorria adierazten duten deiturak eta lanbideei dagozkienak. Azkenik, pasarte bat eskaintzen zaio okzitaniar eta hebrear gutxiengoen onomastikari. Omenaldi modura, gainera, Ander Ros Cubas EHUko filologoak idatzi du artikuluaren hitzaurrea.
Aldizkariaren edukia eta egileak
Artikulu horrez bestalde, aldizkarian beste zenbait lan bildu dira: DBHko 3. mailako ikasleekin genero estereotipoen pertzepzioari eta harreman sexisten erreprodukzioari buruz egindako ikerlan bat; beste bat, ingelesa atzerriko hizkuntza gisa irakasteko “alderantzizko eskola”ren eredua aplikatzeari buruzkoa; hirugarren bat, euskalkien dibertsitatearen inguruan; beste azterlan bat, Erronkaribarko etxeen izenei buruzkoa; izen bereziak aztergai dituen artikulu bat; beste bat, Bigarren Hezkuntzako ahozko kontakizunen inguruan; eta beste bi artikulu, ingelesa atzerriko hizkuntza gisa irakastearen zenbait alderdiri buruz.
Aldizkariaren zenbaki honetan argitaratu duten egileen artean, NUPeko zenbait kide aurki daitezke: Camino Bueno Alastuey, Orreaga Ibarra Murillo, Juan Karlos Lopez Mugartza-Iriarte, Magdalena Romera Ciria, Carola Sbrizolo eta Iranzu Ardaiz Mañeru. Gainera, Idoia Eceiza Pedrosak (Gipuzkoako Cristóbal Gamón BHI) eta Ander Ros Cubasek (EHU) ere hartu dute parte, baita Izaskun Villareal Olaizola eta Patricia Martínez de Lizarrondo Larumbe NUPeko egresatuek ere.