Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Banco Santanderrek, Santander Universidades sailaren bitartez, ikasleen artean nazioarteko mugikortasunerako 132 beka banatu zituzten atzo, ekainaren 20an, asteazkena. Horietatik, 128 nazioarteko mugikortasunerako dira, hamalau herrialdetako unibertsitateekin trukeak egiteko lau programari dagozkionak (Santanderren Graduko bederatzi Iberoamerika beka barne), eta beste lau eskuragarri daude enpresetan praktikak egiteko, EUEK (Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia) eta CEPYME (Enpresa Txiki eta Ertainaren Espainiako Konfederazioa) erakundeekin lankidetzan. Laguntza horiek emateko ekitaldia Iruñeko Arrosadiko campuseko Sario eraikinean egin zen, eta bi erakundeek 1999az geroztik zenbait proiektu akademiko garatzeko adostuta daukaten lankidetzaren esparruan kokatzen da.
Laguntza horiek emateko ekitaldiak buru izan zituen Alfonso Carlosena NUPeko errektorea, Inés Abendaño Barcos Banco Santanderreko Nafarroako instituzioen zuzendaria, eta Hugo López López NUPeko Nazioartekotze errektoreordea.
Laguntzen banakatzea


Ezkerretik eskuinera: Inés Abendaño, Alfonso Carlosena eta Hugo López, Banco Santanderren bekak emateko ekitaldian.
Ikasleek nazioarteko mugikortasuna egiteko 128 bekak NUPek hainbat atzerriko unibertsitaterekin eta programa hauekin dauzkan aldebiko hitzarmenei dagozkie: ISEP (International Student Exchange Programs, ikasleen trukerako lehen partzuergo globala, Estatu Batuetan dagoena eta 50 herrialdetako goi mailako 300 hezkuntza erakunde biltzen dituena), Palafox (Latinoamerikarekin trukea) eta Martin de Rada (Asiarako). Zehatz esateko, deialdi horretan, 84 beka Palafox programari dagozkio; 19, Martin de Radari; 12, aldebiko hitzarmenei; 8 ISEP USAri, eta 5 ISEP Nazioartekoari.
Beka horien guztien onuradun izango diren ikasleak hamalau herrialdetan banatuko dira: Argentina (9), Australia (4), Brasil (7), Kanada (1), Txile (30), Txina (13), Hego Korea (2), Estatu Batuak (12), Japonia (2), Mexiko (26), Paraguai (2), Peru (10), Suitza (3) eta Taiwan (2).
Ezagutzaren Gune Iberoamerikarra
Santanderren Graduko Iberoamerika beken kasuan, beren helburua da Ezagutzaren Gune Iberoamerikarraren garapenean laguntzea, unibertsitateko ikasleen arteko trukearen bidez.
Bestalde, ETEetan praktikak egiteko Santanderren bekek aukera ematen diete unibertsitateko ikasleei praktika profesional ordainduak egiteko enpresa txiki eta ertainetan, hiru eta sei hilabete arteko iraupenarekin. Banco Santander bankuak sustatzen du ekimen hori, Santander Universidades atalaren bidez, eta laguntzaile dira EUEK (Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia) eta CEPYME (Enpresa Txiki eta Ertainaren Espainiako Konfederazioa).
Banco Santander mundu osoan hezkuntzan gehien inbertitzen duen enpresa pribatua da (Varkey txostena, UNESCO), eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jarduera hori eta beste batzuk babesten ditu, bi erakundeek 1999az geroztik Santander Universidades sail korporatiboaren bidez gauzatzen duten lankidetzaren esparruan. Izan ere, azken horrek lankidetza-hitzarmenak sinatuta dauzka 21 herrialdetako 1.200 unibertsitate eta ikerketa-zentrorekin.