

“Yo quiero ser científica” proiektuan ari diren irakasleak. Zutik (ezkerretik eskuinera): Patricia Aranguren Garacochea (Marie Sklodowska-Curie), Marisol Gómez Fernández (Emmy Noëther), Idoia San Martín Biurrun (Edith Clarke) eta Silvia Díaz Lucas (Hedy Lamarr). Makurtuta (ezkerretik eskuinera): Alicia Martínez Ramírez (Sofia Kovalévskaya), Leyre Catalán Ros (Alexandriako Hipatia), Edurne Barrenechea Tartas (Ada Lovelace) eta Gurutze Pérez Artieda (Maria Sibylla Merian), beren pertsonaien antzera karakterizatuta. Aránzazu Jurío Munárriz (Klara Von Neumann) falta da.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ingeniaritzako hainbat titulaziotan eskolak ematen dituzten emakumezko bederatzi irakaslek mustuko dute, datorren ekainaren 14an, Iruñeko Planetarioan, “Yo quiero ser científica” izenburuko antzezlana. Obra honen bidez, zabaldu nahi dituzte joan diren mendeetako emakume zientzialarien lana eta bizitza. Bederatziok dira antzezlanaren egileak eta interpreteak, eta ikusgarritasuna eman nahi diete emakume zientzialariei bi arrazoirengatik: lehena, oso edo batere ezaguna ez den zientziaren historiaren parte bat azaleratzeko, eta bigarrena, neskatilek ezagut ditzaten zientziaren eta teknologiaren arloan nabarmendu diren emakumeak, inspirazio eta identifikazio iturri izan dakizkien. Antzezlana publiko guztiari zabalik dago (batez ere 8 eta 12 urte arteko umeentzat da egokia), eta 19:00etan hasiko da. Sarrera doakoa da, aldez aurretik leihatilan gonbidapena jasotzen bada. Ordubete lehenagotik jasotzen ahal da.
Hauek dira antzezlana prestatzen ibili diren ikertzaileak: Patricia Aranguren Garacochea (doktorea Industria Ingeniaritzan), Edurne Barrenechea Tartas (doktorea Informatika Ingeniaritzan), Leyre Catalán Ros (doktoretzako ikaslea Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak programan-Tecomber), Silvia Díaz Lucas (doktorea Telekomunikazio Ingeniaritzan), Marisol Gómez Fernández (doktorea Matematikan), Aránzazu Jurío Munárriz (doktorea Informatika Ingeniaritzan), Alicia Martínez Ramírez (doktorea Telekomunikazio Ingeniaritzan), Gurutze Pérez Artieda (doktorea Industria Ingeniaritzan eta ekimenaren arduraduna) eta Idoia San Martín Biurrun (doktorea Industria Ingeniaritzan). NUPeko lau ikerketa institutuetako bitan lan egiten dute guztiek: Smart Cities Institutua (ISC) eta Material Aurreratuen Institutua (InaMat).
Horietako bakoitzak zientzialari hauena egingo dute: Alexandriako Hipatia, matematikaria, astronomoa eta filosofoa (IV.–V. mendeak); Maria Sibylla Merian, entomologoa eta margolaria (1647-1717); Ada Lovelace (Ada Byron izenaz ere ezaguna), matematikaria eta lehen informatikaria (1815-1852); Sofia Kovalévskaya, matematikaria eta astronomoa (1850-1891); Marie Sklodowska-Curie, kimikaria eta fisikaria (1867-1934); Emmy Noëther, matematikaria (1882-1935); Edith Clarke, ingeniari elektrikoa (1883-1959); Klara Von Neumann, informatikaria (1911-1963); eta Hedy Lamarr, telekomunikazio ingeniaria (1914-2000).
Honako hauek laguntzaile aritu dira ekimen honetan: Óscar Orzaiz Resano, NUPeko Antzerki Taldeko zuzendaria, antzezlana zuzendu duena; Íñigo Pérez Artieda, soinuaz eta musika zuzendaritzaz arduratu dena; Vicente Galbete Martinicorena, eszenografian; Miguel Eraso Ascunce, bideoen egilea; Raquel Hontañón Vélez, estilismoaz arduratu dena; eta Creanavarra Iruñeko Diseinuaren Goi Mailako Zentroko ikasleak, jantzitegiaren arduradun izan direnak.
Zientzialari gehiago Marie Curiez gainera
“Zaila da zientzian eta teknologian nabarmendu diren emakumeen izenak gogoratzea, Marie Curiez gainera —azaldu du Gurutze Pérez Artieda NUPeko Smart Cities (ISC) Institutuko ikertzaileak eta Ingeniaritza Sailera atxikitako irakasleak—. Nolanahi ere, badira askoz ere gehiago, eta gauza garrantzitsuak egin dituzte. Haiek ezagutu eta ezagutarazi nahi ditugu, neskak anima daitezen beren bizitza profesionala zientziaren eta teknologiaren esparruetan garatzera".
Izan ere, emankizun horretako parte-hartzaile guztiek zientzia eta teknologiaren arloko titulazioak egin dituzte, eta esparru horretan garatu dute beren bizitza profesionala. “Gizonentzat egina zirudien mundu batean hasi ginen, baina atsegin genuen. Orain, kezkatuta gaude egoera ez delako aldatu, neskek ez baitituzte ingeniaritza eta zientziaren arloko ikasketak egiten, zeinak zirraragarriak baitira eta mundua hobetzen laguntzen baitute. Pena da!”, deitoratu du proiektuaren arduradunak.
"Uste dugu arazoaren parte bat dela ez dagoela ageriko eredurik, neskentzat eredugarri izan daitekeenik, pertsona miresgarririk berarekin bat egiteko edo inspirazio iturri gisa erabiltzeko modukorik, ederra, dibertigarria eta eraikitzailea izan daitekeen zerbait bizi izan duten emakume zientzialaririk. Beren arazo eta arrakastekin bizitza oso-beteak bizi izan dituzten iraganeko zientzialari horiek erakutsi nahi genizkieke —azaldu du Gurutze Pérez Artiedak—. Halaber, nahi dugu ikus dezaten egun egoera errazagoa dela, eta, horrenbestez, bai neskek eta bai mutilek aukera dutela gehien atsegin duten horretan lan egiteko. Zergatik ez zientziaren eta teknologiaren arloan? Antzezlan honen bidez, nahiko genuke ikastetxe eta institutuetan ikasten duten neska-mutilek iraganeko eta oraingo emakumezko zientzialarien ereduak ezagut ditzaten, etorkizunean emakumezko zientzialariak nabarmentzea beharrezkoa izan ez dadin".
Proiektu hau aukeratu dute NUPen, 2018rako Kultura Proiektuen deialdiaren barruan. Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak antolatu du ekimena, bere Kultura eta Kiroletako Unitatearen bidez, erakundearen kultura bizitza aberastera eta hura gizartera hurbiltzera zuzendutako unibertsitateko komunitatearen jarduerak saritzeko. Proiektuak Nafarroako Gobernuaren babesa eduki du, eta parte hartu du, halaber, Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioak (FECYT - Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioa) zientzia, teknologia eta berrikuntzaren kultura sustatzeko egindako laguntzen azken deialdian.