

LIFENADAPTA proiektuan parte hartzen duten NUPeko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera, Rodrigo Antón, Francisco Javier Arricibita, Paloma Bescansa, Iñigo Virto eta Alberto Enrique.
Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIGMET) “Lurzoruen Kudeaketa eta Erabilera Iraunkorra” ikerketa-taldearen bidez, ikerketa batean parte hartzen ari da, Nafarroako nekazaritza-sistemek klima-aldaketara egokitzeko daukaten gaitasunari buruz. Nafarroako Gobernua buru duen LIFE NAdapta 2017-2025 europar proiektuan (Foru Komunitatea klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeari buruzkoa) kokatzen den ekintza bat da, eta bertan parte hartzen du NUPek, INTIAren (Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegituretako Nafar Institutua) eta NILSAren (Navarra de Infraestructuras Locales) lankidetzarekin, nekazaritzako arlo estrategikoaren barruan, zeinak INTIA buru baitu.
Hain zuzen, Unibertsitatea partaide duen ekintzaren izena hau da: “Nekazaritza-sistemak klima-aldaketara egokitzeko gaitasunaren optimizazioa, materia organikoa, laboreak eta lurzorua maneiatzeko estrategien bidez”. Bere helburua da zehaztea zer erresilientzia-maila (nahasmenduak pairatzeko gaitasuna) daukan lurzoruak, eta zer nolakoa edukiko lukeen klima-baldintzak aldatuko balira, nekazaritza ondorio klimatiko gogorretara hobeki egokitu dadila lortzeko xedez. Prozesuan, diagnostiko bat egiten da zaurgarritasuna eta moldagarritasuna neurtzen duten adierazle batzuen bitartez, labore-estrategia ezberdinak dauzkaten lursailen sare hautatu batean. Ondoren, landa-saiakuntzak diseinatzen dira, hiru sistema zehatz hauen eraginkortasuna ebaluatzeko, hain zuzen: materia organikoen erabilerarena, laboreen txandakatzearena eta lurzorua maneiatzearena.
NUPen aldetik, proiektuan zenbait irakasle eta ikertzaile parte hartzen ari dira proiektuan: Iñigo Virto Quecedo, Alberto Enrique Martín, Paloma Bescansa Miguel (guztiak NUPeko IS-FOOD ikerketa-institutuko kideak) eta Francisco Javier Arricibita Videgáin. Halaber, Rodrigo Antón Sobejano ere aritzen da elkarlanean, prestakuntzako ikertzaile gisa.
LIFE proiektuak eta Nafarroa klima-aldaketara egokitzea
Europako Batzordeak LIFE programaren markoan onetsi zuen NAdapta proiektua, eta 15,6 milioi euroko aurrekontua dauka (EBk horietatik 9,3 jartzen ditu) 2017tik 2025era bitartean, bi urteko alditan egituratutako garapenarekin.
Proiektuak Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua du buru, eta bertan finantzatzaile moduan parte hartzen dute Osasuneko, Eskubide Sozialetako eta Garapen Ekonomikorako departamentuek. Halaber, NUPez bestalde, zenbait enpresa publikok esku hartzen dute kide gisa, esaterako GAN-NIK (Gestión Ambiental de Navarra - Nafarroako Ingurumen Kudeaketa), INTIA, NASUVINSA-Lursarea (Navarra de Suelo y Vivienda - Iraunkortasunaren Nafarroako Agentzia) eta NILSA enpresek. Proiektuak, gainera, bat egiten du Klima Aldaketaren Nafarroako Ibilbide Orriarekin (KLINA).
NUPek, nekazaritzaren ardatzean, zehazki nekazaritza-lurzorua kudeatzeko estrategietan esku hartzen du, baina ardatz horrek beste eremu batzuk ere dauzka aztergai: ureztatzeko ura kudeatzeko estrategiak, landare-materialaren moldaera hobetzeko estrategiak, sortzen ari diren izurriak eta gaixotasunak monitorizatzeko eta ohartarazteko sistema, eta, azkenik, suteen aurkako borroka baso-artzaintzaren kudeaketaren bidez.
LIFE NAdapta proiektuak, nekazaritzaz gain, beste bost interesgune biltzen ditu: ura, basoak, osasuna eta azpiegiturak, baita horien guztien koordinazioa aztertzen duen bosgarren bat ere.