Joan eduki nagusira

zoom Carolina Fundazioak eta IGUEk (AUIP) beka emandako ikasleak, joan den ikasturtean NUPen, Unibertsitateko nazioartekotze-arduradunekin.

Carolina Fundazioak eta IGUEk (AUIP) beka emandako ikasleak, joan den ikasturtean NUPen, Unibertsitateko nazioartekotze-arduradunekin.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bost master eskaintzen dizkie ikasle iberoamerikarrei, Carolina Fundazioaren bidez, eta 12.641 eskaera egon dira, guztira, haietan parte hartzeko. NUPek handiagotu egin du aurtengo graduondokoen eskaintza, eta joan den urtean baino bi gehiago eskaintzen ditu. Bi horietako bat izan da, hain justu, Unibertsitatean bekarekin ikasteko bigarren eskatuena.

Eskaerarik gehien jaso dituena Osasun Publikoko Unibertsitate Masterra izan da, 4.715 eskaera jaso baititu; ondoren Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Masterra dator, 2.797 eskaerarekin, eta hirugarren postuan Informazio Geografikoko Sistemetako eta Teledetekzioko Unibertsitate Masterra, 1.908 eskaerarekin (azken biak dira deialdi honetan lehen aldiz eskaini direnak). Atzetik datoz Nekazaritzako Elikagaien Industrietako Teknologiako eta Kalitateko Unibertsitate Masterra, 1.636 eskaerarekin, eta Unibertsitate Masterra Energia Berriztagarrietan: Sorkuntza Elektrikoa, zeina 1.585 pertsonak egin nahi baitute. Izan diren eskaera guztien heren bat (4.236) Kolonbiatik datoz, non NUP partaide den partzuergoek –Campus Iberus eta Unibertsitateen G-9 Taldea– gero eta ahalegin handiagoa egin baitute masterrak sustatzeko lanean. Ondoren, eskaera gehienak herrialde hauetatik datoz: Ekuador, Brasil, Venezuela eta Mexikotik. Denera, 22 herrialdetatik egin dituzte eskaerak.

Carolina bekak eta NUPeko master eskaintza

Carolina Fundazioaren graduondoko bekak Iberoamerikako Nazioen Komunitateko kidea den Latinoamerikako herrialde bateko lizentziadun nazionalak, curriculum bikain batek bermatutako gaitasun akademiko edo profesionalak dituztenak, Espainian prestatzeko dira. Carolina Fundazioa 2000. urtean sortu zen. Erakundearen helburua da Espainiaren eta Iberoamerikako Nazioen Komunitateko herrialdeen arteko harreman kulturalak eta hezkuntza eta zientzia lankidetza sustatzea. Sortu zenetik, 16.000 beka eta ikerketarako laguntza eman dizkie Iberoamerikako unibertsitate-ikasleei.

Gogorarazi behar da NUPek eskaintzen dituen 26 master ofizialetan izena emateko epea zabalik dagoela ostiralera arte, hau da, maiatzaren 18ra arte. Horri buruzko informazio guztia ikusten ahal da Unibertsitatearen webgunean.