Joan eduki nagusira

zoom Igor Saenz Abarzuza, NUPeko doktore berria

Igor Saenz Abarzuza, NUPeko doktore berria

Pau Casals musikari katalanak (El Vendrell, Tarragona, 1876 - San Juan de Puerto Rico, 1973) funtsezkoa da XX. mendearen lehen erdiko musika-interpretazioaren historia ulertzeko, biolontxeloa jotzeko garai hartako teknika, estiloa eta erabilerak aldatu baitzituen. Johann Sebastian Bachen "Biolontxelo solorako sei suite" obraren Casalsen interpretazioa grabatu zuen 1936tik 1939ra. Hori oinarri hartuta, Igor Saenz Abarzuza (Iruñea, 1984) musika-ikertzaileak musikari katalanaren interpretazio-estiloa aztertu du, eta, zehazki, "rubatoa" (tempoa bizkortuz edo motelduz nota jakin batzuen balioa aldatzea) nola erabiltzen duen. Azterketa hori Igor Saenzek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesiaren parte da, eta beste musikari batzuei aukera emango die Casalsen interpretazioak antzeratzeko, “recordings-informed-performance” direlakoak egiten dituztenean, hots, antzeratu nahi den beste musika-jotzaile baten modura interpretatzen dutenean. Era berean, ikerketak xeheki aztertzen du agogikaren (obra bat exekutatzean egin beharreko denbora-aldaketa txikiak, partituran idatzita ez daudenak) interpretazioa eskala txikienetik hasita, eta, horretarako, “Sonic Visualiser” programa informatikoa erabili du.

Igor Saenz biolontxelo-jotzaileak suiteen 36 mugimenduetatik bi aztertu ditu sakonki: lehenengo suiteko “Preludioa” eta bosgarreneko “Sarabanda”. Ikerketa artistikoko joera berriei jarraikiz egin da ikerketa, zeren eta ikertzaileak biolontxelista gisa izandako esperientzia baliatzen baitu jakintza-iturri nagusi gisa. Tesiak bikain kalifikazioa lortu du.

Erabateko planifikazioa

Bachen “Preludioa” eta “Sarabanda” aztertuta, Saenzek egiaztatu du Casalsen interpretazioa obraren azterketa sakon baten emaitza dela. Hortik aurrera, musikari katalanak ez du baliatzen partituratik aldentzen den nabarmenkeriarik edo interpretazio-baliabiderik, baina bai luzatze-baliabidea, garrantzi harmonikoa, egiturazkoa edo melodikoa duten notak nabarmentzeko. “Frogatuta gelditu da Casalsek hartzen dituen erabakiak ez direla zorizkoak, ez direla irregularrak; esplikazio analitikoa dute, eta helburu estilistikoa. Aldez aurretik planifikatuta dago dena”, dio ikertzaileak. Marcos Andrés Vierge NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko Musika Arloko irakasleak zuzendu du ikerketa.

Saenzek egiaztatu du partituran islatzen den erregulartasuna askatasunez interpretatzen duela Casalsek, baina baita Bachek idatzitakoarekiko begirunez ere. “Etengabeko erritmo-gorabeherek ez dituzte aldatzen partituraren balio erritmikoak; beraz, esan liteke Casalsek idatzita dagoena jotzen duela: bada askatasuna, baina baita ordena ere”, ondorioztatu du musika-ikertzaileak.

Curriculum laburra

Igor Saenz Abarzuzak biolontxelo-ikasketak egin zituen Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionalean eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, non gradua egin baitzuen Biolontxeloaren Interpretazioan eta Pedagogian. Gabriel Mesado eta Itziar Atuxa irakasleekin segitu zuen biolontxelo-prestakuntza Salamancan, Antzinako Musikaren Akademian. Gero, Bartzelonara joan zen, eta biolontxelo historikoari buruzko graduondoko bat egin zuen Bruno Cocset eta Emmanuel Balssarekin Escola Superior de Música de Catalunyan. Bere ibilbidean, eskolak eman dizkiote, besteak beste, Teresa Valente, Josetxu Obregón, Marco Frezzato, Amparo Lacruz, Mercedes Ruiz, Damián Martinez eta Jacek Lublinieki biolontxelo-jotzaileek.

Musika-ikerketaren arloan, Musika Gaitasunen Garapenaren Ikerketako Masterra egin zuen NUPen, doktoretza egin aurretik.

Interprete gisa, zenbait estilotako proiektuetan hartu du parte, antzinako musikako proiektuetatik hasi eta musika modernokoetaraino: Zura Quartet, Iruñeko Hiria Orkestra, Rock Classical Trio, Qantara, Joaquín Taboada Dúo, Xu Pinghui, En-Kantu, Plektrum Ensemble eta abar.

Igor Saenz Abarzuza biolontxelo-irakaslea da Aranguren ibarreko Udal Musika eskolan, bai eta irakasle ere NUPen eta Udako Euskal Unibertsitatean.