

Konferentziaren inaugurazioa. Ezkerretik eskuinera: Juan Carlos San Pedro Veledo, Hezkuntza Dekanoen Konferentziako burua; Alfonso Carlosena, NUPeko errektorea; María Solana Arana, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria, eta Miguel R. Wilhelmi, NUPeko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko dekanoa.
Hezkuntzako Dekanoen Konferentzia, zeinak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Graduak eta Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Masterra eskaintzen dituzten herrialdeko ikastegi guztiak biltzen baititu, Iruñean bildu da, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) gonbidatua. Bilera atzo, maiatzaren 10ean, osteguna, hasi zen, eta gaur maiatzaren 11n, ostiralean, amaituko da. NUPeko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak antolatu du ekitaldi hau. Ekitaldian Espainiako hirurogei unibertsitate publiko eta pribatutako fakultateetako eta unibertsitate eskoletako zuzendaritza taldeetako 105 pertsona bildu dira. Halaber, beste horrenbeste foru autonomia erkidegotako bederatzi hezkuntza kontseilaritzatako arduradunek ere parte hartzen dute biltzarrean.
Topaketa honi esker zabaltzen, balioesten eta zehazten ari dira irakasleen garapen profesionalerako eredua eta Irakasle Lanbiderako Sarbidearen (ILS) sistema abian jartzeko bitartekoak, Konferentziak proposatutakoak. Konferentziak landu du azken urteotan proposamen hau, eta ordezko aukera bat izan nahi du prentsan azken hilabeteetan "Hezkuntza MIR" edo "DIR" izenekin agertu diren ekimenen aurrean. Proposamenak onartzen du irakasle berriek hasierako prestakuntza aldi bat beharko dutela, hezkuntza sisteman murgiltze bat, alegia; baina erreforma oso eta sistemiko bat nahi du, "Hezkuntza fakultateetarako sarbidetik irakasleen erretretaraino" hartuko lukeena. Beraz, proposamenak arbuiatu egiten ditu loturarik gabeko eta unean uneko neurriak, eta artikulatu nahi ditu irakasleen hasierako prestakuntza eta etengabeko prestakuntza, garrantzi berezia emanez lehen irakaskuntza-urteei, sarbide-sistema koherentea eta praktika-testuinguru baten barrukoa izateari, eta hori guztia egiteari horretan sartuta dauden eragile guztien (hezkuntza fakultateak, hezkuntza ikastegiak eta administrazioa) koordinazioarekin eta lankidetzarekin.
Hasiera ekitaldia NAPIn
Monografikoaren hasiera ekitaldia atzo izan zen Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan (NAPI), Magisteritza Eskolako lehengo egoitza zen hartan (bere aldetik, NUPen aitzindaria izan zena). Ekitaldi horretan, pertsona hauek egon ziren: Alfonso Carlosena, NUPeko errektorea; Juan Carlos San Pedro Veledo, Hezkuntza Dekanoen Konferentziako burua eta Oviedoko Unibertsitateko Irakasleen Prestakuntza eta Hezkuntzako Fakultateko dekanoa; Miguel R. Wilhelmi, NUPeko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko dekanoa; eta María Solana Arana, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria. Topaketak gaur segituko du aurrera, NUPeko Arrosadiko campusean.
"Topaketa honen helburua da —esan du Miguel R. Wilhelmik— irakasleen garapen profesionalerako eredua eta irakasle lanbiderako sarbidearen sistema zabaltzea, osasunean erabiltzen den MIR delakoarekin dituen antzekotasunak eta ezberdintasunak identifikatuz, irakaslearen karreraren berezitasuna azpimarratzeko; gero, ereduaren garapenean eta abian jartzeko prozesuan sartuta dauden eragile guztien –hezkuntza ikastegiak, eskualdeko eta estatuko administrazioak, sindikatuak eta unibertsitateak– elkarrizketa sustatu nahi dugu; eta sarbidearen sistemaren funtsezko elementuak garatu nahi ditugu, hezkuntza fakultateen, irakasleak prestatzeko ikastegien eta administrazioen arteko adostasuna bultzatuz eta beren ekarpenak jasoz".
Horretarako, Iruñeko bilera honetan bi jarduera oinarrizko egiten ari dira: alde batetik, irakasleen garapen profesionalerako eredua eta Irakasle Lanbiderako Sarbidearen sistema nolakoak diren azaltzea, eta beste alde batetik, eredu honetan biltzen diren zenbait gorabehera eztabaidatzea erkidego batzuetako hezkuntza-administrazioko arduradunekin. "Izan ere, jardunaldi hauetan zenbait autonomia erkidegotako ordezkariak parte hartzen ari dira, eta mahai-inguruetan txostengile ari dira komunitate hauetako hezkuntza zuzendaritza nagusiak: Asturiaseko, Gaztela-Leongo, Galiziako, Errioxako, Murtziako, Nafarroako eta Kanarietakoa, zeina Senatuko Hezkuntza Batzorde Sektorialeko kidea baita", gaineratu du Miguel R. Wilhelmik.
Konferentziaren bi proposamenak
Irakasleen garapen profesionalerako ereduari dagokionez, Dekanoen Konferentziak proposatzen du, adibidez, berariazko proba bat ezartzea irakasletzako graduetara eta Bigarren Hezkuntzako masterrera sartzeko; ikasketa hauen esperimentaltasunaren koefizientea handiagotzea; ikasketa planak gaurkotzeko mekanismoak malguagotzea; Hezkuntza Zientzietako fakulateetako irakasleen behin-behinekotasunaren ehunekoak txikiagotzea; Hezkuntza Zientzietako irakasle elkartuaren irudia berraztertzea; irakasle lotuaren irudia sortzea; eta unibertsitateetako irakasleen egiaztapen-politiketan egiturazko aldaketak eskatzea.
Irakasle Lanbiderako Sarbidearen sistemari dagokionez, Biltzarrak proposatzen du autonomia erkidegoen berezitasunei egokituko zaien eredu bat, hezkuntza sistemak (publikoak eta pribatuak) bereganatzen ahal duen postu kopuruari lotutako postu kopuruarekin, bi urteko iraupena izango duena, irakasle berriak kontratatuz hasierako hezkuntza-murgiltzearen prestakuntza aldi baterako, medikuntzaren arloan MIR delakoan daudenek edukitzen dituzten baldintza berdintsuekin. Aldi hori erreferentziazko ikastetxe-sare batean egingo litzateke, tutore (irakasleak eta profesionalak) egiaztatuekin.
Eredu hau aurkeztu zaio Madrilgo Gobernuari, Diputatuen Kongresuan ordezkaritza daukaten parlamentari talde guztiei, autonomia erkidegoetako hezkuntza kontseilaritzei, hezkuntza fakultateei eta beste erakunde batzuei.
Dekanoen Konferentzia
Irakasletza eta Hezkuntzako tituluak dituzten ikastegien Dekanoen Konferentzia Espainiako unibertsitateen artean hezkuntza titulazioetarako interesgarriak diren gaiei buruzko trukaketa eta eztabaida-saioak bultzatzeko erakundea da, bere interesak defenditzeko xedez.
Bere aldetik, NUPeko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak, ikasturte honetan, 1.327 ikasle ditu matrikulatuta gaztelaniaz eta euskaraz ematen diren Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Graduan, eta Haur Hezkuntzako Irakasletzako Graduan, eta Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterrean. Gainera, aipatu graduetako bat egiten duen ikasleak bere prestakuntza osatzen ahal du sexu heziketari buruzko titulu bereki batekin.