Joan eduki nagusira

zoom Guillermo Otano Jiménez, NUPeko doktore berria.

Guillermo Otano Jiménez, NUPeko doktore berria.

Guillermo Otano Jiménez ikertzaileak (Iruñea, 1982), teoria soziologikotik abiatuta, aztergai izan du Amartya K. Sen indiar irakasle eta 1998ko Ekonomiako Nobel saridunak ongizate ekonomikoari buruzko ikerketei egindako ekarpen berrietako bat: gaitasunaren ikusmoldea, hots, norberaren eta taldearen ongizatea ebaluatzea proposatzen duen esparru arautzaile bat, pertsonek estimatzen dutena lortu ahal izateko dauzkaten aukeren multzo gisa ulertuta. Ikuspuntu horrek defendatzen du askatasun errealaren ideia alternatiba bat dela diru sarrera edo baliabideen aurrean, ongizatearen eta justizia sozialaren analisirako, eta hori bera hartu zuten kontuan Nazio Batuek 90eko hamarkadan giza garapenaren indizea egiteko. Planteamendu horren ondorioz, soziologoak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen doktoretza tesian, defendatu egin ditu “oinarrizko gaitasunak hedatzera bideratutako garapen estrategiak”, bai eta “gizarte osoak horiei buruzko debate publikoa eta azterketa arrazoitua egiteko beharra” ere.

“Doktoretza tesi honek gizarte aldaketa eta ekintza kolektiboa aztertzeko gaitasunaren ikusmoldeak berekin dakartzan erronkak esploratzen ditu –azaldu du Guillermo Otanok–. Ikusmolde horren lehen agerpena 80ko hamarkadan suertatu zen, Amartya K. Sen indiar ekonomialariaren eskutik. Hark proposatu zion zientzia komunitateari, ekonomian eta banaketa justiziaren teorietan ongizatea ebaluatzeko ohiko moduetatik aldentzen zen alternatiba fidagarri bezala”.

Amartya K. Sen (Santiniketan, India, 1933) Cambridgen ikasitakoa da, eta irakasle aritu da Britainia Handiko eta Estatu Batuetako zenbait unibertsitatetan. Bere ekarpen teorikoak garatzeko, hein handi batean, ikusmoldearen beste aitzindarietako bat den Martha Nussbaum estatubatuar filosofoarekin edukitako elkarrizketak izan ditu abiapuntu. “Bien ekarpenek nazioarteko publiko handiaren arreta erakarri zuten 90eko hamarkadan, hain zuzen Nazio Batuen Garapenerako Programak –NBGP– gaitasunaren ikusmoldea bere egin zuenean, giza garapenaren kontzeptua sortzeko –gogorarazi du Guillermo Otanok–. NBGPk urtero giza garapenari buruz egin izan dituen ondoz ondoko mundu mailako txostenetan, zenbait formula proposatu ditu nazioarteko desorekak, garapena eta pobrezia aztertzeko; izan ere, fenomeno horiek guztiak modu kuantitatiboan baino ez ziren lantzen ordura arte, diru sarreren eta barne produktu gordinaren neurria baliatuz”.

Giza garapena eta gizarte aldaketa

Guillermo Otanok, bikain “cum laude” kalifikazioa lortu duen tesian, teoria soziologikoa erabiltzen du debate horien irakurketa egiteko. “Soziologian lizentziaduna naizenez, intuizio jakin batek eraman ninduen tesi hau egitera: asmoa baldin bada giza garapena gizartearen aldaketa-prozesu gisa teorizatzea, ez da aski giza ongizatea talde edo gizarte jakin batean ebaluatzea eta ongizate horrek denboran izandako bilakaera datu segiden bidez aztertzea –baieztatu du–. Halaber, beharrezkoa da aldaketa horien egiturazko baldintzei arreta ematea ere, hau da, banakako eta taldeko ekintzari zentzua ematen dioten eta aldi berean hura baldintzatzen duten –dela zabaltzeko, dela mugatzeko– gizarte harremanei. Eta, horretarako, beharrezkoa da neurketa estatistikoak gizarteari buruzko begirada batekin osatzea, balioen sorrerari –eta gainbeherari– eta gizarte konpromisoekin daukaten loturari buruzko auziak gehituz”.

Ignacio Sánchez de la Yncera Soziologia Saileko irakasleak zuzendu duen tesi horren oinarrizko ekarpena Amartya K. Senek ekonomiatik eta filosofiatik abiatuta proposatu duen ikusmoldearen inguruan egin diren interpretazioak sintetizatzean datza, eta horiek soziologiatik abiatuta erants liezazkiekeen ikerketa lerroekin alderatzean, “gaitasunaren ikusmoldearen indarra gizarte aldaketaren analisirantz hedatzeko”. Bi gai horiek jasota daude egileak hautatutako funtsezko alderdiei buruzko 26 gogoeten artean, ondorioen atalean, eta horiekin batera terminoen glosario labur bat ere erantsi du, zeinean gaitasunaren oinarrizko kontzeptuak eta kategoriak gehitu baititu.

Curriculum laburra

Doktoretzari ekin aurretik, Soziologia lizentziatura egin zuen NUPen, eta aparteko saria erdietsi zuen. Tesia egin bitartean, Garapen Ikasketen Espainiako Sareak ematen duen ikertzaile gazteentzako II. REEDES saria irabazi zuen.

Guillermo Otanok zenbait artikulu zientifiko eta kongresutarako komunikazio egin ditu, bakarka eta taldean, eta gaur egun Alboan fundazioan egiten du lan. Bertan, ikasketen eta prestakuntza proposamenen arloko teknikari dihardu, eta Gatazkarik Gabeko Teknologia izeneko kanpainaren eragin politikoaren arduraduna da. Idatzizko zenbait hedabidetan kolaboratzaile aritzen da aldian behin, hala nola “El Correo”, “Diario Vasco” eta “El País” egunkarietan, azken horren kasuan Planeta Futuro izeneko atalean. Aipatu Garapen Ikasketen Espainiako Sareko (REEDES) kide da, baita Human Development and Capabilities Association (HDCA) elkartekoa eta Nafarroako Soziologoen Elkargokoa ere.