Zenbait ikasle adi-adi Ainara López Maestresalas NUPeko IS-FOOD institutuko ikertzailearen azalpenak entzuten.
Nafarroako zazpi ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako (DBHko eta Batxilergoko) 146 ikaslek parte hartu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nekazaritza eta Elikagaien Teknologietan Hasteko X. Jardunaldian. Prestakuntza jarduera horren xedea da sektore hori gazteengana hurbiltzea, saio praktikoen bidez. Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIGMET) antolatu du “Etorri eta esperimentatu” izeneko jardunaldia. Ikasleek hamabi jarduera praktiko izan dituzte esperimentuak egiteko. Jarduerak gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez eman dira. Jardueren gaietako batzuk intsektuen hazkuntza eta kontsumoa, izurriteen kontrol biologikoa, drone bidezko doitasun-nekazaritza eta haragi-produktuen zentzumenezko analisia izan dira.
Jardunaldian zenbait herritako ikastetxeek hartu dute parte: Zizur Txikiko San Fermin Ikastolak, Iruñeko Mendillorri BHIk, Padre Moret-Irubide BHIk, Sagrado Corazón, San Ignacio-Jesuitas eta Santo Tomás - Dominicas ikastetxeek eta Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolak.
Lan profesionalera hurbiltzea
Jardunaldi horren xedea izan da zenbait jarduera jartzea ikastegi horien esku, ikastegi horietako ikasleei aukera emateko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan prestakuntza jasotzen duten tituludunek jarduteko dauzkaten arlo eta jardueretara hurbiltzeko, bai eta instalazioak ezagutzeko ere. Ikastegiak graduko hiru titulazio eskaintzen ditu (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua, EUR-ACE® ingeniaritzetarako Europako kalitate-ziurtagiria duena; Elikagai Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzako Gradua; eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako eta Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Gradu Bikoitza), bai eta sei master ere. Horien artean, Nekazaritza Ingeniaritzako Masterra profesionalizatzailea da, eta nekazaritza-ingeniaria izateko eskumena ematen du. Hurrengo ikasturtean, gainera, beste hiru gradu berri eskainiko ditu: Bioteknologiako Gradua, Datuen Zientzietako Gradua eta Zientzietako Gradua.
NIGMETek, bestalde, hizkuntzak irakastearen aldeko apustua egin du; esaterako, frantsesa ikasteko programa baten bidez (Programme d’Apprentissage du Français), Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduko eta Elikagai Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzako Graduko ikasleek berariazko prestakuntza jasoko dute Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko frantseseko mailak lortzeko, karrerako irakasgaiekin koordinatuta.
Bi gradu horietan, gainera, aukera dago bi titulu bereki hauek eginez espezializatzeko: Agroekologia eta Landa Garapena eta Marketina Industriaren Ikuspegitik.
Aukerak sortzen dituzten teknologia berriak
Azken urteotan, teknologia berriek eragin nabarmen izan dute nekazaritzaren eta elikagaien arloetako profesionalen garapenean, eta aukera berriak sortu dituzte enplegua sortzeko ahalmen handia duten esparruetan; esaterako, energia berriztagarriak, sateliteen eta droneen erabilera nekazaritzan, lur ureztatu eraginkorren diseinua, nekazaritzako produktuen sorrera, merkaturatzea eta esportazioa, elikagai berrien garapena, kalitate- eta trazabilitate-araudiaren ezarpena, landa-eremuko azpiegituren diseinua, edo natura-inguruneen kudeaketa.
Jardunaldian parte hartu duten Bigarren Hezkuntzako ikasleak talde txikitan banatu dira, eta, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko langileek lagunduta, zirkuitu bat egin dute, jarduera hauek barne: “Doitasun-nekazaritza: droneak”, “Haragi-produktuen zentzumenezko analisia”, “Lurzorua babestea”, “Izurriteen kontrol biologikoa”, “Landareentzako ura erabiltzeko aukerak”, “Entomofagia”, “How an engine Works (Motor batek nola funtzionatzen duen)", “Okintzako berrikuntzak”, “Uretako ornogabeak”, “Mikroerreaktoreak: gauza txikien handitasuna”, “Zer dira katalizatzaileak, zertarako erabiltzen dira eta nola ikertzen dugu haiek garatzeko?” eta “Nor da nor?”.