

NUPeko Ramón Gonzalo García Ikerketako errektoreordea eta Begoña Vicente Yenes Unibertsitatearen ikerketa institutuetako negozio zuzendaria, biak elkarrekin, Jerónimo de Ayanzen obraren faksimilea daukan beiratearen aurrean.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Jerónimo de Ayanz asmatzaile nafarrak idatzi zuen liburu baten kapitulu ezagun bakarraren edizio faksimilea argitaratu du, zeinean bere ideia zientifikoei buruz mintzatzen baita. Faksimilea egiteko ideia Ikerketako Errektoreordetzaren ekimen bat izan da, eta Unibertsitateko ikerketa institutuek (IS-FOOD, ISC, INARBE eta INAMAT) lagundu dute. NUPeko Argitalpen Atalak kudeatu du edizioa, eta faksimilearen ale bat NUPeko Jerónimo de Ayanz eraikinean dago ikusgai, Iruñeko Arrosadiko campusean.
Dokumentuak laguntzen du Jerónimo de Ayanz (Gendulain, 1553-Madril, 1613) asmatzailearen jarduna ezagutzen, batez ere bere bizitzako azken urteetan, 1612. eta 1613. urte orain arte ezezagunen artean. Bertan ikus daiteke Ayanz harremanetan zegoela Italiako zenbait zientzialarirekin (hala erakusten du kapituluaren eskaintza gisako izenburuak: “Al serenissimo príncipe Emanuel Filiberto…”); izan ere, zientziaren iraultza hasi berria zen Italian, Galileo Galilei ospetsuaren eskutik, sinesmen erlijioso tradizionalen eta protozientifikoen aurka. Jatorrizko idazkia Espainiako Liburutegi Nazionalaren funtsen artean dago. Hara iritsi zen 2013ko urrian, enkante publiko baten ondoren, kontserbazio egoera onean. Edizio faksimile honen 100 aleko botaldia egin da, eta erakundearen opari gisa erabiliko.
Dokumentuaren eduki zientifikoa
Dokumentu honen eduki zientifikoari dagokionez, hasteko, nafar asmatzaileak sinesmen bat gezurtatzen du, hain zuzen “elementuen konpultsio” izenekoa (horren arabera, elementu-multzo bat zen higikari bat lekualdatzera behartzen zutena, bultza eginez, kanpoko indar bat izan beharrean). Makinen betiereko higidura ezinezkoa dela ere defenditzen du (horixe zen garai hartan zabalduen zegoen topikoetako bat), hau da, etengabe funtzionatzen duen makinarik izatea ezinezkoa dela, beti dagoelako marruskadura.
Horrekin batera, Jerónimo de Ayanzek presio atmosferikoaren kontzeptua susmatu zuela ematen du (artean, ezezaguna, zenbait hamarkada geroago harekin esperimentuak egin ziren arte), hutsaren existentziarekin lotua, nahiz eta ukatu "erabateko hutsera" heltzea posible denik.
Beste ikerketa-ildo batean, zientzialariak bere garaian egia absolututzat jotzen ziren ezagutza alkimiko jakin batzuen aurka egiten du, esaterako neurri bat lurretatik hamar neurri ur lor zitezkeela baieztatzen zuen uste faltsuaren aurka. Era berean, “airea ez dela su bihurtzen” dio, “sugarra ez baita sua, materia piztua baizik”. Zientziarako zeukan grinari jarraikiz, froga enpirikoak baliatu zituen bere hipotesiak frogatzeko. Horrela, uretatik sor daitekeen “aire" partea (lurruna) frogatzeko, tramankulu bat baliatzen du (liburuaren orrietan utzi zuen eginda haren marrazki bat), ura jasotzeko sortu zuen lurrun-makinan oinarritua. Horrekin erakutsi nahi du zenbat lurrun atera daitekeen uretatik “suaren” (beroaren) bidez. Azkenik, larru batekin egindako esperimentu baten berri ematen du; larrua hazi egiten da lurruna jasotzen duenean eta gero, aldiz, zimurtu, lurruna kondentsatzen denean. Hau errekuntzaren teoriaren aurrekari bat da (garai hartan ezezaguna zena), lehen sua eta garra gauza bera zirela uste baitzen.
Nicolás García Tapia irakasleak, Jerónimo de Ayanz y Beaumont, 1553-1613 liburuan (Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2010), hauxe aipatu zuen: “Kapitulu honek garai hartako zientziak berezko zituen zenbait akats izanik ere, zalantzarik ez dago eduki aldetik ausarta eta aurreratua dela bere garairako. Gaur egungo printzipio zientifiko asko frogatzen dira edo frogatzeko bidean daude kapitulu honetan. —jarraitzen du—. Gainerako kapituluak aurkitzea falta da, baina senak esaten digu zientzia-liburu handi bat osatzen dutela kapituluok, teknikari batek idatzi zituela, eta berak asmatu zituen tresnekin eginiko bere esperimentuak hartu zituela oinarri; izan ere, Ayanzek benetan uste baitu ez dagoela froga baino filosofia ziurragorik, hark gogobetetzen baikaitu eta biltzen baikaitu gure iritzietara”.