Joan eduki nagusira

zoom Yolanda Ubago Martínez, NUPeko doktore berria.

Yolanda Ubago Martínez, NUPeko doktore berria.

ELGAko (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko) 23 merkatu-ekonomiari –Espainiakoa barne– buruzko ikerketa batek ondorioztatu du zenbat eta handiagoa izan herrialde baten zerga deszentralizazioa, orduan eta txikiagoa dela haren efizientzia teknikoa mundu mailako jarduera ekonomikoan. Lan hori Yolanda Ubago Martínez ekonomialariaren doktoretza-tesiari dagokio, zeina Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatu (NUP) baitu.

Harreman negatibo hori azaltzen duten askotariko arrazoiak daude ikertzailearen iritzian. “Gobernu zentrala ondasun publikoen hornitzailea bada, eskala-ekonomien bidez abantailak lortzen dira, eta produkzio-kostuak txikiagoak izaten dira. Halaber, eskualdeko eta tokiko gobernuak askotan txikiegiak dira ondasun eta zerbitzu publikoak modu efizientean hornitzeko, eta batzuetan ustelkeria handiagoa da, edo aukera handiagoa dago presio taldeek manipulatzeko”, argitu du.

Yolanda Ubagoren doktoretza-tesia Ekonomia Saileko bi irakaslek zuzendu dute (Pedro Pascual Arzoz katedradunak eta Roberto Ezcurra Orayen irakasleak), eta zerga deszentralizazioaren kontzeptua du abiapuntu. “Zergak ezartzeko ahalmenak eta gastua beheko gobernu mailei esleitzea da zerga deszentralizazioa. Egun, politika helburu bat da hori herrialde garatu edo garapen bidean diren herrialde gehienetan —azaldu du Yolanda Ubagok. Haren tesia ingelesez dago idatzita, eta bikain “cum laude” kalifikazioa erdietsi du—. Modu aktiboan ere sustatzen dute garapen estrategia gisa zenbait erakundek, hala nola Munduko Bankuak. Estatu Batuetatik Txinara, herrialde askok, Europak barne,  garapen ekonomikoa hobetzeko modua balitz bezala justifikatu dute gobernuko behe mailei baliabideak eta ahalmenak gero eta gehiago transferitzea. Herrialde garatuei dagokienez, 42 demokrazia eta erdidemokraziarekin egindako nazioarteko azterketa batek erakusten du herrialdeen % 70 deszentralizatu dela 1950etik".

Gutxi aztertutako auzia

Zerga deszentralizazioaren eragina ulertzeko beharrak eraman zuen ikertzailea aztertzera ea abantailatsua ote den eskualdeko eta tokiko gobernuei aginpide eta autonomia gehiago ematea diru-sarrera eta gastuen erabakietan, edo gai horiek hobe erabakitzen dituen gobernu zentralak. Horretarako, haren azterketa oinarritu zen ekonomialariek ia aztertu ez duten gai batean: aipatu deszentralizazioaren eragina efizientzia teknikoan. Ekonomiaren ikuspegitik, efizientzia teknikoa honela definitzen da: gehienezko produkzioa lortzea dauzkazun baliabideak erabiliz.

“Harreman horri buruzko ikerketarik eza harrigarria da kontuan hartzen bada efizientzia ekonomikoa dela zerga deszentralizaziorako argudio nagusia, eta haren aurkako argudioak, berriz, oinarritzen direla baliabideen banaketan eta egonkortasun makroekonomikoan izan dezakeen eragin negatiboan —esan du ikertzaileak—. Beraz, tesiak hutsune hori bete nahi du zerga deszentralizazioak efizientzia teknikoan duen eragina aztertuz ELGAko zenbait herrialdetan. Egilearen iritzian haren tesia, “ekarpen berri bat da, zerga deszentralizazioak efizientzia teknikoan duen eragina aztertzen baitu, ez gobernuaren edo sektore publikoaren lana aztertuz, baizik eta efizientzia teknikoa herrialdearen jarduera ekonomikoan aztertuz bere osotasunean”.

Curriculum laburra

Yolanda Ubago Ekonomian lizentziatu zen (Ekonomia Publikoa espezialitatea) Zaragozako Unibertsitatean, Ogasun Publikoko eta Analisi Ekonomikoko Masterra egin zuen Madrilgo Zerga Ikasketen Institutuan, eta NUPen lortu zuen doktore titulua.

Haren curriculum profesionalaren arabera, zazpi urtez aritu da aholkulari ekonomiko sektoreko bi enpresatan, eta, horrez gainera, NUPeko irakasle elkartu izan da. Haren ikerketa arlo nagusia Ekonomia Publikoarekin lotutako gaiak dira.