

Ezkerretik eskuinera: María Jesús Campión Arrastia (NUP), Elena Gil Clemente (UNIZAR) eta Inmaculada Lizasoain Iriso (NUP), priektuan parte hartzen ari diren irakasleetako hiru, Arrosadiko campusean.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Zaragozako Unibertsitateko (UNIZAR) irakasleek irakaskuntza-berrikuntzako proiektu bat bultzatu dute. Beren asmoa da irakaskuntza metodo berriak sustatzea hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleentzat, bi unibertsitateetako Irakasletza Lehen Hezkuntzan eta Irakasletza Haur Hezkuntzan graduetako Matematika eta Matematikaren Didaktika irakasgaietan. "Trisomia 21 daukaten haur txikiek, gainerako haurrek bezala, matematika ikasten ahal dute, erabilgarritasunaren ikuspegia hartu ordez, prestakuntza-ikuspegi bat hartzen bada, eta geometriatik abiatuz gero errealitatea ulertzeko", esan du ekimen honetan sartuta dagoen Zaragozako Unibertsitateko Elena Gil Clemente irakasleak.
Bi unibertsitateetako Matematika sailetako irakasleak dira proiektu honetako partaide: NUPen aldetik, Raquel García Catalán, Inmaculada Lizasoain Iriso eta María Jesús Campión Arrastia, eta Zaragozako Unibertsitatearen aldetik, José Ignacio Cogolludo Agustín eta dagoeneko aipatu dugun Elena Gil. Roma Tre Unibertsitateko (Italia) Ana Millán Gasca irakasleak, Lehen Prestakuntzarako Matematika Laborategiko zuzendariak, ere parte hartzen du proiektu honetan.
Ekimen honen ondorioz, gai honetako adituetako batek, Elena Gil Clementek, lantegi praktiko bat emango du NUPen datorren apirilaren 14an, larunbatean. Lantegiaren izenburua Matematika eta aniztasun kognitiborako beste tresna batzuk da, eta bere helburua da baliabide didaktikoak ematea irakasleei, irakaskuntza ikuspegi inklusibotik eman dezaten. Lantegia edozein unibertsitatetako Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Graduko eta Haur Hezkuntzako Irakasletzako Graduko ikasleei zuzentzen zaie, baita hezkuntza zentroetako profesionalei ere, eta Unibertsitatea eta Ezgaitasuna Elkartearen laguntzarekin antolatu da. Interesa dutenek doan eman dezakete izena, “online”, apirilaren 12a baino lehen.
Mundua ulertu matematikaren bidez
"Matematikak ahalmen handia dauka haurrei laguntzeko beren inguruko mundua ulertzen eta pentsamendu abstraktua garatzen, baita ezgaitasun intelektuala daukaten haurrei laguntzeko ere. Matematika ikastea, haientzat, pizgarria, gozamen iturri eta jostatzeko aitzakia izan daiteke”, esan du Elena Gilek, zeinak doktoretza lortu baitzuen Zaragozako Unibertsitatean Down sindromea daukaten haurrentzako matematikaren didaktikari buruzko tesi batekin.
Zaragozako Unibertsitateak bultzatzen duen irakaskuntza-berrikuntzako proiektu honen izena hau da: "Matematikak nola ikasi ikasten: zer irakasten digute ezgaitasun intelektuala daukaten haurrek?". Proiektu honen jatorria 2015ean garatu zen beste bat izan zen, zeinean Zaragozako Unibertsitateko Irakasletza graduetako zenbait ikasle boluntario aritu baitziren Down Sindromeari buruzko Ikasketen Elkarteak antolatu zituen trisomia 21 daukaten haurrei matematika irakasteko lantegietan. “Lantegi hauetan aritu ziren ikasleek unibertsitateak ematen duenaren prestakuntza osagarria jaso zuten, horrelako ikasleekin lan egin ahal izateko”, esan du Inmaculada Lizasoainek.
Ikusizko ikaskuntza
Elena Gilek azaltzen duen bezala, trisomia 21 daukaten haurrei matematika irakasteko proposamen berritzaile hau "geometrian oinarritzen da, eta haur hauen indarguneak baliatzen ditu, esaterako ikusizko ikaskuntza eta beste batzuekin ikasteko gaitasuna". “Trisomia 21 daukaten haurrek oinarrizko sen geometriko bat partekatzen dute gainerako haurrekin, eta horrek laguntzen ahal die zenbaki kontzeptua hobeki ulertzen. Horrela, egiten diren ariketa batzuk ongi daude geometriaren oinarrizko kontzeptuak lantzeko —puntua, zuzena, segmentuak…—, zenbakiekin lotuz. Esaterako, lauki batek balio du lau zenbakia azaltzeko. Parte hartu zuten haurrek ikasteko gaitasun handia erakutsi zuten, eta beren lanaren emaitzarekin gozatu ziren", gaineratu du.
Izan ere, proiektu honetan ari diren irakasleek esaten dute trisomia 21 daukaten haurrei matematika irakasten hasteko modurik onena dela "giza zentzua daukaten lanak eginaraztea, imitazioa erabiltzea burua, gorputza eta mugimendua aintzat hartzen dituen ikaskuntza-indar gisa, eta baikorrak izatea daukaten ikaskuntza-gaitasunarekin". Gainera, aditu hauek uste dute zientzia honek zeresan handia duela haur horien prestakuntzan, pertsonak diren aldetik: "beren pentsamendu abstraktua garatzen duelako, munduari buruz daukaten ezagutza handitzen duelako, eta sakonki gozatzeko, zoriontsu izateko eta bizitza bere osotasunean bizitzeko aukera ematen dielako".
“Ondorio hauek balio dute trisomia 21 daukaten haurrentzat, baina baita ezagutzaren mundura hasierako zailtasunen batekin hurbiltzen diren gainerako pertsona guztientzat ere”, esan du Elena Gilek, amaitzeko.