Joan eduki nagusira

zoom Aída Romero de Miguel, NUPeko doktore berria.

Aída Romero de Miguel, NUPeko doktore berria.

Aída Romero de Miguel izeneko eta Vinuesan (Soria) jaiotako gizarte-langileak garapenerako nazioarteko lankidetzako proiektuak kudeatzeko tresna bat sortu du, zeinak jarduera horien arrakasta lortzeko irizpideak, komunikazioa eta esku hartzen duten pertsona guztien (eragile finantzatzailea, sustatzailea, betearazlea eta onuraduna) informaziorako sarbide librea azaltzen baititu. Horregatik, Proiektuaren Liburua izeneko tresna horrek “jarduera horien gardentasuna areagotzen du”, adierazi du ikertzaileak. Bere lana Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza tesi baten emaitza izan da, zeinak bikain “cum laude” kalifikazioa eta nazioarteko aipamena erdietsi baititu.

Aída Romeroren ikerketaren abiapuntua tradizioz esku hartze mota hori ebaluatzeko erabili izan diren metodologien gabeziak izan ziren; izan ere, “ez daukate irizpide bateraturik, eta horrek zaildu egiten du garapenerako nazioarteko lankidetzako proiektuen kudeaketa”. Bere doktoretza tesian, doktore berriak erabilera libreko proposamen bat egiten du, kudeaketa modernoaren eta diziplinaren beraren orientabideen pean eraikia. “Alde horretatik, kontuak emateko eta jarduera horietan parte hartzeko erraztasunak eman nahi dira, bereziki jardueretan zenbait eragilek elkarri eragiten diotenean, modu horretan laguntzaren kalitatea hobetu ahal izateko”, erantsi du.

Ezagutzaren transferentzia

Bere doktoretza tesian, ikergai eduki ditu garapenerako nazioarteko lankidetzako proiektuen jarraipena eta kontrola, zeinek “gaur egun indarrean jarraitzen duen ipar-hego logika hegemoniko bati jarraitzen baitiote”. Hain zuzen, proiektu mota horren jarraipena eta kontrola egiteko egungo sistema eta eragile bakoitzaren berezko eskakizunak aztertu ditu. “Tresna berriari dagokionez antzeman diren abantailen artean —adierazi du Aída Romerok—, ezagutzaren transferentzia nabarmendu behar da. Lan oso baliagarria da gizarte garapenerako, oro har, eta ez soilik garapenerako nazioarteko lankidetzarako; izan ere, gizarte erabilgarritasun hori maiz desagertzen da giza eta gizarte zientzien unibertsitate adarretatik, zeinek ‘akademizaziorako’ joera izaten baitute, hau da, behin irakurrita edo lehenbizikoz aurkeztuta balioa agortzen zaien lanak egiteko joera”.

Doktoretza tesiaren izenburua “Libro del Proyecto como herramienta de gestión para el área de cooperación internacional al desarrollo” da, eta Faustino Gimena Ramos (Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saila) eta Juan Jesús Viscarret Garro (Gizarte Laneko Saila) irakasleek zuzendu dute.

Bere doktoretzan, Aída Romerok ikerketa egonaldi bat egin zuen Kolonbian, non kasu batzuen azterketa egin baitzuen Chocó, Bogotá eta Cauca ibarra izeneko eremuetan. Bertan, aukera izan zuen bere metodologia berria zenbait erakundek kudeatutako benetako kasuetan aplikatzeko, EAN Unibertsitatearekin eta La Sabana Unibertsitatearekin lankidetzan. “Kasu bakoitzean, Proiektuaren Liburua eragileen mundu ikuskerara egokitu zen, edukiak barneratzeko eta onartzeko eta, hala, behar bezala aplika zitezen lortzeko, alor horretan maiz izaten den etnozentrismo kulturala saihesteko helburuz”, argitu du.

Curriculum laburra

Aída Romero de Miguel gizarte-langilea da, immigrazioan aditua eta Esku Hartze Sozialean eta Ongizatearen Estatuan doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Egun, gizarte zientzietako proiektuen kudeaketari, ezagutzaren deskolonizazioari eta kultura arteko hezkuntzari buruz ikertzen du. Herri antropologiaren inguruko Hazi Aroa ikerketa taldeko kidea da, eta Nafarroako Foru Erkidegoko elikadura-burujabetzari eta agroekologiari buruzko mapaketa gauzatzen du.

Aída Romerok Berrikuntzako Jaume Blasco Saria irabazi zuen 2013an, artikuluak argitaratu ditu nazioarteko zenbait aldizkaritan, eta nazioarteko kongresu batzuetan parte hartu du, baita Amazoniako komunitateko gizarte lanari buruzko unibertsitateko titulu espezifiko bat abiarazteko ikerketa-ekintza etnografiko batean ere, Kanpo Harremanetako eta Lankidetzako Ministerioko Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak finantzatuta (2015-2016). Halaber, garapenerako nazioarteko lankidetzarako zenbait proiektutan aritu da Indian, Kuban, Ekuadorren eta Mexikon.