Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nafarroako Doktoretza Eskolak (NADOE) prestakuntzarako bi jarduera eskaintzen dizkie bere ikasleei, “Ikerketa-jardueraren oinarrizko alderdiak (IJOA)” izenburupean. Jarduera horiek, alde batetik, komunikazio zientifikoa eta zabalkundea dituzte helburu, eta, bestetik, zientziaren alderdi sozialak eta etikoak. Joaquín Sevilla Moróder Unibertsitateko Jakintzaren Zabalkunderako arduradun eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleak ematen du prestakuntza, eta, 2017-18 ikasturte honetan, berrogeita hamarren bat ikasle daude matrikulatuta.
Bi irakasgaiak erdi-presentzialak dira, modu independentean egin daitezke (haietako edozein, nahi den ordenan), eta doktoretza-programa berrietako enborreko prestakuntza komun delakoaren parte dira, nahiz eta 1995-96 ikasturtean jada Unibertsitatea horiek bestelako formatu batean eskaintzen hasi zen, gaur egun ematen dituen irakasle beraren eskutik.
NADOEk 337 ikasle dauzka matrikulatuta (horietako % 53 emakumeak dira, eta % 47 gizonak), eta NUPen dauden 14 doktoretza-programak kudeatzen ditu, jakintza-alor hauetan multzokatuta: Zientziak; Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak; Ingeniaritza eta Arkitektura; Arteak eta Giza Zientziak, eta Osasun Zientziak. Halaber, doktoreak trebatzeko eta lan-munduan sartzen laguntzeko ardura dauka. Unibertsitatean irakurtzen diren tesien batezbestekoa urteko berrogeita hamar ingurukoa da, gutxi gorabehera.
Prestakuntza-jarduerak, zehatz-mehatz
“Komunikazio Zientifikoa” irakasgaiak aztergai ditu bai publiko espezializatu bati zuzendutako ezagutza-transmisioari lotutako alderdiak, bai espezialista ez diren edo arlo horretako terminologia espezifikora ohituta ez dauden pertsonei zuzendutako zabalkundea. Lehenbiziko alderdiari dagokionez, lantzen diren gaietako batzuk dira nola egituratu eta idatzi behar diren artikulu zientifikoak (“paper” direlakoak) eta bestelako dokumentuak (hitzaldiak, komunikazioak, posterrak...); zer den artikulu zientifikoen ebaluazioetan erabiltzen den kidekoen arteko berrikuspena; edo, aipatu dokumentuetan, nola integratu behar diren erreferentziak, grafikoak eta beste elementu espezifiko batzuk.
Publiko ez-espezializatuari zuzendutako komunikazioa jorratzen duen irakasgaiaren partean landu egiten da nola transmititu behar den ezagutzaren sorrerari buruzko informazioa ingurune digitaletan, hots, sare sozial espezifikoetan nahiz orokorretan. Alde horretatik, gogorarazi beharra dago NUPek duela gutxi abiarazi zuela “Zientziaren itzultzailea” bloga, eta, hain zuzen, ikasleek gauza bera egin dezaten eta horrelakoak sor ditzaten sustatu nahi da, beren lan zientifikoa zabalkunderako moduan azaltzeko. Ariketa horiek edonork kontsulta ditzake irakasgaiaren web-orrialdean.
Bestalde, “Zientzia eta Gizartea” irakasgaian, zientziaren alderdi soziala eta ekonomikoa lantzen dira, baita bere ondorio etikoak ere, eta ikertzailearen erantzukizuna, ezagutzaren bilaketa eta iruzurrak salatzeko beharra aztertzen dira. Irakasgai horretan jorratzen da, gainera, zientziak sektore ekonomiko ekoizle gisa duen dimentsioa, baita ezagutzaren kudeaketak balio ekonomiko gisa dituen elementu espezifikoak ere, zeinek jabetza intelektuala eta industriala baitakartzate berekin.