Proiektuan parte hartzen ari den Amparo Lázaro Ibarrola NUPeko irakaslea (ezk.), eta Mª Ángeles Hidalgo laguntzailea (esk.).
Amparo Lázaro Ibarrola Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Saileko irakasle eta ikertzailea proiektu batean parte hartzen ari da, atzerriko hizkuntza bat (ingelesa) ikasteko orduan ikasleen lankidetzak daukan eragina neurtzeko. Horren bidez, lankidetzak hizkuntza ikasteko ondorio positiboak dauzkala erakutsi nahi du. Ikerketaren izena hau da: “Lehen Hezkuntzako ikasleen idatzizko ekoizpena eta elkarrekintza. Lankidetzako idazketaren ahalmena ingelesa atzerriko hizkuntza gisa ikasteko”, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) María del Pilar García Mayo irakaslea du buru. Halaber, Mª Ángeles Hidalgo Gordo EHUko doktoreak ere parte hartzen du, zeinak otsailean defendatu zuen eta Lázaro Ibarrola zuzendarikide eduki zuen tesian Lehen Hezkuntzako ikasleen ingeleseko ikaskuntza aztertu baitzuen.
LIAH (Lankidetzako Idazketa Atzerriko Hizkuntzan) proiektua 2016ko abenduan abiarazi zen, eta 2020ko abenduan amaituko da. Bertan, Lehen Hezkuntzako ikasleekin (6 eta 12 urte bitartekoak) lan egiten da, eta horiek Iruñeko Cardenal Ilundáin eta San Juan de la Cadena eskola publikoetakoak (datorren ikasturtean José María de Huarte gehituko zaie) eta Gasteizko beste hiru ikastetxetakoak dira. Premia sortu da idazketak ingelesa atzerriko hizkuntza gisa ikasteko daukan ahalmena esploratzeko, eta Lehen Hezkuntzako azken ikasturteetako haurrek (11 eta 12 urte) testu bat lankidetzan ekoizteko daukaten moduari buruzko informazioa emateko. Ikerketaren emaitzen bidez, gainera, Lehen Hezkuntzako irakasleen irakaskuntza-praktiketan eragiteko asmoa dago.
Lau azterlanek osatzen dute proiektua, nahiz eta Iruñeko ikastetxeetan horietako bi gauzatzen diren: “zereginaren errepikapena” aldagaiaren eragina neurtzen duena, eta atzeraelikadura mota ezberdinek bukaerako produktu idatzian daukaten eragina neurtzen duena. Ikerketa osatzen duten beste bi azterlanak Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuan gauzatzen dira, eta hauek dira beren izenburuak: “Zereginaren modalitatearen eragina hizkuntzarekin lotutako gertakarien (HLG) ekoizpenean, izaeran eta ebazpenean eta bikote-dinamikak” eta “Diktoglosia: formaren zainketa gramatikaren bi eremutan”.
Iruñeko ikastetxeetako proiektuen xehetasunak
Lehenbiziko azpiproiektua Cardenal Ilundáin ikastetxean egiten ari da, eta neurtu egiten du zer eragin daukan zereginaren errepikapenak HLGen ekoizpenean, izaeran edo ebazpenean, eta idatzizko produktuaren konplexutasunean, zehaztasunean eta hitz-jarioan. Horren helburua da, aipatutako eraginaren ebidentzia enpirikoa lortzeaz bestalde, zereginen bi errepikapen moten artean alderik badagoen zehaztea: prozedura eduki ezberdinarekin errepikatzea, alde batetik, eta bai edukia bai prozedura errepikatzen dituena, bestetik.
Bigarren azpiproiektua San Juan de la Cadena ikastetxean gauzatzen da, eta aztergai du atzeraelikadura mota ezberdinek zer eragin daukaten lankidetzan idatzitako bukaerako produktuan. Horri esker, besteak beste, aukera dago bi atzeraelikadura edo zuzenketa mota ezberdinen eragina ebaluatzeko: birformulazioa eta ereduak. Halaber, neurtzen den beste alderdi bat ikastunek zereginaren faseetan (testuaren sorkuntza, atzeraelikadura eta berridazketa) eduki ditzaketen motibazio-aldaketak dira, eta hori ez da azpiproiektu jakin horretan bakarrik aztertuko, baizik eta azterlan osoan.
Azterlana egiteko, ikasleek testu laburrak idatzi behar izaten dituzte bikoteka, oro har istorioak kontatzen dituzten binetatan oinarrituta, eta haien arteko elkarrekintzak grabatzen dira, geroago sakonki aztertzeko.