Joan eduki nagusira

zoom Paola Damonti, NUPeko doktore berria.

Paola Damonti, NUPeko doktore berria.

Genero indarkeria larriagotu egin daiteke gizarte bazterketako testuinguruetan, bai hura jasateko probabilitateari, bai bere intentsitateari dagokionez, “Violencia de género en la pareja y exclusión social. Los efectos de la intersección entre diferentes estructuras de desigualdad” izenburua duen doktoretza tesiaren arabera. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako tesi horren egilea Paola Damonti da eta Miguel Laparra Navarro eta Patricia Amigot Leache Unibertsitateko Gizarte Laneko Saileko irakasleek zuzendu dute. Tesiak kalifikaziorik onena lortu du: bikain “cum laude”.

Ikerketa gerturatzen ahalegintzen da genero indarkeriaren eta gizarte bazterketaren arloan tradizionalki aurrez aurre dauden bi jarrerak, hots, zuzeneko lotura dutela fenomeno gisa aitortzen dituena eta edozein lotura baztertzen duena, eta horretarako teoria eta metodologia esparru berri bat proposatzen du, bien arteko loturak ezartzea ahalbidetuko duena. Xede horrekin, ikerketak hiru alderdi aztertzen ditu: genero indarkeria jasateko arriskua, jasandako indarkeria mota (fisikoa, sexuala edo psikologikoa) eta bere intentsitatea, datu kuantitatiboen bidez eta indarkeria matxistatik  bizirik  irten diren16 emakumeri egindako elkarrizketa sakonen bidez.

Indarkeria jasateko arrisku handiagoa

Indarkeria jasateko arriskuari dagokionez, ikerketak erakusten duenez, emakumeen ehunekoa pixkanaka hazten da integrazio osoaren eremutik aldentzean, halako eran non bazterketa larrian “bi aldiz eta erdi handiagoa baita integrazio osoan baino”, ondorioztatu du Damontik. Bazterketa egoera, azaldu du ikertzaileak, batzuetan indarkeriaren aurretik dago eta eragina dauka “bikotea aukeratzeko prozesuan eta horrela sortuko diren harreman dinamiketan. Beste kasu batzuetan, aldiz, lotura alderantzizkoa da, eta bazterketa egoera jasandako indarkeriaren emaitza da”, esan du. 

Indarkeria motari dagokionez, ikerketak nabarmentzen du, beste baldintza batzuekin parekotasuna dagoenean, gizarte zaurgarritasuneko egoeretan, indarkeria fisikoa jasateko arriskua 3 aldiz handiagoa dela eta sexu indarkeria jasateko probabilitatea 2,4 aldiz handiagoa dela; indarkeria psikologikoa jasateko arriskua soilik % 36 handiagoa da. Lehenengo bi indarkeria motak bazterketa sozialeko egoerekin bereziki lotuta egoteak baliteke harremana izatea biak “generoa eraikitzeko” tresnak izatearekin, esan du Damontik. “Eta maskulinotasuna eraikitzea, agertzea bereziki garrantzitsua da maskulinotasun arrakastatsua izatea ahalbidetzen duten baliabideak izateko aukera txikiagoa den testuinguruetan (esaterako, bazterketa egoera bat)”, azaldu du. Indarkeria psikologikoak, alderantziz, ez dauka lotura esturik bazterketa egoerekin, ikertzaileak azaldu duenez. Bere iritzian, horren “arrazoia izan liteke indarkeria mota hori ez dela hain agerikoa, orokorrean sexistagoak diren jarrerekin erraz nahasi daitekeela, eta horregatik askoz ere normalizatuagoa dela, eta, hortaz, beste tratu txar mota batzuk baino zeharkakoagoa”.

Indarkeriaren intentsitateari dagokionez, egindako analisi kuantitatibotik ondorioztatzen da zaurgarritasun egoeran dauden emakumeek integratutako emakumeek baino indarkeria biziagoa jasaten dutela (% 28 biziagoa); eta, populazioaren bosten bat inguru izanagatik ere (% 21,2), indarkeria biziagoa jasaten dutenen erdia dira (% 48,3).  “Bizirik iraun duten emakumeen kontakizunek berresten dituzte emaitza horiek, eta, horretaz gainera, erakusten dute bazterketa egoeretan, indarkeria integrazio egoeretan ez dela soilik biziagoa, baizik eta hasieratik dela biziagoa. Horrek guztia lotuta dago honekin: bazterketa egoeran ez dago eragilerik, indarkeria prozesuan goraldiari mugak jartzeko gai denik”, ondorioztatu du Damontik.

Egindako analisiak agerian jartzen du genero indarkeria fenomeno zeharkakoa bada ere (edozein gizarte maila, hezkuntza maila eta abarreko emakumeei eragiten die), “hura jasateko arriskua eta bere ezaugarriak ez direla egonkorrak”, azaldu du Damontik. “Baieztapen hori, bestalde –erantsi du ikertzaileak-, ez da berau gizarte-egitura patriarkalaren emaitza gisa ikusten duen kontzeptualizazioaren aurkakoa, baina egitura horri eta bere funtzionamenduari buruz dugun ikuspegia konplexuago egitera behartzen gaitu. Zehatzago esanda, gogorarazten digu  –feminismo intersekzionalak agerian jartzen duen bezala– egitura patriarkalak, indarkeriaren arrazoi nagusia izanagatik ere, ez duela hutsune sozial batean jarduten, baizik eta beste menderapen egitura batzuekin batera –hala nola klasea, baina baita integrazioa/gizarte bazterketa–, eta horiek indarkeria eragin edo areagotu dezakete, eta horrela azaltzen da taldeen arteko desberdintasunak izatea”, argitu du NUPeko doktore berriak.

Paola Damontiren curriculuma

Paola Damonti Zientzia Politikoetan lizentziaduna da Universitá degli Studi di Milanon eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Esku-hartze Soziala Gizabanakoekin, Familiekin eta Taldeekin izeneko Masterra egin du, eta han Generoko Espezializazio Diploma ere lortu zuen.   Bere ikerketa ildo nagusiak dira genero desberdintasunak eta emakumeen aurkako indarkeria, eta interes berezia jartzen du generoaren eta beste desberdintasun ardatz batzuen (gizarte bazterketa, desgaitasuna, etab.) arteko elkargunean.

Damonti Jaume I Unibertsitateko Berdintasunerako Eragilea graduondoko ikastaroko irakaslea izan da eta Generoko Espezializazio Diplomako eta erakunde bereko Gizarte Laneko graduko kanpo laguntzailea. Gizon-emakumeen arteko desberdintasunen arloan ikerketak egin ditu Nafarroako Berdintasunerako  Institutuarentzat (BNI), Iruñeko Udalarentzat, Cocemfe-rentzat, Los Arcoseko Oinarrizko Zerbitzuen Mankomunitatearentzat, Gasteizko Udalarentzat edo La Caixa Fundazioarentzat. NUPeko doktore berriak zazpi argitalpen ditu aldizkari espezializatuetan eta hamar ekarpen nazioko eta nazioarteko biltzarretan.