Joan eduki nagusira

zoom Igor Setuain Chourraut fisioterapeuta, NUPeko doktore berria.

Igor Setuain Chourraut fisioterapeuta, NUPeko doktore berria.

Saio kliniko batek frogatu du belauneko aurreko lotailu gurutzatuan ebakuntza jaso dutenek giltzadura horren atzeko aldean indar eta laxotasun handiagoa dutela ohiko errehabilitazioa egin dutenekin alderatuta, lasterragoa den errehabilitazio bati esker. Errehabilitazio lasterra, beste zenbait ezaugarriren artean, intentsitate handiagoko entrenamendu batean oinarritzen da, Igor Setuain Chourraut fisioterapeutak (Iruñea, 1985) bere doktoretza-tesian jaso duen bezala. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri du tesia.

Aurreko lotailu gurutzatua belauneko lau lotailu garrantzitsuenetako bat da, eta elementu garrantzitsu bat giltzadura horren kontrol pasiborako, tibiaren femurrarekiko aurreko desplazamendua mugatzen baitu. Aipatu lotailua lesionatzen da, hain zuzen ere, tibiak gehiegizko translazio bat jasaten duenean femurrarekiko. Belauneko lotailuen lesioen erdiak aurreko gurutzatuaren hausturak izaten dira.

Desgaitzen duen lesio bat

“Lotailuko lesio hori gehien desgaitzen duten lesioetako bat da kirol esparru amateur eta profesionalean. Belauneko lesio larri horrek zenbait auzi jartzen ditu mahai gainean. Ahalegin zientifikoak egin badira ere, auzi horiek ez dira oraindik argitu, hala nola errehabilitazio mota optimoa”, azaldu du Igor Setuainek. Bere doktoretza-tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa erdietsi du, eta Mikel Izquierdo Redín (NUPeko katedraduna) eta Jesús Alfaro Adrián (Iruñeko San Miguel Klinikako Traumatologia eta Kirurgia Ortopedikoko Zerbitzuaren burua) izan ditu zuzendari.

Hori dela eta, ikerketa horren egileak errehabilitazio lasterrean jarri zuen arreta, zeina oinarritzen baita, zenbait ezaugarriren artean, “belaunaren mobilizazio handian kirurgiaren egin berritan, eta entrenamendu neuromuskularreko eta indar entrenamenduko ohitura intentsuagoen erabileran”. Errehabilitazio mota horrek beste emaitza aski on batzuk ere ekarri ditu, kirol-praktikara lehenago itzultzeko aukeraz gainera, hala nola “ebakuntza ondoko konplikazioen tasa txikiagoa”, Setuainen arabera.

Ikertzaileak eskubaloiko bi sexuetako jokalariak aukeratu zituen bere ikerketarako. “Diziplina hori jauzi egiteko, norabidea aldatzeko edo laster egiteko ekintza leherkorretan oinarritzen den kirolaren adibide ona da —esan du—. Ondorioz, belauneko lotailuak indar mekaniko handiak egin behar ditu, eta, beraz, aurreko lotailu gurutzatua lesio ohikoenetako bat da”.

Lesio hori gertatzen denean, “berriro ez eritzeko garrantzi handikoa izaten da” defizit funtzionalak, biomekanikoak edo neuromuskularrak identifikatzea medikuaren alta jaso baino lehen. Atletaren ebaluazio funtzionaleko test deritzatenek jauzi egiteko zenbait mugimendu aztertzen dituzte, eta belauneko alterazioak detektatzen badituzte ere, haien ikerketarako beharrezkoa den sofistikazio teknologikoak (infragorri kamerak ere erabiltzen dira) ikerketa zentro eta unibertsitate espezializatuetara mugatzen du metodologia hori.

Kirolarien ebaluazio funtzionalerako muga teknikoak gainditzeko helburuarekin, Igor Setuainek ikerketa bat egin zuen eskubaloiko goi mailako 43 jokalarirekin (gizon-emakumeak). Horietatik 21ek lesioak izan zituzten aurreko lokailu gurutzatuan, eta gainerakoek ez. Horretarako, gerrialdeko bizkarrezurrean jarritako sentsore bat erabili zuen jauzian izandako errendimendua (garaiera eta distantzia) eta bere eredu biomekanikoa aztertzeko (jasandako azelerazioak).

“Aurretik lesioa izan zuten eskubaloiko emakumezko jokalariek alterazio esanguratsuak izan zituzten bi parametroetan, lehiaketako kirolari berriz ekin bazioten ere. Gizonezko jokalarien artean, ordea, ez zen desberdintasun esanguratsurik aurkitu”, esan du Igor Setuainek. Haren arabera, emakumezko atletek aurreko lotailu gurutzatuan lesioa izateko arrisku handiagoa dute arrazoi neuromuskular, anatomiko eta hormonalak direla eta.

Curriculum laburra

Igor Setuainek Fisioterapiako Diploma lortu zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta titulazio hori gradura egokitu zuen Salamancako Unibertsitatean. Doktoretza lortu baino lehen, NUPeko Osasun Zientzietako Ikerketa Masterra egin zuen.

Igor Setuain fisioterapia eta ikerketa arduraduna da Nafarroako Gobernuaren Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan (AIMZ), NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakasle aritzen da, non Biomekanika eta Mugimenduaren Fisiologiako Ikerketa Taldekoa baita, eta Mutiloako Traumatología Deportiva Navarra (TDN) enpresaren bazkide sortzailea da. Horretaz gainera, zenbait aholkularitza egin ditu eta elkarlanean aritu da lesioen prebentzioan eta errehabilitazioan zenbait enpresatan, hala nola Mutua Navarran, eta goi mailako taldeetan, hala nola Osasunan, Athleticen edo Kolonbiako Batzorde Olinpikoan.