Joan eduki nagusira

zoom Gaur NUPen inauguratu duten Praktika Juridikoko Gelaren irudia.

Gaur NUPen inauguratu duten Praktika Juridikoko Gelaren irudia.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzia Juridikoen Fakultateak Praktika Juridikoen Gela bat abian jarri du, zeina benetako epaiketa-aretoak bezala prestatuta eta hornituta baitago, aipatu fakultatean ematen diren titulazioetako (Iruñeko Abokatuen Elkargoarekin lankidetzan, Zuzenbide Graduko, Lan Harremanetako Graduko eta Abokatutzarako Sarrerako Masterreko) ikasleek etorkizuneko beren jardun profesionalera hurbilduko dituen epaiketen simulazioak egiteko aukera izan dezaten.

Iruñeko Arrosadiko campuseko Arteak eraikineko, Zientzia Juridikoen Fakultatearen egoitzako, lehen solairuan dago gela, eta gaur goizean egin den erakunde-ekitaldi batean inauguratu dute Inés Olaizola NUPeko idazkari nagusia eta Zuzenbide Penaleko katedraduna, Leticia Jericó fakultateko dekanordea eta Enrique Rubio NUPeko Zuzenbideko lehenengo katedraduna (egun ohorezko irakaslea) buru zirela. Azken honek ikasketa juridikoen eta jardun profesionalaren arteko loturari buruzko hitzaldia eman du.

Horretaz gainera, ekitaldian izan dira NUPeko Zuzenbide sailetako irakasleak eta Nafarroako komunitate juridikoko ordezkari esanguratsuenetako batzuk: José Antonio Sánchez, Nafarroako fiskalburua; Francisco Javier Isasi, NJANren Gobernu Aretoko idazkaria; Fernando Azagra, Nafarroako Abokatuen Elkargoko dekanordea; David Delgado, Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoko burua eta Alfredo Irujo, Nafarroako Kontseiluko burua.

Orain arte, Zientzia Juridikoen Fakultateko ikasleak Nafarroako Justizia jauregira joaten ziren ariketa horiek egitera. Gela horrekin, zeina Espainiako beste unibertsitate batzuetan jada baitaukate, jjardun judizialera hurbiltzen ditu NUPek bere ikasleak. Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaietarako Errektoreordetzak abian jarritako irakaskuntzarako ekipamendua hobetzeko planaren barruan dago ekimena, eta aipatu erabileraz gainera, beste zenbait jardueraren artean, ikasketen amaierako lanak edo doktoretza tesiak defendatzeko eta mintegiak eta saileko kontseiluak egiteko ere erabiliko dute gela berria.

Benetako epaiketa-areto baten simulazioa

zoom Gelaren inaugurazioa. Ezkerretik eskuinera, Enrique Rubio, Inés Olaizola eta Leticia Jericó.

Gelaren inaugurazioa. Ezkerretik eskuinera, Enrique Rubio, Inés Olaizola eta Leticia Jericó.

Aretoa benetakoak bezalakoa da, hau da, atetik begiratuta "U" alderantzikatuaren itxura duen lehendakaritza mahai bat dago barrenean, oholtza batean jarria. Han, jendearen aurrean, epailea edo epaileak jartzen dira, eta haien ezkerretara Justizia Administrazioaren legelaria. Epailearen eskuineko aldean dagoen U-ren besoan, fiskala eta akusazio partikularra edo herri akusazioa jartzen dira eta ezkerreko besoan, abokatu defentsaria. Epailearen aurrean mikrofonoa dago, non jendeari bizkarrez deklaratzen baitute akusatuak, lekukoek eta adituek. Ikasleek aukera izango dute benetako prozesu batean parte hartzen duen zeinahi rol egiteko, bai eta kidego judizialeko kideek erabiltzen dituzten togak janztekoa ere, zeinak erosi baititu fakultateak.

Horretaz gainera, gelak sistema bat dauka esku-hartzeen audioa eta bideoa grabatzen dituena. Horretarako kamera bat dauka epailearen atzean (epailearen irudia ez erregistratzeko) eta mikrofonoak toki desberdinetan, benetako aretoetan gertatzen den bezala. Teknologia hori erabiliko da, halaber, ikasketen amaierako defentsak erregistratzeko. Defentsa horietan edukien azalpena oso garrantzitsua da (bereziki Abokatutzarako Sarrerako Masterrean, non azken notaren % 70 izan baitaiteke) Horretaz gainera, aretoak telebista pantaila bat dauka epaileari begira, eta proiektagailu bat jendeari begira, prozesuan aurkeztu diren probak erakutsi ahal izateko.