Joan eduki nagusira

zoom Anteral NUPen “spin-off” gisa izenpetzeko unea. Ezkerretik eskuinera: Cristina Bayona (Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea), Iñigo Ederra (bazkide sortzailea eta NUPeko irakaslea), Gonzalo Crespo (Anteraleko kudeatzailea), Juan Carlos Iriarte (bazkide sortzailea eta NUPeko irakaslea) eta Alfonso Carlosena (errektorea).

Anteral NUPen “spin-off” gisa izenpetzeko unea. Ezkerretik eskuinera: Cristina Bayona (Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea), Iñigo Ederra (bazkide sortzailea eta NUPeko irakaslea), Gonzalo Crespo (Anteraleko kudeatzailea), Juan Carlos Iriarte (bazkide sortzailea eta NUPeko irakaslea) eta Alfonso Carlosena (errektorea).

Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak ETE berritzailearen zigilua eman dio Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) oinarri teknologikoko enpresa gisa aitortutako Anteral firmari. Enpresa horren negozioak Unibertsitateko ikerketaren emaitzak ditu sorburu, eta, horregatik, instituzio horrek “spin-off” gisa aitortu du. Konpainia hori 2010ean sortu zen, eta prestazio handiko antenak, radar sistemak eta uhin milimetrikotan eta terahertzetan neurtzeko ekipamenduak garatzen ditu. Hala, sektore kritikotan egiten du lan, hala nola espazioaren arloan, lurreko komunikazio sistemetan eta industrian.

Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak emandako zigiluak hiru urterako balio du, eta Anteral enpresak azken hiru urteetan finantzazio publikoa jasotzeagatik lortu du, bi arrazoi direla eta: Europar Batasunaren bi proiektutan (Horizonte 2020 programako batean eta I+G+b arloko 7. Esparru Programako beste batean) parte hartu duelako, eta ETE Tresnaren finantzazioa erdietsi duelako, hots, enpresa txikien eta ertainen berrikuntzarako funtsak banatzea xede duen Europako ekimen batena.

Anteral “spin-off” gisa izenpetzea

Anteral enpresa “spin-off” izendatzeko izenpetze saioan parte hartu dute, Unibertsitatearen ordezkari gisa, Alfonso Carlosena errektoreak eta Cristina Bayona Sáez Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordeak; eta, Anteralen aldetik, Gonzalo Crespo López kudeatzaileak eta bazkide sortzaileetako bik, zeinak horrez gain NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasle eta erakunde horretako Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaile baitira: Iñigo Ederra Urzainqui eta Juan Carlos Iriarte Galarregui.

Oinarri teknologikoko enpresek (OTE) edo “spin-off” motakoek, sarritan, unibertsitateetan egiten den ikerketa-lanaren ondorioz sortzen dira, eta zientziaren edo teknologiaren eremuko aurkikuntzak aplikatzen dituzte, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko. Beren garrantzia gero eta handiagoa da; izan ere, enpresa horiek Unibertsitateak bere ingurura jakintza transferitzeko egiazko motor bihurtzen ari dira, kualifikazio handiko enplegua sortzeko apustua egiten dute, industria-inguruneari balio erantsi handia ematen diote, eta gazteak lanean has daitezen errazten dute.

Abian dauden sateliteetarako antenak

Anteral enpresak NUPeko Antenen Ikerketa Taldea du sorburu, eta enpresaren oinarrizko bi lan-ildoetako bat lotuta dago, gaur egun, dagoeneko erabiltzen ari diren komunikazioko satelite geoegonkorren gainean dauden antenen garapenarekin. Horren adibide dira, alde batetik, Amazonas 3 (Hispasat - Espainia), zeinak Brasilerako eta Latinoamerika osorako funtzionatzen baitu, eta herrialde horretan egin ziren 2014ko Futboleko Munduko Txapelketako eta 2016ko Joko Olinpikoetako emankizunen telebista seinalea indartu baitzuen; eta, bestetik, Measat 3B (Mallasian East Asia Satellite - Malasia), zeinak Asiako hego-ekialdeko eta Australiako telebista eta internet plataformetarako balio baitu, baita SES-10 eta SES-12 (Société Européenne des Satellites – Luxenburgo) eta Hispasat 1F eta Amazonas 5 (Hispasat – Espainia) sateliteak ere.

Anteralek, halaber, prestazio handiko antenak garatzen ditu beste zenbait sektoretarako, hala nola erradiometroak (erradioaktibitatea neurtzeko gailuak, zeinak Estatu Batuetako, Suitzako edo Frantziako instalazioetan erabiltzen baitira), segurtasun eta defentsa, edo aplikazio zientifikoak.

Detekzio ez-inbaditzailea

Anteralen bigarren negozio ildoa uhin milimetrikotan eta terahertzetan neurtzeko ekipamenduak garatzean datza. Horri dagokionez, enpresa teknologikoak, gehienbat, radar sistema berekiak garatzen dihardu, industria inguruneetan, osasun arloan edo zerbitzu sektorean aplikatzeko. Sistema horiek gai dira distantziak eta abiadurak zehaztasunez monitorizatzeko, edo objektuak modu ez-inbaditzailean detektatzeko. Radar sistemak garatzeaz bestalde, ildo horretan neurrira egindako soluzioak ere lantzen dira, ekoizpena modu ez-inbaditzailean eta unean bertan kontrolatzeko, uhin milimetrikotan eta terahertzetan oinarritutako teknologia baliatuz.

Halaber, “spin-off” berriak “parametro kritikoak unean bertan monitorizatzeko soluzioak” eskaintzen dizkie enpresei, “erabaki eraginkorragoak hartu ahal izateko”, Gonzalo Cresporen arabera. Sentsore sareei esker, aukera dago, adibidez, makina talde baten funtzionamendua edo ingurune bateko airearen kalitatea kontrolatzeko, eta guztia puntu zentral batetik edo, interneteko hodeiaren bitartez, urrutitik ikuskatzeko.

Anteralek ikerketako, garapeneko eta berrikuntzako (I+G+b) zenbait proiektutan hartzen du parte, bakarka zein taldeka, eta finantzaketa publikoa jasotzen du (dagoeneko aipatutako Europar Batasunaren eta Nafarroako Gobernuaren aldetik, beste zenbait erakunderen artean).

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, bere estatutuen azkeneko erreforman, oinarri teknologikoko enpresa mota horietan bere parte-hartzea sustatzea erabaki zuen. 2012an, arautegi bat onetsi zuen, eta, bertan, xede zuen enpresa haien bideragarritasuna eta biziraupena sustatzea, langileen parte-hartzea arautzea, eta sortutako enpresen kapitalean Unibertsitateak parte hartzeko baldintzak eta haren instalazio eta zerbitzuetarako sarbidea arautzea. Horrekin guztiarekin, NUPek are gehiago sendotu nahi du garapen sozial eta ekonomikoaren motor gisa daukan zeregina.