

Elektronikako ikasketa amaierako lan onenak aitortzeko ISC/RSU sarietan parte hartu duten ikasleak. Ezkerretik eskuinera: Javier Chocarro Álvarez (finalista), David Lumbreras Magallón (masterreko irabazlea), Javier Beloso Legarra (graduko irabazlea), David Martínez Larrea (masterreko irabazlea), Natalia Armendáriz Eizaguirre (graduko irabazlea), Daniel Goñi Houghton (finalista), Ander Pildáin Lería (finalista) eta Imanol Iriarte Arrese (finalista).
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ingeniaritzako lau tituludun irabazle suertatu dira erakunde horretako Smart Cities Institutuak (ISC) eta RS Components britainiar enpresak antolatutako sarien lehen edizioan, zeinaren helburua baita aitortza ematea 2015/2016 eta 2016/2017 ikasturteetan hezkuntza-erakunde horretan Teknologia Elektronikoaren eremuan defendatutako gradu eta master amaierako lanik onenei. Irabazleak, “ex aequo”, hauek dira: Natalia Armendáriz Eizaguirre eta Javier Beloso Legarra, graduko kategorian, eta David Martínez Larrea eta David Lumbreras Magallón, masterreko kategorian. Modalitate bakoitzean 500 euroko saria eman da.
Lehiaketa zela-eta, ISCk antolatutako ekitaldi publiko bat egin zen. Bertan, finalistek beren posterrak ahoz aurkeztu zituzten, eta epaimahaikideek ikasketa amaierako lanak baloratu ahal izan zituzten. “Talentua sustatuz” izeneko jardunaldian kokatutako aurkezpen horretan izan ziren, besteak beste, Carlos del Río Bocio Smart Cities Institutuko zuzendaria, eta enpresa hauek, beren ordezkariekin: RS Components Iberia (Ignacio Castro Arias, kontu giltzarrien kudeaketaria), NUPeko “spin-off” den Movalsys S.L. (Marisol Gómez Fernández, fundatzaileetako bat eta Matematika Saileko irakaslea) eta BQ (Lorenzo Chavalet, Nafarroako kudeatzailea). Horiez gain, ekitaldian egon ziren Inartech - Robotika Hezitzailerako eta Teknologia Berrietarako Nafar Institutuko César Anguiano lehendakaria, eta Teknologia Elektronikoa Bultzatzeko Ingeniaritzako Ikasleen i2tec Elkarteko Ignacio Vitoria Pascual, Adrián Vicente Gómara eta Diego Bailos Aguirre zuzendaritza-batzordeko kideak, baita Javier Goicoechea Fernández eta Carlos Ruiz Zamarreño Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasle eta ISCko ikertzaileak ere.
Lau irabazleak
Graduko modalitatean, Natalia Armendáriz Eizaguirrek (Industria Teknologietako Ingeniaritza) “Optimization of a wireless electronic system based on FPGA” izeneko lana aurkeztu zuen, David Metzek eta Alain Gil del Valek (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakaslea) zuzendu dutena. Javier Beloso Legarraren kasuan (Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritza), “Diseño y test de convertidores analógico-digitales no lineales configurables usando Arduino Due” lanarekin parte hartu du, Carlos A. de la Cruz Blasek (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasle eta ISCko ikertzailea) zuzendu duena.


“Talentua sustatuz” jardunaldiaren antolatzaile eta hizlarietako batzuk. Ezkerretik eskuinera, Javier Goicoechea Fernández (NUPeko irakaslea), Carlos del Río Bocio (ISCko zuzendaria), Carlos Ruiz Zamarreño (NUPeko irakaslea), César Anguiano (Inartecheko zuzendaria), Ignacio Castro Arias (RS Components Iberiako kudeaketaria) eta Lorenzo Chavalet (BQ Navarrako kudeatzailea).
Masterreko kategorian, bi irabazleak Industria Ingeniaritza ikasitakoak dira. Hain zuzen, David Martínez Larrea “Desarrollo de un dispositivo de detección de biomarcadores en aliento humano como ayuda al diagnósitico médico” izeneko ikasketa amaierako lanarekin lehiatu da. NUPeko “spin-off” den Eversens enpresaren sortzaileetako bi izan ditu zuzendari: Francisco Javier Arregui San Martín (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko katedradun eta ISCko ikertzailea) eta Juan María Pérez Azpeitia. Bestalde, David Lumbreras Magallónek “System modelling and control loop design of a grid-tied bidirectional multipurpose three phase inverter” izeneko lana aurkeztu zuen, Thorben Schobrek eta Alain Gil del Valek zuzendutakoa.
Elektronikako gradu edo master amaierako lanik onenak saritzeko ISC/RSU lehiaketa (izen hori eman diote NUPeko institutu horren siglek eta unibertsitateekin lankidetzan aritzen denRS University multinazionalaren programak) zuzenduta egon da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko, Industria Teknologietako Ingeniaritzako eta Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritzako graduetako eta Industria Ingeniaritzako Masterreko ikasleei.
Elektronikari buruzko jardunaldia
Lehiaketarako posterren aurkezpenaz bestalde, “Talentua sustatuz” jardunaldiak aukera eman zuen elektronikarekin lotutako askotariko gaiak ezagutzera emateko, hala nola “maker” kulturaren fenomenoa eta bere bilakaera (teknologiari “Zuk zeuk egin” kontzeptua aplikatzearen bidez), hiru dimentsioko inprimaketaren bilakaera Nafarroan egindako lehen prototipotik abiatuta, edo giza mugimendua analizatzeko sistemen garapena gailu inertzialen bitartez.
Jarduera hori Smart Cities Institutuak eta mundu mailan osagai elektronikoen eta industria-mantentzearen eremuko banatzailerik handiena den RS-Components enpresak izenpetutako hitzarmenaren barnean kokatzen da. Hala, hitzarmen horrek helburu dauka ingeniaritzako ikasleen unibertsitate-esperientzia sustatzea, eta bai oinarrizko ikerketa eta ikerketa orientatua, bai berrikuntza teknologikoko ekimenak bultzatzea ere, enpresa-sarearekin elkarlanean.