

Europako proiektuko kideen hasierako bilera, NUPeko Osasun Zientzien Fakultatean egina. Nafarroako, Portugalgo, Belgikako eta IAR enpresako ikertzaileen gain, argazkian agertzen dira Enrique Armendáriz Íñigo Nazioartekotze Errektoreordetzako Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako Arloko zuzendaria (5.a ezkerretik hasita) eta Roberto Aguado Jiménez Osasun Zientzien Fakultateko dekanoa (7.a ezkerretik hasita), zeinek parte-hartzaileei ongietorria eman baitzieten.
Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) lider da, Foru Komunitateko enpresa batekin (Industrial Augmented Reality, IAR) eta beste bi unibertsitaterekin (Coimbrako Erizaintzako Goi Mailako Eskola, Portugalen, eta Bruselako Erasmus Hogeschool, Belgika) batera, errealitate handiagotuko software bat garatzeko proiektu batean, zeinak helburu baitu osasun arloko ikasleek prozedura kliniko inbaditzaileen inguruko gaitasun teknikoak bereganatu ditzatela, barneko egitura anatomikoak bistaratzearen bidez. Simulazio klinikoko ekimen horrek ia 300.000 euroko finantzaketa jaso du Europar Batasunaren eskutik.
Proiektuak “ARSim2care” - Errealitate handiagotuaren aplikazioa simulazio klinikoan du izena, eta Nafarroako osasun-profesionalei aurkeztuko zaie abenduaren 20an (asteazkena), NUPeko Osasun Zientzien Fakultatean (Barañaingo etorbidea, z.g.). Saioa doakoa izango da, eta 13:00etan hasiko da, Gradu Aretoan (1. solairua). Gainera, 11:00etatik 14:00etara bitartean, osasunaren arloan aplikatutako errealitate handiagotuari buruzko informazioa daukan stand bat bisitatu ahalko da eraikineko atarian.
Irudi errealak eta birtualak
Errealitate handiagotuak benetako munduko irudiak eta gailu teknologiko batek emandako irudi birtualak nahasten ditu errealitate misto bat sortzeko denbora errealean. Errealitate birtualak ez bezala, ez du mundu fisikoa ordezten, baizik eta informazioa gehitzen du.
“Ikasleek prozedura inbaditzaileak ikasten dituzte, hau da, orratzen, zunden eta bestelako tresnen bidez gorputza ‘inbaditzea’ eskatzen duten teknikak, organismoaren parte bat erreproduzitzen duten eredu anatomikoak baliatuz —azaldu du Leticia San Martín Rodríguez Osasun Zientzien Saileko irakasle eta proiektuko buruak—. Horretarako, barneko egitura anatomikoak imajinatzeko ahalegina egin behar izaten dute, mota horretako prozeduretan funtsezko eginkizuna baitaukate. Hala, barneko egitura horiek bistaratzeko aukerak bidea ematen du teknikak hobeki ulertu ahal izateko, eta garrantzizko balio erantsia izan daiteke ikaskuntzarako”.
Hori dela eta, proiektuan diharduten NUPeko ikertzaileek (Osasun Zientzien Sailetik, Leticia San Martín irakasleaz gain, Nely Soto Ruiz eta Paula Escalada Hernández; eta Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailetik, Tomás Ballesteros Egüés) proiektu hau diseinatu dute, errealitate handiagotuan oinarrituta. Horretarako, IAR (Industrial Augmented Reality) enpresako ingeniari hauek ere parte hartzen dute proiektuan: Ana Monreal Vidal, Miguel Ángel Llorente García, Jon Navarlaz Zudaire, Ana Larráyoz Jiménez eta Joseba Villaplana Santano. Nafarroari dagokionez, Begoña Ballaz Torres NUPeko Nazioartekotze Errektoreordetzako Nazioartekotze eta Lankidetza Ataleko buruak osatzen du taldea.
“Errealitate handiagotua, errealitatea eta irudi birtualak konbinatzeko daukan gaitasunagatik, ezin hobea da irtenbidea emateko eredu anatomikoen bidez prozedura inbaditzaileak ikasteko aurkitu den zailtasun nagusiari, hots, ikasleek ez dituztela barneko egiturak bistaratzen”, adierazi du Paula Escaladak.