

Iruñean bildutako dekanotza-taldeen familia-argazkia, Kondestablearen jauregian egindako topaketa inauguratu aurretik.
Espainiako 49 unibertsitatetako Ekonomia eta Enpresa Zientzien fakultateen ardura duten zuzendaritza-taldeetako 87 kide bildu dira egunotan Iruñean, Ekonomiako eta Enpresako Dekanoen Espainiako Konferentzian (CONFEDE). Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak antolatutako topaketa atzo (azaroak 16, osteguna) arratsaldean hasi eta gaur (hilak 17, ostirala) amaituko da. Bileran zenbait gai jorratu dira, hala nola titulazioen nazioartekotzea, gradu amaierako lanak, ikasleei graduetan trebetasun eta gaitasun osagarriak eskuratzeko aukera ematen dieten diplomak, edota graduetako aipamenak edo espezializazioak.
“Topaketa honetan —adierazi du Emilio J. Domínguez Irastorza NUPeko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoak—, unibertsitate bakoitzean egiten denari buruzko esperientziak partekatzen ditugu. Gainera, horiek baliatzen ditugu jarrerak finkatzeko ikastegi guztiei eragiten diguten auzien aurrean, unibertsitatean sartzeko ebaluazioko (BEUS) proben aurrean, esaterako, edo Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren proiektuak aztertzeko”.
Konferentzia atzo inauguratu zen, Kondestablearen jauregian, eta bertan izan ziren Alfonso Carlosena NUPeko errektorea, Ana M.ª López CONFEDEko lehendakari eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa, baita aurretik aipatutako Emilio J. Domínguez ere. Bestalde, gaurko saioak NUPeko Arrosadiko campusean egin dira.
Topaketa zortzi lan-saiotan banatu da, eta horietan zenbait gai jorratu dira: unibertsitatea egungo testuinguruan, unibertsitate ikasketetarako sarbidea, ikasleen abileziak eta gaitasunak, curriculumaren areagotzeak, gradu amaierako lanak, doktoretza, e.a.
Unibertsitate publikoen eta pribatuen konferentzia
Ekonomiako eta Enpresako Dekanoen Espainiako Konferentzia (CONFEDE) 1998an sortu zen, Albaceten, eta Ekonomiako nahiz Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradu ofizialak emateko eta horien ziurtagiriak egiteko eskumena duten fakultate eta ikastegietako zuzendariek osatzen dute, baita graduok ekonomiaren eta enpresaren eremuan dauzkaten aldaeretakoak ere (izendapenei eta espezializazio profilei dagokienez), Europako Unibertsitate Eremua (EUE) ezartzearen ondorioz sortuak. Gaur egun, Espainiako 68 unibertsitate publiko nahiz pribatutako 85 ikastegi atxiki zaizkio. Bere kideak bi aldiz biltzen dira urtean, fakultateen arteko elkarlana ahalbidetzeko, dekanotzaren eskumeneko gaiei buruzko erabakiak hartzeko eta eragiten dieten gertakarien inguruko taldeko iritzia adierazteko, besteak beste.
Bestalde, NUPeko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak, topaketaren antolatzaileak, 1.500 ikasle inguru dauzka, graduko eta masterreko guztiak kontuan hartuta. Graduko sei titulazio hauek ematen ditu: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (EAZ), Ekonomia, EAZko eta Zuzenbideko gradu bikoitza, eta EAZko, EAZko eta Zuzenbideko gradu bikoitzeko eta EAZko eta Ekonomiako gradu bikoitzeko Nazioarteko Programak. Horrez gain, hizkuntza-programak ere eskaintzen ditu, graduak egiten diren bitartean ingelesa eta frantsesa ikasteko, hain zuzen “English Learning Programme” (Ingelesa Ikasteko Programa) Ekonomiako eta EAZko graduekin, eta “Programme d’Apprentissage du Français” (Frantsesa Ikasteko Programa) EAZko graduarekin.
Hiru master ere eskaintzen dira: Enpresen Zuzendaritza; Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketa – ERP; eta Enpresen Kudeaketa, Antolaketa eta Ekonomia (unibertsitate artekoa, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoarekin eta Balear Uharteetako Unibertsitatearekin batera).