Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), gaur, azaroak 7 (asteartea), “honoris causa” doktore inbestituko du Marysa Navarro Aranguren, Estatu Batuetan bizi den iruindar historialaria. Inbestidurarako, erakunde ekitaldi bat egingo da 18:00etan, Unibertsitateko Errektoretzako eraikinean. Ekitaldiak Alfonso Carlosena errektorea edukiko du buru, eta Nafarroako zenbait agintari akademiko eta zibil ere izango dira bertan. Goizeko prentsaurrekoaren ondoren, zeinean Eloísa Ramírez Vaquero Erdi Aroko Historiako katedradun eta Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordeak eta Ángel García-Sanz Marcotegui Historia Garaikideko katedradunak parte hartu baitute, omenduak Unibertsitateko Urrezko Liburua sinatu du.

Gaur arratsaldeko erakunde ekitaldian, Ángel García-Sanz Marcotegui Historia Garaikideko katedradunak eta “honoris causa” doktore berriaren aitabitxiak irakurriko du “laudatioa”, hots, Marysa Navarro goresmen hau merezi izatera eraman duten merezimenduen zerrenda. Jarraian, Unibertsitateko errektoreak birreta ipiniko dio, eta aitabitxiak gainerako ikurrak emango dizkio: zientziaren eta jakintzaren liburua, eraztuna eta eskularru zuriak. Bestalde, omenduak hitzaldi bat emango du.

Marysa Navarroren ibilbidea

zoom Marysa Navarro nafar historialaria, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ohorezko liburua sinatzen

Marysa Navarro nafar historialaria, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ohorezko liburua sinatzen

Historiografia feministan eta Latinoamerikako emakumeen historian espezialista da, bereziki Eva Perónen historian, eta Historian doktore da Columbia Unibertsitatean (Estatu Batuak). Ipar Amerikako herrialde horretan garatu du bere bizitza akademiko osoa, non unibertsitateko irakasle aritu baitzen zenbait hamarkadatan.

Marysa Navarroren ibilbidea gutxi ezagutzen da bere jaioterrian; izan ere, nahiz eta Nafarroako hiriburuan sortu, bere bizitzaren parterik handiena Espainiatik kanpo eman du. Bere familiak erbestera joan behar izan zuen Gerra Zibilean, arrazoi politikoak zirela-eta, militante errepublikarra baitzuen aita, Vicente Navarro Ruiz (Cárcar, Nafarroa, 1887-Montevideo, Uruguai, 1964), Agoitzen eta Faltzesen aritutako maisua eta II. Errepublikan Lehen Hezkuntzako ikuskaria zena.

Haurtzaroa Frantzian eta nerabezaroa Uruguain igaro ondoren, Estatu Batuetara joan zen, beka baten bidez Columbia Unibertsitatean (New York) ikastera, eta master bat eta Historiako doktoretza egin zituen bertan. Zenbait hamarkadaz aritu zen unibertsitateko irakasle, batez ere Ingalaterra Berriko Darmouth College unibertsitatean, zeinak, 2010ean erretiroa hartu zuenean, katedradun emeritu izendatu zuen, 42 urtez irakasle aritu eta gero.

“Evita”ren biografia baten egile

Navarroren ikerketa-jarduerak ardatz eduki ditu historiografia feminista berria eta Latinoamerikako emakumeen historia, bereziki XX. mendekoena. Interes hori dela-eta, Eva Perónen bizitza ikertu zuen, eta, 1983an, haren biografia argitaratu zuen, “Evita” izenburupean. Orduz geroztik, behin baino gehiagotan berrargitaratu dute.

Marysa Navarro irakasle bisitaria izan da bost herrialdetako (Espainia, Estatu Batuak, Mexiko, Erresuma Batua eta Uruguai) zenbait unibertsitatetan, eta LASA (Latinoamerikar Ikasketen Elkartearen siglak ingelesez) elkartearen lehendakari ere bai. Horrek eraman zuen begirale gisa parte hartzera 1987an sinatutako Esquipulasko II. Bake Akordioetan, zeinetan amaiera eman baitzieten Erdialdeko Amerikako gatazka armatuei.

Bere ibilbidean jaso dituen sarien artean, aipatzekoak dira New Hampshireko Unibertsitateko (Estatu Batuak) “Emakumezko ikertzaile gailena”rena (“Distinguished Woman Scholar”), Buenos Airesko “Bisitari gailena”rena, eta “Elizabeth Howland Hand-Otis Norton Pierce Award for Outstanding Undergraduate Teaching” saria, Dartmouth Collegean emandako irakaskuntzaren bikaintasunagatik.

Ikerketa-beka ugari ere jaso ditu Marysa Navarrok. 2009an lortu zuen azken beka, erretiroa hartu baino urte bat lehenago, Harvardko Unibertsitateko David Rockefeller Latinoamerikako Ikasketetarako Zentroak emana. Erakunde horrek Navarroren egonaldia luzatu zuen, “Resident Scholar” (ikertzaile egoiliarra) tituluarekin.

Gaur egun, Estatu Batuetan bizi da, Argentinan eta Uruguain egonaldi luzeak egiten baditu ere. Azken urteotan, sarritan bidaiatzen du Espainiara, espainiar eta estatubatuar nazionalitate bikoitza daukanez gero.

“Honoris causa” doktoreen zerrenda

Marysa Navarro Aranguren NUPeko lehenbiziko emakumezko “honoris causa” doktorea da. Unibertsitateak, haren aurretik, beste hamabi pertsona ospetsu aitortu ditu, goresmen sari honen bitartez (ordena kronologikoaren arabera): Manuel Losada (landare-fisiologiaren eta biokimikaren eremuko zientzialaria), Ángel G. Jordán (Estatu Batuetako Pittsburghko Carnegie Mellon Unibertsitateko errektore ohia eta mikrotxiparen diseinuaren aitzindarietako bat), Joseph D. Novak (hezkuntzaren teoriaren eremuko eta zientziak irakasteko metodoei buruzko aditua), Enrique Sánchez-Monge y Parellada (nekazaritza-ingeniaria, landareen genetikan aditua), Rafael Moneo (arkitektoa), Pedro Miguel Etxenike (fisikaria), Richard Serra (eskultorea), Montxo Armendariz (zinemagilea), Agustín González Acilu (musikaria), Enric Trillas (adimen artifizialaren eremuko aitzindaria), Adolfo Eraso (kimikaria eta geologoa) eta Miguel de la Quadra-Salcedo (erreportaria eta kirolaria).