Inés Olaizola Nogales Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbide Penaleko katedradun eta Unibertsitateko idazkari nagusia Hauteskunde Batzorde Nagusiko batzordekide bilakatu zen atzo, azaroak 2 (osteguna). Batzorde hori Hauteskunde Administrazioaren organo gorena da, izaera iraunkorrekoa, eta Diputatuen Kongresuan dauka egoitza, Madrilen. Olaizola aditua da alderdi politikoen finantzaketan eta erregenerazioan, eta horregatik dei egin zioten berriki, aditu gisa, alderi politikoen finantzabidea aztertzeko sortutako Beheko Ganberako azpibatzorde baten aurrean agertzeko.
Hauteskunde Batzorde Nagusiaren (JEC) eginkizunek hauteskunde prozesuaren gardentasuna eta objektibotasuna zaintzeko funtzio nagusia dute ardatz. HBNa osatzen dute Auzitegi Goreneko magistratu diren zortzi batzordekidek, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak izendatuta, eta jardunean dauden Zuzenbideko edo Politika Zientzia eta Soziologiako katedradun diren bost batzordekidek, Diputatuen Kongresuan ordezkaritza daukaten alderdiek, federazioek, koalizioek edo hautesle taldeek batera proposatu ondoren ezarritakoak. Hain zuzen, Elkarrekin Ahal Dugu talde parlamentarioak proposatu zuen Inés Olaizolaren izendapena, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, gainerako kideen izendapenarekin batera.
Diputatuen Kongresuko eraikitze-bilera egin eta laurogeita hamar eguneko epea baino lehen gauzatu behar dira batzordekideen izendapenak, Errege Dekretu bidez, eta horiek beren agintaldiarekin jarraitu behar dute, Hauteskunde Batzorde Nagusiak hurrengo legegintzaldiaren hasieran kargua hartzen duen arte. Eraikitze-bileran, batzordekideek jatorri judizialekoen artean hautatzen dituzte batzordeburua eta batzordeburuordea. Bestalde, Diputatuen Kongresuko idazkari nagusia da Hauteskunde Batzorde Nagusiko idazkaria, eta Hautesle Erroldaren Bulegoko zuzendariak ere parte hartzen du HBNan, ahotsarekin baina botorik gabe.
Inés Olaizola Nogalesen CV laburra
Inés Olaizola (Gasteiz, 1966) Zuzenbidean lizentziatu zen 1989an (espezialitate juridiko-ekonomikoarekin), Deustuko Unibertsitatean, eta han bertan egin zituen Enpresen Aholkularitza Juridikoko Masterra eta Praktika Juridikoko Eskola. Friburgoko Unibertsitateko Kriminologiako eta Ekonomia Delituetako Institutuan (Alemania) doktoretza aurreko zenbait egonaldi egin ondoren, NUPen defendatu zuen bere doktoretza-tesia, 1997an. Geroago, doktoretza ondoko beste egonaldi bat egin zuen Augsburgoko Unibertsitatean (Alemania). 1999an, Zuzenbide Penaleko irakasle titularraren postua lortu zuen NUPen, eta, 2011n, espezialitate horren katedra.
Inés Olaizolak zenbait monografia eta artikulu egin ditu, zuzenbide penalaren inguruko gai ezberdinei buruz. Horrez gain, “La financiación ilegal de los partidos políticos: Un foco de corrupción” liburua argitaratu du, Tirant Lo Blanch argitaletxearen eskutik, eta bertan esaten da legez kanpoko finantzazioaren delitua tipifikatzen duen araubide penal berariazkoa behar dela, dagoeneko hainbat foro juridiko, politiko eta mediatikotan eskatzen ari den bezala.