

Biltzarraren hasiera-ekitaldiko irudia. Ezkerretik eskuinera, Ignacio Gil Nafarroako Gobernuko zuzendari nagusia, Alfonso Carlosena NUPeko errektorea eta Joaquín Aibar, Espainiako Malherbologia Elkarteko burua.
Ehun bat ikertzailek parte hartzen dute gaurtik, urriaren 25etik (asteazkena), urriaren 27ra arte (ostiralera arte) NUPen egiten ari den Espainiako Malherbologia Elkartearen XVI. Biltzarrean. Biltzarra Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Arrosadiko campuseko Sario eraikinean egiten ari da. Hasiera-ekitaldia gaur goizean izan da, eta bertan Alfonso Carlosena Unibertsitateko errektorea aritu da, baita Espainiako Malherbologia Elkarteko buru Joaquín Aibar eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapena, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusi Ignacio Gil ere. Wageningengo Unibertsitateko (Herbehereak) Lammert Bastiaans doktoreak eman du hasierako hitzaldia.
Malherbologia (belar txarrak) aztertzeaz arduratzen den bilera zientifiko hau Espainian aldian behin egiten den bilera nagusia da, eta bertan nazioarteko aditu izen handikoek hartzen dute parte. Bileran gaurko egoera aztertuko da, zeinean gai aktiboen erabilgarritasuna gero eta txikiagoa baita, eta herbizida bati edo gehiagori eusten ahal dioten belar txarren populazioa, aldiz, gorantz bilakatzen baita. Elementu hauek guztiak era bideragarrian eta arrakastaz erabiltzeko, biltzarra antolatu dutenen esanetan, beharrezkoa izaten da diziplina anitzeko lana egitea, non sartzen baitira populazioen biologia eta ekologiaren azterketa, erabilera integratua, kontrol kimikoa, sortutako erresistentziak eta eko-berrikuntza.
Hauek dira biltzarra antolatzeaz arduratzen den batzordea osatzen dutenak: Mercedes Royuela NUPeko katedraduna eta Ana Zabalza eta Javier Peralta irakasleak, denak Natura Ingurunearen Zientzien Sailekoak. Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegitura Institutua (INTIA) ere antolatzaileetakoa da, eta Irache Garnicak eta Juan Antonio Lezáunek ere parte hartzen dute. Biltzarraren programa osoa ikusteko, parte hartuko duten hizlariak barne, begiratu Unibertsitatearen webgunea.
Hitzaldien edukia
Biltzarra malherbologiaren eremu nagusiak biltzen dituzten gaien araberako lau saiotan egituratzen da. Saiootan parte-hartzaile guztientzako hitzaldiak eta komunikazioak izango dira, bai ahozkoak eta baita poster modukoak ere, eta bisita tekniko bat ere izango da, Florette Ibérica eta Alcaraván nekazaritza elikaduraren arloko enpresetako instalazioak ikusteko.
Zehatzago esateko, biltzarraren gaiaren araberako saioek gai hauek hartzen dituzte kontuan: biologia eta nekazaritza-ekologia, erabilera integratua, kontrol kimikoa, eta herbiziden aurkako erresistentzia eta malherbologia eko-berritzailea. Lehen saioan hainbat belar txarren ezaugarri biologiko eta ekologikoak aztertuko dira, eta beren bizitza-zikloari, ernetzeko patroiari eta laborantzaren garapenean daukan eraginari buruzko ikerketak zabalduko dira. Beste alde batetik, erabilera integratuak belar txarrak nola kudeatu behar diren aztertzen du, kontrol neurri mekaniko, fisiko edo kulturalekin (lantze eta labore txandaketak, ereiteko daten aukeraketa, estalketa...).
Kontrol kimikoari eta herbiziden aurkako erresistentziari dagokionez, saioetan dauden tratamenduak aztertuko dira, eta aplikatzen direnean noraino diren eraginkorrak eztabaidatuko da. Saioek eta komunikazioek herbiziden aurkako erresistentziaren alderdi guztiak hartuko dituzte kontuan, azterketa molekularretik landa-lanetaraino, baita erresistentzien kudeaketa ere. Bukatzeko, malherbologia eko-berritzaileari dagokionez, garapen iraunkorrari laguntzen dioten arlo honetako produktuak, prozesuak eta teknologia berritzaileak aztertuko dira, eta gizarteari transferitzearen kezka ere aintzat hartuko da. Doitasun-nekazaritzari eta alelopatiari buruzko ikerketak sartuko dira, baita belar txarren gaineko prestakuntza eta ezagutza transferitzeko programak ere.