Joan eduki nagusira

zoom Raquel Sáenz (ezk.) eta Inés Gabari ikerketaren egileak, NUPen.

Raquel Sáenz (ezk.) eta Inés Gabari ikerketaren egileak, NUPen.

Nafarroako 8-9 urteko 584 ikaslerekin egindako ikerketa batek dio neskatoen eta mutikoen ustez mutikoek izaten dutela eskola ezbehar gehien. Galdera egin zaien ikasleen % 76k uste du hori, bai eta elkarrekin bizi direnen arteko harremanek istiluak eta lesioak sor ditzaketela ere. Gainera, mutikoen izaerari (“zakarragoak, burugabeagoak eta biziagoak”, ikasleek diotenez) eta jokabide arriskutsuei (borrokan, lasterka edo futboleko atera igotzen ibiltzea) egozten diete ezbehar kopuru handiagoa. “Gaceta Sanitaria” Elsevier argitaletxearen aldizkarian argitaratu da ikerketa, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Inés Gabari Gambarte eta Raquel Sáenz Mendía ikertzaileak dira egileak. Ikertzaileek ikastetxeetan jarri dute arreta, gune horietan gertatzen baitira haurren istripuen % 15, baita adinean ere, etorkizuneko prebentziozko kultura baten oinarriak jar baitaitezke eskola adinean.

“Ikastetxeetan pasatzen dute denboraren zati handi bat adingabeek, eta ohiko arriskuak baino gehiago dakartzaten jarduerak egiten dituzte, zenbait jolas eta kirol adibidez”, dio Inés Gabari Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasleak.

Ikerketaren egileen esanean, 8-9 urtetan “izaten da une egokiena neska-mutikoek ikasiz abileziak, gaitasunak eta jokabideak eskura ditzaten”, eta “ikerketa epidemiologikoek frogatu dute urte horietan hazi egiten dela ezbehar kopurua”, esan du Raquel Sáenz Osasun Zientzien Saileko irakasleak.

Haurren arrazoitzeko modua

Istripu baten aurrean, haurren arrazoitzeko modua eta helduena diferenteak dira, kausak interpretatzeko garaian”. “Haurtzaroan, istripuaren kontzeptualizazioak ez dio kausa-efektuaren eskema unibokoari jarraitzen; hortaz, neska-mutikoek istripu baten emaitza, erortzea adibidez, identifika dezakete kausa gisa”, dio Inés Gabarik.

 Aitzitik, Raquel Sáenzen arabera, “aldez aurreko ideiak hain errotuta ez badituzte ere, haurrek badakite istripuak osasun arazo gisa identifikatzen, eta tartean dauden elementu anitz jartzen dituzte zalantzan. Hori dela eta, istripuen jatorria eta istripu mota prebentzio eta laguntza mekanismoekin erlazionatzen dituzte”.

Ikasleek azpimarratutako prebentzio neurrien artean, helduek jokabidea erregulatzea, laguntza orokorreko neurriez baliatzea (parekoen arteko zaintza eta laguntza), prebentzio mekanismoak biltzea (zaintza arriskuen aurrean) eta balioak barneratzea (errespetua, tolerantzia eta altruismoa) aipatu dituzte ikerketaren egileek.

Horren haritik, ikuspegi berritzaile bat proposatzen du ikerketak: haurtzaroa “osasunerako alderdi aktibo gisa eta eskola-ingurune seguruagoak eraikitzeko alderdi giltzarrien iturri proaktibo gisa hartzea”. Horregatik, eskola-umeen ekarpenak lehen urratsa dira jarrera proaktiboak garatzeko eta prebentzio programak finkatzeko. “Ikastetxeetan prebentzio hezkuntza emateak etorkizunean lan arloan prebentzio kultura izatearen oinarriak finkatzen ditu”, artikuluan adierazten denez.

Bi ikertzaileen arabera, “prebentzioko eta osasuna sustatzeko gaitasunak garatzea da gaurko hezkuntzaren erronka handienetako bat ”. Hori dela medio, osasuna sustatzeko eta haurrak osasunerako hezteko, planak bultzatzeaz gainera –zeinak curriculum ofizialaren parte baitira zeharkako arlo gisa–, eskola erizaintzaren figura ikastetxe guztietan txertatzearen alde azaldu dira ikertzaileak.