Arantzazu Larrañaga Urien nekazaritza-ingeniariak (Bergara, Gipuzkoa, 1980) frogatu egin du radar teledetekzioa edo radar sentsoreen bidezko urrutiko teledetekzioa bideragarria dela laboreak sailkatzeko, eta, abantaila nagusi moduan, hodeiek ez dutela bere behaketarako gaitasuna mugatzen eta irudiak egunez nahiz gauez har daitezkeela. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian, teknika horrekin % 80 inguruko fidagarritasuna erdietsi du, hura bakarrik erabiltzean, eta % 80tik gorakoa radar-eszenak sentsore optikoen bidez hartutako irudiekin konbinatzean.
Teledetekzioaren bitartez, objektu bati buruzko informazioa lor daiteke, harekin kontaktu fisikorik eduki gabe –sateliteei esker, esaterako–, eta, gainera, gune helezinetara eta eremu zabaletara iristen da. Nekazaritzaren esparruan, teledetekzioaren aplikazio nagusietako bat laboreen sailkapena da, estatistika-helburuetarako. 1972an baliabide naturalak ebaluatzeko lehenbiziko satelitea (Landsat-1) jaurti zutenetik, hainbat azterlan egin dira arlo horretan, sentsore optikoen bidez egindako behaketetan oinarrituta.
“Irudi optiko horiek erabiltzeko oztopo nagusia hodei-estalkia da —azaldu du Arantzazu Larrañagak—. Teknika horren aurrean, radar sentsoreak aukera interesgarria dira, hodei-estalkiak ez duelako beren behaketa-gaitasuna mugatzen, eta irudiak bai egunez eta bai gauez lor daitezkeelako. Horrez gain, radar sentsoreek espazio eta denbora bereizmen egokia daukate aplikazio mota horretarako”.
Bere doktoretza-tesian, Jesús Álvarez Mozos Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko irakasleak zuzendua eta bikain “cum laude” notarekin kalifikatua, Larrañagak zenbait teknika eta tresna garatu ditu, radar teledetekzioko behaketak erabiliz laboreak sailkatzeko, eta teknika horien bidez eskuratutako emaitzak alderatu ditu sentsore optikoetan oinarritutako prozedura klasikoen bitartez lortutakoekin.
Azterlana, Nafarroako Erdialdean
Larrañagak Nafarroako Erdialdean burutu zuen bere ikerketa; bertan, nekazaritza-lurzoruak lehorreko belarkien laborantzetara bideratzen dira, batez ere. Sentsore optikoetatik nahiz radar sentsoreetatik lortutako irudi multzoak erabili zituen, baita bestelako informazio lagungarria ere, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) adierazpenetako eta ikuskapenetako datuak barne. Azken horiek baliagarriak izan zitzaizkion sailkatze-algoritmoa doitzeko eta emaitzen fidagarritasuna egiaztatzeko. Radar irudien banda guztiak prozesatu ondoren –irudiek banda bat eta lau banda bitartean eduki ditzakete, informazio kanal ezberdinei erantzunez–, grafikoki eta zenbakiz aztertu ziren.
“Irudiok 2007, 2009 eta 2010eko maiatz, ekain eta uztailean hartu ziren, eta lortutako emaitzek frogatu egiten dute, laboreak identifikatzeko orduan, irudiak urteko sasoi ezberdinetan hartzea garrantzitsuagoa dela irudi bakoitzaren banda kopurua baino. Laboreak sasoi ezberdinetan garatzen direlako gertatzen da hori, eta, zereal batzuen kasuan, ia-ia ez dira bereizten, ezpada beren garapenaren denborazko aldearengatik” adierazi du ikertzaileak.
Arantzazu Larrañagak espero du bere lanak “radar sentsoreen teknika susta dezala teknikari eta erabiltzaile potentzialen artean, balio handiko aplikazio eragileak garatzeko aukera emango baitu”. “Are gehiago, Europar Batasunaren Copernicus programaren egungo testuinguruan, Sentinel-1A eta Sentinel-1B sateliteen radar argazkiak libreki banatzen baititu, aplikazio mota horretarako ezaugarri oso onekin”, gehitu du, bukatzeko.
Curriculum laburra
NUPen Nekazaritza Ingeniaritzan titulua atera ondoren (2004), Arantzazu Larrañagak zenbait ikerketa-taldetan egin zuen lan, erakunde horretako Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailean. Geroago, Bigarren Hezkuntzako irakasle aritu zen Fontellasko Argia Ikastolan (Nafarroa), 2006tik 2008ra bitartean, eta, urte horretan, Tracasako Lurralde Informazioko Sistemen Saileko teknikari lanetan hasi zen. Enpresa publiko horren barruan, zenbait I+G+b eta produkzio proiektutan parte hartu du. 2013az geroztik, Europako proiektu bateko partaide da (GMES – Emergency Mapping Validation Service), eta kartografia mota ezberdinak balioztatzen ditu.
Bere ikertzaile lanari dagokionez, NUPeko doktore berriak zenbait artikulu argitaratu ditu eragin handiko zientzia aldizkarietan, nazio mailan nahiz nazioartean, eta bi esparru horietako (bertako eta nazioarteko) biltzarretan ere parte hartu du.