NUPen 30. urteurrena ospatzen duen “En abierto/Zabalik” erakusketaren kartela, Iruñeko Kondestable jauregian bisitatzen ahal dena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak emango dio hasiera astelehen honetan, urriaren 2an, eratu zeneko 30. urteurrena Nafarroako gizarte guztiarekin ospatzeko prestatu dituen ehun ekitaldi baino gehiagoko egitarauari. Egitaraua Iruñean eta Tuteran garatuko da, eta Caixa Bank, Rural Kutxa eta Laboral Kutxa entitateek babesten dute. Jarduera egitarau honen hasiera 9:30ean izango da, Iruñeko Kondestable jauregian, eta bertan pertsona hauek egongo dira: Alfonso Carlosena Unibertsitateko errektorea, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Ainhoa Aznárez Parlamentuko lehendakaria, eta Joseba Asiron Iruñeko alkatea. Beren hitzaldiak eta gero, urteurrena ospatzeko antolatu den erakusketa bisitatuko dute, “En abierto / Zabalik” izena duena. Kondestable jauregian dago, eta datorren astean bisitatzen ahalko da, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era. Sarrera doakoa da.
"En abierto/Zabalik” erakusketak, proposamen kronologiko batetik harago, nabarmendu nahi du NUPeko ikerketaren emaitzak herritarren eguneroko bizitzan daudela, sarri herritarrak horren jakitun izan gabe. Rural Kutxak babestu du erakusketa, eta hiru esparru nagusitan (etxea, hiria eta ingurunea) eta unibertsitateko zenbait egituratan antolatuta dago, hala nola Liburutegian, Ikasgelategian, Sailetan eta Errektoretzan. Baliabide digital eta interaktiboak ere baditu, Unibertsitateko Zientziaren Museoko elementuak eta Leoncio Urabayen Guindo (1888, Erroz-1968, Iruñea) geografo nafarraren argazki bildumako zati bat. Geografoaren artxibo profesionala erakundeari utzi zion Miguel Urabayen Cascante semeak.
Ospakizun ekitaldietako astea ostiralean amaituko da, urriaren 6an, eta egun horretara arte Iruñean eta Tuteran ehun bat jarduera ludiko eta dibulgazioko izango dira, bost gai-multzotan bilduta, bat asteko egun bakoitzeko. Hauek dira gaiak: Historia, ondarea, kultura eta komunikazioa (astelehena, urriak 2); Osasun publikoa XXI. mendean (asteartea, urriak 3); Elikatze katea (asteazkena, urriak 4); Industria 4.0. Automozioa (osteguna, urriak 5); eta Energia garbi iraunkorra (ostirala, urriak 6). Gai hauek bat datoz Nafarroako Espezializazio Adimendunaren Estrategiako zenbait arlorekin. Estrategia Europako Batasunak diseinatutako tresna bat da, eskualde baten garapen ekonomikoa bultzatzeko baliabide publiko eta pribatuak metatuz, beste lurralde batzuetatik lehiakortasunaren ikuspegitik bereizten duten sektore edo arloetan. Gai horietako bakoitzean, NUPek bere ikuspegia eskainiko du ikuspuntu desberdinetatik .
Jarduera guztiak ikusgai daude 30. urteurrenaren web-orrialdean, non aukera baitago, halaber, izena emateko izen-ematea beharrezkoa den jardueretan (gela irekiak eta saio zientifikoak). Horretaz gainera, badago kontu bat Instagram sare sozialean ikasle ohiek bere irudiak parteka ditzaten eta Twitterren #MomenticoUPNA etiketarekin bere bizipenak berri ditzaten. Gogoratu behar da, gainera, Unibertsitateak ikasleak protagonista diren oroipen-bideo bat egin duela. Bideoan esaten da unibertsitatea instalazio modernoak dituen ikastetxe bat dela, hezkuntza kalitate handikoa eta erreferentea dena Foru Erkidegoan ezagutza sortzeari dagokionez.