Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 50 ikertzaile eta espezialista bilduko ditu datorren astean Iruñean, Ondare Kultural Materiagabearen I. Nazioarteko Kongresuan. Nafarroako Gobernuak babestutako bilkura zientifikoa diziplinarteko topaketa gisa planteatu da, eta, bertan, arlo horretako hiru garapen-ildo nagusiak jorratuko dira: ondarearen zainketa (identifikazioa, dokumentazioa, inbentarioa...), bere azterketa diziplina ezberdinen bidez (hizkuntzalaritza, literatura, artea, soziologia, antropologia...), eta transmisioa (ondare hezkuntza, zabalpena eta sentsibilizazioa). Biltzarra Nafarroako Museoan egingo da, urriaren 5etik (osteguna) 6ra (ostirala), eta hitzaldiak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez emango dira.
Ondare kultural materiagabea honela definitu zen UNESCOren 2003ko Ondare Kultural Materiagabea Babesteko Batzarrean: “komunitateek, taldeek eta, kasu batzuetan, gizabanakoek beren ondare kulturalaren osagaitzat ezagutzen dituzten erabileren, irudikapenen, adierazpenen, ezagutzen eta tekniken multzoa (horiei berezkoak zaizkien baliabide, objektu, tresna eta espazio kulturalekin batera)”. Ondare kultural materiagabea, batzar horretako testuan adierazi bezala, belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, eta zenbait eremutan adierazten da: ahozko tradizio eta adierazpenetan, hizkuntza barne, ondare kultural materiagabearen garraiatzaile gisa; ikuskizun arteetan; gizarte erabileretan, erritualetan eta jai ekitaldietan; naturarekin eta unibertsoarekin lotutako ezagutzetan eta erabileretan, eta artisautza-teknika tradizionaletan.
UNESCOk ondare hori babesteko abiarazitako konpromisoak zenbait neurri hartzen ditu barne, hala nola “ondare mota hori eta bere alderdi desberdinak identifikatzea, dokumentatzea, ikertzea, zaintzea, babestea, sustatzea, balioztatzea, transmititzea (funtsean, irakaskuntza formalaren eta ez-formalaren bidez) eta suspertzea”.
Kontserbazio ekimenak
Aipatu batzarraz geroztik, gero eta interes handiagoa piztu da ondare kultural materiagabearen inguruan, komunitateen kulturak mantentzeko funtsezko faktore gisa mundu gero eta globalizatuago honetan; hainbesteraino, non aitortu egin baita zer nolako garrantzia duen kultura-aniztasunari eusteko eta beste identitateekiko eta kultura arteko elkarrizketarekiko errespetua sustatzeko. Hura zaintzeko, aztertzeko eta transmititzeko ekimenen artean, nabarmena da Ondare Kultural Materiagabea Babesteko Espainiako Gobernuaren Plan Nazionala (2011).
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ondare Ez-materialaren Katedra arduratu da kongresua antolatzeaz, eta, beste ikerketa-talde batzuekin batera, Nafarroan zeregin horiek guztiak ahalbidetzea du helburu, Artxiboan lekukotasunak eta datuak bilduz eta zainduz, horiek aztertuz, eta beraiek transmititzeko hezkuntza-materialak sortuz. Horregatik, batzorde antolatzailearen kideak Ondare Ez-materialaren Katedrako ikertzaileak dira, hain zuzen Magdalena Romera Ciria (zuzendaria), Mónica Aznárez Mauleón, Alfredo Asiáin Ansorena, Ekaitz Santazilia Salvador eta Nayim Fermín Medina del Moral. Batzorde zientifikoa osatzen dute, besteak beste, Patxi Salaberri Zaratiegi eta Patricio Hernández Pérez NUPeko katedradunek, Roldán Jimeno Aranguren eta Juan José Zubiri Lujambio irakasleek eta Susana Irigaray Soto Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuko Museo Zerbitzuen zuzendariak, baita jadanik aipatutako Alfredo Asiáinek ere.
Osoko bilkurako lau hitzaldi
Kongresuan saio paraleloak izango dira, hala nola komunikazioen aurkezpena, posterren erakusketa eta osoko bilkurako lau hitzaldi. Bertan arituko dira hizlari M.ª Pía Timón Tiemblo Espainiako Ondare Kultural Materiagabearen Institutuko Ondare Kultural Materiagabea Babesteko Plan Nazionalaren koordinatzailea, Honorio Manuel Velasco Maíllo UNEDeko Gizarte Antropologiako katedradun eta UNESCOren Ondare Kultural Materiagabea Babesteko Batzarraren mendeko organoaren aholkularitza batzordeko kidea, Eloy Martos Núñez Extremadurako Unibertsitateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikako katedradun eta Unibertsitate Irakurleen Nazioarteko Sareko (RIUL) koordinatzaile nagusia, eta Patricia Heininger-Casteret Pabeko eta Adourreko Herrialdeetako Unibertsitateko (Frantzia) Gizarte Antropologiako irakaslea.
Kongresuaren hasiera-ekitaldia urriaren 5ean izango da, 9:30ean, eta bertan izango dira Ramón Gonzalo García NUPeko Ikerketako errektoreordea eta aurretik aipatutako Magdalena Romera eta Susana Irigaray.