Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2017ko Sormen Sarietarako deialdia egin du. Sariketa horren xedea da unibertsitate komunitateko jarduera artistiko eta kulturala hainbat eremu artistiko eta kulturaletan sustatzea eta hedatzea. Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak sustatzen du lehiaketa, eta sei modalitate biltzen ditu: poesia eta narratiba (gaztelaniaz eta euskaraz), argazkigintza eta Campus Music. Lanak aurkezteko epea urriaren 27an, ostirala, bukatuko da.

Sormen Sarietan, unibertsitateko komunitateko kideek parte har dezakete: 2017an, titulazio ofizialetan, titulu berekietan, Esperientziaren Gelan eta Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian matrikulatuta dauden ikasleek, administrazio eta zerbitzuetako langileek eta adiskide eta ikasle ohien A3U programako kideek. Azken bost urteetako deialdiren batean sarituak izan direnak ezin dira lehiatu sarituak izan diren modalitateetan.

Bi sari emateko aukera dago, lehenengoa eta bigarrena, 500 € eta 300 €-koak, modalitate bakoitzerako, Campus Music modalitaterako izan ezik; modalitate horretan, 1.500 €, 1.000 € eta 500 €-koak izango baitira sariak. Saria eman gabe uzteko aukera ere badago.

Sariketako modalitateak

Oinarrietan ezarrita dagoenez, poesia lehiaketan parte hartzen dutenek argitaratu gabeko lan jatorrizkoak aurkeztu behar dituzte, hiru poesia, bakoitza gutxienez hamalau bertsokoa, eta gehienez berrogeita hamarrekoa. Narratiba lehiaketan, lanek jatorrizkoak izan behar dute, eta gehienez ere lau orrikoak.

Argazki lehiaketaren gaia librea da. Irudiak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izango dira, kolorez edo, bestela, zuri-beltzez eta, gehienez ere, 30 x 40 cm-ko neurrikoak. Lehiakide bakoitzak hiru argazki aurkezteko aukera du, gehienez.

Azkenik, Campus Music sailean, solistek eta taldeek dute parte hartzeko aukera (aurkezpena egiteko unean, gutxienez kideetako batek unibertsitate komunitateko kide izan behar du), eta emanaldia jendearentzako ekitaldi irekian egingo da, azaroan edo abenduan, Ikasgelategiko kafetegian (edo antzeko toki batean, zehazteke dago). Talde bakoitzaren emanaldia gutxienez ere 15 minutukoa eta gehienez ere 30 minutukoa izango da. Parte-hartzaile kopuruaren arabera, epaimahaiak beretzat gordetzen du lehiaketa aldian parte hartuko duten lehiakideen aldez aurreko hautaketa egiteko eskubidea, aurkezten dituzten grabazio edo maketetan oinarrituta. Talde irabazleak kontzertua eman beharko du 2016-2017 ikasturtean, Unibertsitateak erabakiko dituen egun-ordu eta tokian.

Sormen Sarietarako oinarriak Unibertsitateko webgunean daude kontsultatzeko. Lanak Unibertsitateko erregistro orokorretan aurkeztu behar dira, Iruñeko edo Tuterako campusean, Kultura Jardueren Atalera zuzenduta, urriaren 27ko (ostirala) 14:30ak baino lehen.