• ES
  • EU


Oinarriak


Sormen Sariak 2017

“Sormen sariak 2017” deialdiaren oinarri orokorrak (925/2017 Ebazpena, ekainaren 1ekoa)


DEIALDIAREN XEDEA

1.1.- Deialdi honen xedea da honako modalitate hauetakoren batean 2017ko Sormen sariak emateko prozedura arautzea, publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera:

Poesia lehiaketa gaztelaniaz
Poesia lehiaketa euskaraz
Narrazio lehiaketa gaztelaniaz
Narrazio lehiaketa euskaraz
Argazki lehiaketa
Campus Music lehiaketa


1.2.- Deialdi honen xedea den sari-modalitate bakoitzak II. eranskinean dauden oinarri orokorretako eta oinarri berariazkoetako eskakizunak beteko ditu, oinarri horiek ezartzen baitituzte modalitate bakoitzeko eskakizun berariazkoak.

PARTE-HARTZAILEAK

"Sormen Sariak 2017" deialdian parte har dezakete Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitateko komunitateko kideek, hau da, 2017. urtean titulazio ofizialetan matrikulatutako ikasleek, Irakasle eta Ikertzaileek eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileek, bai eta Adiskide eta Ikasle Ohientzako A3U Programako kideek, Hizkuntzen Goi-mailako Ikastegiko ikasleek, Unibertsitateak eskainitako titulu berekietako ikasleek eta Esperientziaren Gelako ikasleek.

Lehiakideek deialdi honen xedea diren sari-modalitate guztietan parte har dezakete, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Sormen Sarien azken bost urteetako deialdietan (2012-2016) sarituak izan diren lehiakideek salbu, ezin izango baitute parte hartu sarituak izan ziren modalitate(et)an.


EPEA

Lehiakideek Iruñeko eta Tuterako campusetako erregistro orokorretako batean aurkeztu behar dute lehiaketa honetan parte hartzeko dokumentazioa, jendearentzako orduetan, astelehenetik ostiralera, eta Kultura eta Kirol Bulegora zuzenduta, 2017ko urriaren 27ra arte, ostirala, eta egun horretan 14:30 baino lehen.

Lehiakideen dokumentazioak parte hartzen duten modalitate(eta)ko eskakizun guztiak bete behar ditu. 

Datuak eman ez badira, edo zehatz eman ez badira, bai eta dokumentazioa garaiz eta behar bezala aurkeztu ez bada ere, deialdi honetan aukeratutako modalitatetik baztertuko da parte-hartzailea, beharrezkoa bada.

EPAIMAHAIA

Epaimahai bat osatuko da deialdi honetan dauden modalitate bakoitzeko sariak erabakitzeko. Gutxienez hiru kidek osatuko dute epaimahai bakoitza, eta zilegi da kideetako bat bi edo balioespen-epaimahai gehiagotako kidea izatea.

Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordeak izendatuko ditu epaimahaikideak. 

Epaimahaiek aurkeztutako lanak edo behar den modalitatean egindako probak balioetsiko dituzte, eta balioespen horren arabera, sariak banatzeko proposamena igorriko diote Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordeari.

Proposamen honekin bat etorriz, Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordeak ebazpen bat onetsiko du, modalitate bakoitzeko saridunen behin-behineko zerrenda duena. Saritutakoen behin-behineko zerrenda Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrian jarriko da (http://www.unavarra.es/cultura/premios-a-la-creatividad/bases) eta Kultura eta Kirol Bulegoko iragarki-oholean.

Saridunen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpenaren aurka zilegi da interesdunen erreklamazioa, ebazpena web-orrialdean jarri eta hurrengo 5 egun baliodunetan, Iruñeko eta Tuterako campusetako erregistro orokorretan, jendearentzako orduetan, astelehenetik ostiralera, eta Unibertsitate Zabalpeneko eta Gizarte Erantzukizuneko Ataleko buruari zuzenduta.

Erreklamazioak ikusi eta gero, edo erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta gero, Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordeak ebazpen bat onetsiko du, modalitate bakoitzean emandako sarien behin betiko zerrendarekin, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean jarriko da (http://www.unavarra.es/cultura/premios-a-la-creatividad/bases) eta Kultura eta Kirol Bulegoko iragarki-oholean.


SARIAK

Bi sari emateko aukera dago, lehenengoa eta bigarrena, 500 € eta 300 €-koak, modalitate bakoitzerako, Campus Music modalitaterako izan ezik, modalitate horretan 1.500 €, 1.000 € eta 300 €-koak izango baitira sariak. Saria eman gabe uzteko aukera ere badago.

Saria eman gabe uzten bada, gehienez ere bi aipamen (akzesit) emateko aukera dago, eta aipamenen zenbatekoa osotara ez da sariaren zenbatekoa baino handiagoa izango. Lehiakide batek ezingo du aipamen bat baino gehiago lortu modalitate bakoitzeko.

Sari horiek lan errendimendua dira, eta atxikipen ehunekoa lortuko da Zergaren Erregelamenduaren 71. artikuluan ezarritako taula eta jarraibideei jarraituz.

SARI-BANAKETA

Sariak emateko jendaurreko ekitaldi bat egingo da zehazten den datan, sariak emateko behin betiko ebazpena argitaratzen den data baino geroago.  Saritutako lehiakideak berak edo, etortzerik ez badute, haien ordezkariak joan behar dira sariak banatzeko ekitaldira. Saritutako lehiakidea edo bere ordezkaria sariak banatzeko ekitaldira joaten ez bada, dagokion saria eman gabe utzi dela aldarrikatuko da automatikoki behar diren ondorio ekonomikoekin.

LANAK JASOTZEA

Saritu gabeko obrak eta lanak, eta, hala dagokionean, dokumentazioa euskarri magnetikoan emateko erabilitako gailu birgrabagarriak 2018ko urtarrilaren 15etik 19ra arte, 9:00etatik 14:00etara itzuliko dira Kultura eta Kirol Bulegoan. Epe horretan jasotzen ez direnak suntsitu egingo dira. 

KONFIDENTZIALTASUNA

Parte-hartzaileen datuak fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Sarien deialdi honetara aurkeztutako dokumentazioa eta lanak erregistratzea da fitxategi horren helburu bakarra.

ESKUBIDEAK LAGATZEA

Deialdi honen babesean saritutako obrak edo lanak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jabetzakoak izango dira. Horrek esan nahi du sarituek saritutako obra edo lan hauek edozein formatutan argitaratu, zabaldu edo ustiatzeko eskubidea edo beste edozein eskubide lagatzen dutela, eta ez dutela eskubiderik arrazoi horregatik lansaria, ordainsaria edo konpentsazio ekonomikoa jasotzeko.

Saritua izateak egile-eskubideak lagatzea dakar, egileen eskubide moralak galarazi gabe.

Saritutako parte-hartzaileek deialdi honen xedea diren oinarriak betetzen ez badituzte, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi da saria kentzea. Hala gertatzen denean, doakionak sariagatik hartutako dirua itzuli beharko du.

Unibertsitateak beretzat gordeko du aurkeztutako lanak bere web-orrialdean argitaratzeko eskubidea.

OINARRIAK ONARTZEA

Lehiaketan parte hartzeak berarekin dakar oinarriak ezagutu eta onartzea. Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetza izango da oinarri hauek aplikatzetik sor daitezkeen zalantzak argitzeko organo eskuduna, eta bere erabakia apelaezina izango da. 

Oinarri hauek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren hedabide elektronikoetan, Iruñeko Campuseko Kultura eta Kirol Bulegoko iragarki-oholetan eta Tuterako Campusean jarriko dira.

 ERREKURTSOAK

Deialdi honen eta deialdi honetako oinarrien aurka, eta deialdi honen ondorioz sariak behin betikoz emateari buruzko ebazpenaren aurka zilegi da aukerako berraztertze-errekurtsoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako Auzitegietan, bi hilabeteko epean; epeok idazki hau jendaurrean jarri, edo behar den jakinarazpena egiten den egunaren hurrengotik aurrera kontatuko dira.

II. ERANSKINA

 


MATRÍCULA CURSOS CULTURALES 2017-2018
    

Eskura ezazu Kultura aldizkaria
Inscríbete a nuestro boletín cultural (enlace a página web)

Unidad de Cultura y Deportes
Edificio Secuoya
Arrosadiko campusa
31006 Iruñea
Tel. 948 16 90 97 | 16 89 72 | 16 84 78
Fax. 948 16 96 50
Posta elektronikoaren bidezko kontaktua