XVIII. mendeko Sebastián de Albero konpositore erronkariarra izan liteke pianorako musikaren Espainiako lehen konpositorea, ordura arte klaberako idatzi zen musika piano-idazketaraino bilakarazi baitzuen. Hau da Carlos Andrés Sánchez Baranguá piano-jotzaileak (Iruñea, 1974), Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defenditu duen tesiaren ondorioetako bat. Psikologia eta Pedagogia Saileko Marcos Andrés Vierge irakaslea izan da tesiaren zuzendaria. Tesiak bikain "cum laude" kalifikazioa lortu du. Egileak hitzaldi bat emango du irailaren 23an Nafarroako organo musikari buruz, Erronkari Ibarreko batzar aretoan.
Ikerketaren izenburua hauxe da: "Sebastián Ramón de Albero y Añanos (1722-1756): bizitza eta obra. Erronkariar bat XVIII. mendeko lehen erdiko Espainiako teklarako musikaren gailurrean". Ikerketak bi zutabe ditu: alde batetik, orain arte musikari nafarrari buruz aurkitu den dokumentazio guztia biltzea, orain arteko datu guztiak kontrastatzeko, XVIII. mende hasierako testuinguru sozial, politiko eta kulturala kontuan hartuz; eta beste alde batetik, Alberoren biografiari eta haren iturri musikalei buruzko datu ezezagunak ematea, bide batez haren musikaren estilo eta hizkuntzaren ezaugarri batzuk aztertuz.
Horrela, ikerketari esker jakin ahal izan da, lehen aldiz, musikari nafarraren arbasoak nondik datozen, alberotarren leinuaren hasieratik, Huescan (XII. mendea), azkenean Olieten (Teruel) bizitzen jarri zen adarreraino. Datu berriak lortu dira musikari nafarraren gurasoei buruz, Juan Antonio Albero eta Francisca Añanos, baita haren anai-arrebei eta Anso, Erronkari eta Uxuen bizi ziren aldiei buruz ere. Lehen aldia da, halaber, konpositore nafarrari buruzko ikerketa batek genealogia oso bat ezarri duena, baita ezkontza, bataio, heriotza eta gainerako gertaera garrantzizkoen datak finkatu dituena ere.
Scarlattirekin eduki zuen adiskidetasuna eta bere musikaren ezaugarriak
Dokumentazioko datuek baieztatzen dute, gainera, Sebastián de Albero nafar konpositoreak, orain arte uste zena baino paper garrantzizkoagoa jokatu zuela Fernando VI. erregearen (1713-1759) eta Bárbara de Braganza erreginaren (1711-1758) Gortean. Han Erret Kaperako organo-jotzaile nagusia izan zen 1746tik 1756ra. Datuok indarra ematen diote Domenico Scarlatti (1685-1757) konpositorearen adiskidea zelako hipotesiari, zeina, bere aldetik, erreginaren maisua baitzen hura Portugalgo Juan V. erregearen Gortean infanta zenetik.
Aipatu den bezala, lehen aldiz, musikari erronkariarrari buruzko ikerketa batean kasuan, haren iturri musikalen azterketa sistematiko bat egin da, jatorriari, eskaintzei, antzekotasun kaligrafikoei edo haien baitan dauden obrei jaramon eginez. Halaber, egileak iturri batzuetan errepikatzen diren obrak alderatu ditu, aldaketak, zuzenketak eta gehikuntzak atzemateko; hipotesiak egin ditu ezbaian zeuden egiletzei buruz, Alberori egotzitako obren gaineko eztabaidak amaitu ditu, eta lan egin izan du gaur egun gordetzen den nafar musikariaren eskuizkribu (ez autografoa) modernoenaren gainean.
Horretaz gainera, Carlos Andrés Sánchezek Sebastián de Alberoren obren katalogoa osatu du, lehen aldiz, eta bertan sartu ditu orain arte aurkitu diren eskuizkribu guztiak, haien konposizioekin, baita konposizioak aurkitzeko iturriak eta eskuragarri dauden edizioak zein diren ere. Beste alde batetik, galdutako eskuizkribu bat bilatzen aritu da, baita egon litezkeen Alberoren beste obra batzuk ere; ezagutzen diren azken aurkikuntzak sartu ditu, eta orain arte dauden datuen sintesia eta kontrastea garatu ditu. Ikerketa honekin, beste ikerketa batzuk egiteko bidea irekitzeaz gain, argitara atera da konpositore erronkariarrari egozten zaion beste obra berri bat (fuga bat). Doktore berriak interpretatu zuen obra hori tesiaren defentsa amaitu eta gero. Obra horren transkripzioa lanaren parte da. Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioak laster argitaratuko du, handik baitator jatorrizko eskuizkribua.
Nafar konpositorearen musika hizkuntzari dagokionez, doktoretza tesiak agerian utzi duen bezala, haren musikak erakusten du teklaturako musikaren tradizio iberiko zaharretik datozen konposizio-prozeduretan prestakuntza handia duela, eta prestakuntza tekniko-instrumentala ere handia duela. "Baina, gainera, haren garaiko musikaren ezagutza handia erakusten du, eta orduko idazketa eta estilo modernoaren aurrean irekita dagoela, halako moldez non organo-jotzaile nafarra, lehen ere esan dugun moduan, jo bailiteke pianorako musikaren Espainiako lehen konpositoretzat", adierazi du Sánchezek.
Sebastián de Albero, doktore berriaren arabera, “teklaturako musikaren tradizio iberiko zaharraren ezagutza erakusten du, eta gainera esan daiteke haren obra —adierazkortasunaz eta kolorez betea—, orokorrean, antzinakoaren eta modernoaren arteko katebegia dela". "Espainiako eraginak bere egiten ditu, baina baita Frantziakoak eta Italiakoak ere. Teklaren idazketa estilo galant aldera bilakarazten du, sormen, ingenio, sentiberatasun eta originaltasun itzeleko nortasunarekin", esan du bukatzeko.
Curriculum laburra
Carlos Andrés Sánchez Baranguá goi mailako tituluduna da espezialitate hauetan: Pianoa, Ganbera Musika, eta Solfeoa eta Musikaren Teoria. Musika ikasketak “Sebastián de Albero” Musika Eskolan hasi zituen, Mª Jesús Iribarrenekin, eta gero jarraitu zuen orduko Pablo Sarasate Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, ikasketak kalifikaziorik handienarekin eta ohorezko aipamenarekin amaitu zituen arte (1999), Jorge Luis Silva piano-jotzailearen zuzendaritzapean. Beste bi urtez jarraitu zuen ikasten Bartzelonan Stanislav Pochekin maisuarekin. Kontrapuntu eta Fuga ikasketak egin zituen, baita ere, Martín Zalba eta Pedro de Felipe irakasleekin, hurrenez hurren.
1995ean eta 1998an Fernando Remacha Ganbera Musikako II. eta IV. Lehiaketetan bigarren eta lehen saria eskuratu zituen, hurrenez hurren; VI Torneo Internazionale di Musica (1997) delakoan parte hartzeagatik ohorezko diploma bat jaso zuen, eta NUPek 2004an antolatu zuen Piano eta Ganbera Lehiaketan bigarren saria eskuratu zuen. Master class direlakoak jaso ditu kontzertu-emaile hauengandik: Boris Berman eta Tatiana Kriukova errusiarrak eta Wolfram Rieger alemana, eta orkestra-zuzendaritzako ikastaroak egin ditu Jesús López Cobos eta Enrique García Asensio maisuekin, hurrenez hurren.
Azken 18 urteetan lan egin izan du Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioko errepertorioko piano-jotzaile eta Ganbera Musikako irakasle, eta Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionalean. Miravalles-El Redín Ikastetxeko Laus in Voce Abesbatzako piano-jotzaile, ikertzaile, irakasle eta musika zuzendaria izan da. Gaur egun Sevillako Cristóbal de Morales Kontserbatorio Profesionaleko piano irakaslea da, oposizio baten bidez lortu duen lanpostua. Irakaskuntza lana abeslari lirikoekin eta ganbera taldeekin egiten dituen emanaldiekin tartekatzen du.
2016an Errukia Erroma Proiektua sortu eta koordinatu zuen, eta gainera musika zuzendaritza ere egin zuen. Proiektu honi esker Nafarroako hainbat ikastetxetako bostehun bat ahotsek Frantzisko aita santua zoriondu zuten laurogei urte bete zituenean, Iruñeko katedralean kantatuz. Zorionak emateko bideo hori YouTuben ikusten ahal da. 132.000 bisita baino gehiago eduki ditu eta mundu osoko 130 herrialdetan baino gehiagotan ikusi da.