Joan eduki nagusira

zoom Nafarroako Ondare Materiagabearen Katedrak sustatutako liburuaren azala.

Nafarroako Ondare Materiagabearen Katedrak sustatutako liburuaren azala.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ondaren Materiagabearen Katedrak liburu elektroniko bat argitaratu du, ahozko literatura gaztelaniaz eta euskaraz landu ahal izateko Lehen Hezkuntzako lehen bi urteetan (6 urtetik 8 urtera bitarteko haurrak). Argitalpenak “Propuestas para trabajar la literatura oral en la Educación Primaria/Ahozko literatura Lehen Hezkuntzan lantzeko proposamenak” du izena, eta Nekane Oroz Breton, Paula Kasares Corrales eta Itziar Aragüés Cemboráin irakasleek egin zuten, 2014-2015 ikasturtean Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Sailean egon zirenean eta aipatu katedrako ikertzaile zirenean. Ilustrazioak, berriz, Marta Burugorri marrazkilariak egin ditu.

Lana zenbait narrazio eta poesia lanen egokitzapen didaktiko bat da: ipuinak, hitz parrastak, aho korapiloak, igarkizunak, zozketak egiteko edo zotz egiteko esapideak, NUPeko Nafarroako Ondare Materiagabearen Artxiboan jada bilduta zeudenak, baina orain irakasleek ikasgelan erabil ditzaten prestatu direnak.

XX. mendeko nafar gizarte tradizionalaren oroimena berreskuratu, bildu, digitalizatu eta zabaltzeko, eta Nafarroako eta Nafarroa Behereko kultura materiagabearen ikerketa sustatzeko Ondare Materiagabearen Katedra (Magdalena Romera Ciria irakasleak zuzentzen du) egiten ari den lanetako bat da liburua. Liburua finantzatzeko, Nafarroako Gobernuaren, “la Caixa”ren Gizarte Ekintzaren (zeinarekin Katedrak jada izenpetuta baitzeukan finantzaketa hitzarmen bat) eta Nafarroa Kutxa Fundazioaren laguntza izan dute.

Edukien azalpena

Lanak bi bide ditu: bata, gaztelaniaz; eta bestea, euskaraz. Hasteko, kultura ondare materiagabearen aurkezpena egin eta testuinguruan jartzen du, eta, jarraian, haur folklorea, bere corpusa, ezaugarriak eta eginkizunak definitu eta azaltzen ditu. Gero, Lehen Hezkuntzako curriculumaren barruan ondarea tratatzeko moduan sakontzen du, narrazio eta poesia lanen proposamen didaktikoei bide emateko. Horietako bakoitzean, fitxa tekniko, entzunaldi, transkripzio ilustratu eta proposamen didaktikorako sarbidea dago.

Orain aztergai den planteamendu didaktikoaren berezitasuna da, egileen arabera, “gure ahozko tradizioan oinarritutako proposamen ireki eta elebidun bat egiten duela haur eleaniztunentzat”. “Proposamen didaktikoak zenbait helburu eta gaitasunekin egiten dira, eta ikasgelan erabiltzeko aukera zabala eskaintzen dute. Jarduerak ez daude itxita: proposamen irekiak dira, eta irakasleak ordena aldatu eta esku har dezake, finean, proposamena bere ikasleen ezaugarri espezifikoetara egokitzen du”, zehaztu dute.

Nafarroako Ondare Materiagabearen Katedra

Nafarroako Ondare Materiagabearen Katedra 2014an sortu zen, eta horrela aitortzen da 2006an hasitako lana Nafarroako eta Nafarroa Behereko kultura ondare materiagabearen dokumentazio eta kudeaketa zentro bat sortzeko. UNESCOk Kultura Ondare Materiagabea Babesteko Hitzarmenean (2003) emandako gomendioetan laguntzea zen asmoa: kultura ondare materiagabea identifikatzea eta dokumentatzea, zaintzea eta kontserbatzea, sustatzea eta zabaltzea, eta azkenik babestea eta biziberritzea.

Katedraren xede nagusietako bat da Nafarroako eta Nafarroa Behereko kultura ondare materiagabearen ikerketa sustatzea, metodologia eta teknologia egokiak erabiliz, bai ondarea aztertzeko, bai ondarearen transmisioa bermatuko duten aplikazio didaktikoak diseinatzeko.